Ikus-entzunezkoak

Euspotek iragarkirik onena bozkatzeko epea zabaldu du

'Nekazaritzatik bizi nahi dugu' da aurtengo leloa, eta 87 bideo iragarki jaso dituzte.

'Hiritik landara'. Aurkezturiko bideotako bat.
Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 14a
12:06
Entzun

Euskarazko iragarki laburren lehiaketa da Euspot, Mondragon Unibertsitateak, Aretxabaletako Udalak eta Arteman Komunikazioa elkarteak antolatutakoa. Urtero gai bat aukeratzen dute, eta horren inguruan bideo lan bat sortzeko eskatzen diete gazteei. Aurtengorako, nekazaritzaren aldeko aldarria hautatu dute. Dagoeneko zabaldu dute lanak ikusteko aukera, eta iragarkirik onena aukeratzeko bozketa, Euspot.eus gunean.

Nekazaritzatik bizi nahi dugu da aurtengo leloa. Antolatzaileek esan dutenez, iaz baino 36 iragarki gehiago jaso dituzte aurten, 87 denera. Datorren astelehenera arte egongo da bozkatzeko aukera. Sei sari banatuko dituzte, eta 2.800 euro banatuko dituzte saridunen artean.

Azaldu dutenez, aurkeztutakoen artean 52 iragarki 18 urtetik gorakoek egin dituzte, eta beste 35ak, 18 urtetik beherakoek.

Aurten, aukera eman dute iragarkia edozein formatutan aurkezteko: horizontalean zein bertikalean. Sortzaile gazteagoak erakartzeko egin dute hori.

Nekazaritzaren alde

Familia nekazaritzaren aldeko aldarria egin nahi izan dute. Iragarkiek helburu zehatza izan behar zuten: gazteak bultzatzea familiako baserri lanei eustera. «Spot baten bitartez, herritarrak kontzientziatu nahi ditugu bertako familia nekazaritzak ingurumen eta gizartearen jasangarritasunari ematen dion guztiari balioa emateko eta lehen sektorea indartzeko», idatzi dute antolatzaileek.

Iragarkirik onenari 1.000 euroko saria emango diote. Ikusleen boto gehien jasoko duen spot-aren egileei, 500 euroko saria.
Musika sinkronizazio onenaren saria 300 eurokoa izango da; 14-18 urte arteko sortzaileek sari berezia edukiko dute, 250 eurokoa. Horrez gain, Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarkirik onenak 500 euro jasoko ditu, eta Arizmendiko ikasleen onenak, 250.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.