Abestuko al dugu txokolatearen abestia?», Larraitz Gonzalez Urtxintxa Taldeko begiraleak. Galderari algaraka eta oihuka erantzun zioten, atzo, Bretxa merkataritza guneko umeentzako txokoan bildutako haurrek. Berehala hasi ziren kantuan, eta elkarri eskua joz txaloka. Ondo baino hobeto zekiten kantua: «Txoko-txoko-la-la... txoko-txoko-te-te...txokola-la, txoko-te, txokolate», abestu zuten denek. Gonzalezek altuago egingo zuten galdetuta, denek baietz. Txokolatearena bezala, beste hamaika kantu abestu zituzten, atzo, Donostiako Udalak antolatutako Parketarrak egitasmoaren lehen saioan parte hartu zuten umeek. Euskara parke eta jolasguneetara jalgi dadin jarri dute martxan hirugarrenez Parketarrak egitasmoa.
Zuloaga Plazan zen egitekoa lehen saioa, baina euriagatik Bretxara aldatu behar izan zuten. Parte hartzen aurrenak 3-5 urte arteko umeak izan ziren; ondoren, berriz, 6-9 urte artekoak. Txikienen kasuan, jolasak helduekin egiteko zeuden bideratuta, 6 eta 9 urte artekoak, berriz, lagunekin jolasteko. Kantuan eta dantzan daude oinarrituta jokogehienak, baina badira bestelakoak ere. Denek dute ezaugarri bat: euskaraz izatea.
Dozenaka neska-mutiko bertaratu zen atzoko saiora, eta gurasoak eta aitona-amonak ere jarri zituzten dantzan eta kantuan. Izan ziren, dena den, lotsagatik edo, umeek egiten zutena eserita ikusi zutenak ere. Horietako bat zen Iñaki Bengoa. Begi onez ikusten du proiektua. «Nahiz eta Parte Zaharreko umeen artean euskara dezente entzuten den, garrantzitsua da auzoetan halako egitasmoak antolatzea». Eskolatik kanpo euskara erabiltzeko aukera gutxi duten umeak izan zituen gogoan batez ere. «Horiei begira, oso egitasmo interesgarria da, modua ematen baitzaie astialdian euskaraz egiteko».
Bengoa ez bezala, umeekin dantzan eta kantuan jardun zuen Nerea Txapartegik, Donostiako Udaleko Euskara arduradunak. Ez zuen Parketarrak egitasmoaren lehen saiora huts egin nahi izan. Duela bi urte Martutenen proba gisa hasitako egitasmoa izaten ari den arrakasta nabarmendu zuen. «Aurten beste hiru auzo gehiagotara zabalduko dugu, eta egonkortu egin nahi dugu». Parte Zaharrean ez ezik, Altzan, Bidebietan, Intxaurrondon, Martutenen, Loiolako Erriberan, Amara Berrin eta Añorgan ere egingo dute. Urte osoko egitasmoa izango da. «Hiru txanda egingo dira: martxoan, maiatza-ekainean eta urri-azaroan. Txanda bakoitzak lau saio izango ditu, astero bat».
Txapartegik hala azaldu zuen helburua. «Haurrentzako gauzak ikasteko modu naturalena jolasa da, eta hori aprobetxatu nahi dugu haien artean euskararen erabilera sustatzeko. Etxean edo eskolan ez ezik, jolasean ere erabil dezaten nahi dugu. Euskaraz jolasteko tresnak eman nahi dizkiegu». Helduekin alderatuz, Donostiako umeen artean ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea ez da horren handia.
Aukera ematen bazaie, ordea, normalean umeek euskarara jotzen dutela azaldu zuen Larraitz Gonzalez begiraleak. «Naturalki egiten dute, eta emaitzak berehala ikusten dira».
Euskaraz jolas eta solas
Umeek parkean edo jolasgunean euskara erabil dezaten, Parketarrak egitasmoa jarri du abian Donostiako Udalak. Parte Zaharrean hasi, eta zortzi auzotan egingo dira saioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu