Euskaraz ikasi BERRIArekin

Erreportaje, albiste edo elkarrizketa bati buruzko galderei erantzun, eta asteburu bat landa turismoko etxe batean igarotzeko aukera izango dute euskaltegietako ikasleek.

Adrian Garcia.
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Irakurtzeko zaletasuna izatea lagungarria izan daiteke hizkuntzak ikasteko. Eskoletan ikasitakoa barneratu eta hiztegia osatzeko, zaletasun egokia da, orain arte arrotza egindako hizkuntza hurbilago sentitzeko aukera ematen duena. Komunikabideak euskaraz irakurtzeak hizkuntza lantzeko aukera asko ematen ditu. Batetik, gaurkotasuna eskaintzen du, hizkuntzaren trataeraren aldetik batez ere. Bestetik, irakurmenean eta ulermenean sakontzeaz gain, egitura lantzen ere laguntzen du.

Albisteak euskaraz irakurtzea onuragarria izan daitekeela jakitun, euskaltegiek eta BERRIAk elkarlanean egitasmo berritzaile bat abiarazi dute. Larunbatetan egunkarian argitaratutako erreportaje, albiste edo elkarrizketa bati buruzko galderak kaleratuko dira hurrengo larunbatean. Euskaltegietako ikasleek galderei ahal bezain egokien erantzun, eta postaz bidali beharko dituzte BERRIAra, ondoko helbidera: Martin Ugalde kultur parkea z/g, 20140 Andoain (Gipuzkoa).

Egitasmoan parte hartzen duten euskara ikasleek, euren hizkuntz gaitasunak hobetzearekin batera, egindako ahaleginaren saria ere jaso dezakete. Izan ere, erantzunak bidalitako ikasle guztien artean zozketa egingo dute astero, eta Olazabal Azpikoa nekazaritza turismoko etxean (Atxondo, Bizkaia) bi lagunentzako asteburua irabazi ahal izango dute sarituek. Hilaren bukaeran, hileko lau sarituen izen-abizenak argitaratuko dira.

Urrats, Urumea, Ilazki, Maizpide, Gabriel Aresti, Udaberria eta Bilbo Zaharra euskaltegiek, AEK-k, IKAk, Udal Euskaltegiek eta hizkuntza eskola ofizialek lagundu dute egitasmoan. Hala ere, Euskal Herri osoko euskaltegietako ikasleek parte hartzeko da egitasmoa, eta, beraz, ariketak egiteko aukeratuko dituzten artikuluetako gaiak zazpi probintzietako ikasleentzat aproposak izan daitezen arduratu dira. Joan den larunbatean emakumeen aurkako indarkeriari buruz ateratako artikuluaren gaineko galderak izango dira larunbat honetan. «Haur lapurtuen inguruko artikuluaren gaineko galderak egitea pentsatu genuen hasiera batean», azaldu du Isabel Isazelaiak, egitasmoko didaktikariak, «baina, Ipar Euskal Herrian gai horrek oihartzun handirik izan ez duenez, gai orokorragoak hobetsi ditugu».

Irakurtzeko ohitura sustatu eta, bide batez, munduan gertatzen dena euskararen ikuspuntutik irakurtzeko gonbita eman nahi dute egitasmoaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.