Eustarrien babesari beha

Euskal Herriko txokoak. Donibane Lohizune.

Aitor Renteria.
Donibane Lohizune
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Luis XIV.a plaza, herriko plaza nagusia. Alde batera Herriko Etxea, eta bertzean armadore aberatsek eraikitako etxe aberatsak. Turistentzako amu. Gibelean portua, garaian herritarren eta eskualdeko biztanleen ogibide nagusia. Itsaso zabalari ateak jartzen dizkioten eustarriek babesten dute herria eta portua. Parean Ziburu, kaskaroten, kortsarioen eta itsas lapurren gordagi. Plaza nagusian turisten zango akituak pausatzeko terrazak, ospe handiko ostatuen aitzinaldean. Ostatuen izenek islatzen dute handitasun horren oihartzuna, Le Suisse, Madrid. Bertan, lasaitasun handiz ikus daitezke azken mendeetan armadoreek eraikitako etxe liluragarriak. Jabetza,aberastasuna, boterea erakusteko egin zituzten etxeak. Gaur egun ere, horietako batzuk museo bihurtu badituzte ere, garaiko boterearen aztarna biziak suma daitezke.

Gertakarien labirintoan murgiltzeko asmoa balu bezala, Herriko Etxeak ate eta leihorik gabeko tren gurpildunean garraiatzen ditu turistak karrika gurenen tartean; Portuan ere ukanen dute garai bateko kortsarioen abenturak hausnartzeko parada, hori bai, turistentzako itsasontzien bizkarrean. Donostiaraino edo itsas zabaleraino. Bueltatzea baita turismoaren magia eta sosaren indarra. Haien menpe daude etxebizitzetako harrabotsak. Izan ere, Donibane Lohizunek erakusten duen bezainbat gordetzen du, eta nekez pentsatuko du turistak ikusten dituen bi etxeetarik bat urteko hilabete gehienetan hutsik daudela, bigarren egoitzak direla. Herritarrek ongi dakite arazo horren berri. Pairatzen dute, gazte eta familia xumeenek bereziki. Hiri barneko auzotegietatik at ohiltzen dituzte etxebizitzen prezioek eta eskaintza urriak.

Aldian aldi, manifestazioetako banderola eta ikurrinek kolore gehiago emanen diote herriari. Michelle Alliot Marie Frantziako Atzerri ministroa bertako auzapeza izana da. Baina haren etxea portuaren bertze aldean dago, Ziburun. Arrantzaleek balearen ufadak zaintzen zituzten bezala, eguneroko biziari so.

Begiak laketzen dira Donibane Lohizunen, eta usaimenak kresalaren testigantza sarkorra sentitzen du. Kresalak laztu zituen garaiko arrantzaleen kopeta eta besoak. Globalizazioak, arrantzaren industrializazioa eta arrainen eskasteak portuaren gainbehera eragin du. Gero eta arrantzale gutxiago daude, eta ohiko arrantzari atxikiak daudenek kooperatiba gisan antolatu behar izan dute. Bertze batzuek plastikoaren arrantzara atera behar dute, Itsas Belarra ontziak bezala. Arrantzaleen bihotzak histen ditu horrek, baina turistek ez lukete onartuko irudi idilikoa urratzea, horretarako errepide nagusia kanpaleku bihurtzen badute ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.