Aitor Zuberogoitia, Txema Egaña eta Eneko Bidegain (Baiona, 1975) irakasleek sinatutako komunikazio proiektu bat bidali zuten ICA elkartera, BERRIAren eta Goiena taldearen ingurukoa. Epaimahaiak ontzat jo zuen, eta Bidegain ikerketaren inguruko hitzaldia ematen izan da Fukuokan. Japoniatik itzuli berritan erantzun ditu galderak.
BERRIAren eta Goienaren ereduez hitz egin duzu aste honetan Fukuokan. Ereduen zein alde nabarmendu dituzu?
Batetik, Euskal Herria bera eta euskararen egoera kokatu nituen, eta, testuinguru horretan, euskal prentsarena. Aipatu nuen BERRIA sortu zela diru-bilketa kanpaina handi batekin, eta nola24.000 akziodun dauden. Beste enpresetan ez bezala, BERRIAko akziodunek ez dute urteko irabazien zati bat espero. Goienaren kasuan, kooperatiba bat dela nabarmendu nuen, eta, langileez gain, Debagoiena eskualdeko erakundeak eta udalak kooperatibako bazkide direla.
ICAko konferentziako zure hitzaldiak ikusmina piztu zuen? Zertaz galdetu zizuten?
Batetik, jakin-mina sortzen zuen euskara hizkuntza gutxitua izanik ea komunikabideen krisiak nola jo duen euskarazko prentsa. Erantzun nuen krisiak jo duela, baina komunikabide handiak gogorrago jo dituela txikiak baino. Euskarazko komunikabideen bi ahulgune aipatu nituen: prentsa ordaintzeko gero eta ohitura txikiagoa dagoela, eta euskarazko komunikabideen sektorea oso atomizatuta dagoela. Komunikabide asko daude euskaraz, baina txikiak eta, gehienetan, ikusezinak. Beste galdera bat izan zen erakunde publikoen diru laguntzen ingurukoa. Hizkuntza politika aipatu nuen, eta euskara sustatzeko laguntzen dela euskal prentsa. Ulergarritzat jo zuten.
Ikerlarien hitzaldien artean, zeinek harritu zintuen gehien?
Askotariko gaiak izan dira hitzaldietan. Ikerketa bat narrazio moduen eta belaunaldi ezberdinek prentsa irakurtzeko duten moduaren ingurukoa zen. Irakurle gazteek narrazio berriekiko jarrera irekiagoa dute. Baina irakurtzeko joera ezartzerakoan, izan piramide iraulia edo izan narrazio berria, horrek ez du gaztea irakurtzera ekartzen. Kezka hori askotan agertzen da. Beste adibide bat irratiarekin lotutakoa zen.
Zein adibide zehazki?
Gaur egun, irratia entzuteko gailu oso egokia sakelako telefonoa izan daiteke. Baina Interneteko konexioak bere muga du erabiltzailearentzat [datuena]. Noizbait pentsatu beharko da modu tekniko edo komertzial bat, irratia Internet bidez entzuteko aukerak ez ditzan hainbeste datu gastatu. Horren inguruko gogoetak baziren.
Zer garrantzia du euskarazko komunikabideen ereduak nazioartean zabaltzeak?
Ikerlari modura, garrantzitsua da horrelako foroetara joatea. ICAren konferentzia oso-oso garrantzitsua da. Euskal Herriaz eta euskarazko hedabideez horrelako tokietan hitz egitea inportantea da. Izan ere, hain ikusezinak eta ezezagunak gara, horrelako leku batera iritsita ikusgarrixeago bilakatzen gara. Ez da pentsatu behar horrek gero sekulako eragina duenik. Baina nazioarteko beste edozein ikerketagairen parekoa izan daiteke euskarazko komunikabideei buruz ikertzea. Haien prestigioa handitzen da horrelakoetan egonda.
Bidali zenuten ikerketako ardatz nagusietakoa BERRIAren eta Goienaren balio soziala zen. Ondorioztatu duzue aberastasuna sortzen dutela euskarazko komunikabideek.
Alde kualitatiboak sortzen du interesik handiena, ekonomia gaiek baino gehiago. Eta aberastasuna sortzen dute, bai: jarduera ekonomikoak sortzen duena, berez, gizarteari diru bat itzultzen dio. Eta zeharka edo zuzenean, adibidez kultur gertakarien berri emateak eragin positiboa du kultur sektorean. Euskarazko komunikabideak aberastasun sortzaile dira gure herriarentzat. Espero dugu ikerketarekin ikustea euskarazko komunikabideak laguntzea ez dela herritarren dirua leihotik botatzea. Diru hori gizarteak berreskuratzen du, eta gehiago.
Eneko Bidegain. Mondragon Unibertsitateko irakaslea
«Euskarazko hedabideen prestigioa handitzen da horrelakoetan egonda»
BERRIA eta Goiena taldeak nola sortu ziren eta nolako enpresak diren azaldu du aste honetan Bidegainek ICA Nazioarteko Komunikazio Elkarteko konferentzian, Japoniako Fukuoka hirian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu