Euskarazko telebista bultzatzeko aholku batzordea jarri dute abian

Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak Administrazio Kontseiluan aurkeztu du ekimena

Rosa Diez Urrestarazu, ETB1eko eduki zuzendaria. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2010eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Kultura, zientzia eta ikus-entzunezko esparruan adituak diren hainbat lagunek euskarazko telebista bultzatzeko aholku batzordea osatuko dute datorren urtarrilean. Batzorde horren helburu nagusia ETB1 kateari bultzada ematea izango da. Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak Administrazio Kontseiluko bileran aurkeztu du ekimena. Eta kontseiluko kideek ontzat eman dute.

Rosa Diez Urrestarazu ETB1eko eduki zuzendariarekin batera lan egingo du batzorde horrek. EITBko iturrien arabera, «euskal ikus-entzuleen asmoetatik hurbilago egotea» izango da lan taldearen asmoa, eta «baita ikus-entzunezko edukiak modernizatzea ere».

EITBko informazioaren arabera, ekimenaren helburua da «gure herriaren errealitate soziolinguistikoaren diagnostikoa egitea, errealitate hori ondo ezagutzen duten adituen laguntzaz, ikerketa kuantitatibo eta kualitatiboetatik aparte, gisa horietako ikerketak egingo badira ere».

Hego Euskal Herriko zein Ipar Euskal Herriko lagunek parte hartuko dute Kontseilugunean. Hamabost lagun inguru bilduko dira urtarrileko bigarren hamabostaldian. Horien artean ez da politikaririk egongo; bai, ordea, unibertsitate munduko kideren bat.

Talde irekia izango da, aholkuak emateko. Horretaz gain, «ETB1i bultzada emateko benetan lagungarriak diren lagunen iritzia kontuan hartuko du». EITBko iturrien arabera, «kirol ikuskizunek ez ezik, publiko guztientzako kultur eta entretenimendu saioek osatuko duten telebista indartu nahi da».

Joseba Arrutik zuzendutako talde batek ETB1en inguruko txosten bat landu zuen, eta batzordea lan horren jarraipenaren parte izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.