Exotikotik asko duten melodiak

Gero eta instrumentu gehiago entzun daitezke Euskal Herrian. Sekula ikusi gabeko aniztasuna dago. Ohikoak ez diren tresna horietako batzuk jotzen dituzte Iban Nikolaik, Felipe Ugartek eta Izaskun Cangak: didjeridua, bellsa eta ukelelea, hurrenez hurren.

Hainbat musika tresna jo ondoren, bellsarekin ari da azkenaldian Felipe Ugarte musikaria. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zabaltzen ari da euskal musika izendapena. Pandero eta esku soinuaren doinuetatik euskal rock erradikalera, indie eszena garaikidenetik pasata, bada mugitzen ari den zerbait. Eta horrekin batera, instrumentu berriak azaltzen ari dira fokupean zein kale bazterretan. Hiru tresna ezohiko jotzen dituzten musikariak dira Oiartzungo (Gipuzkoa) Iban Nikolai didjeridu jotzailea, Urnietako (Gipuzkoa) Felipe Ugarte bells jotzailea eta Bilboko Izaskun Canga ukelele jotzailea. Euskal Herrian ezagun egin dituzte musika tresna horiek.

IBAN NIKOLAI

Didjeridu jotzailea

«Naturara bidaltzen gaitu. Amalurrarekiko harremana handitzen du»

Termitak dira didjeriduak ekoizten dituzten artisauak: eukalipto egurra zulatu, eta geratzen den tutu huts hori da musika tresna. «Munduko haizezko instrumentu zaharrena da», ziurtatu du Iban Nikolai didjeridu jotzaileak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1977). Eta datuek arrazoia eman diote: 40.000 urte inguru ditu. Australiako aborigenen kulturaren parte da. Horregatik egin izan diote askotan galdera Nikolairi: «Zer egiten du euskaldun batek didjeridua jotzen?». Harritu egiten da jendea. Baina azalpen sinplea dauka haren zaletasunak: opari bat izan zen. Ia kasualitatez ezagutu zuen tresna, eta jada bost didjeridu disko kaleratu ditu; arrebak eta lagun batek eman zioten haren urtebetetze egunean. 1997an izan zen hori, Londresen. Aurretik ere aditua zuen haren doinua, Jamiroquiai taldearen piezetan, eta begiz jota zeukan. «Soinu sakona da, sarkorra, tuna baten antzekoa, baina tonalitate oso grabeekin. Inguratu egiten zaitu. Naturara bidaltzen gaitu. Amalurrarekiko harremana handitzen du». Ordudanik, bizitzaren ardatzetako bat bihurtu zaio.

Metro pasa daukan hodi luzea da australiar jatorriko asmakizuna, eta tonalitate bakarrean dago. Horra berezitasuna: pieza bakoitzak bere tonu propioa du. Beraz, tonu bat baino gehiago landu nahi izanez gero, instrumentu asko behar dira. «Nik 30-40 inguru dauzkat», dio barrez musikariak. Egun, ordea, badaude didjeridu teleskopikoak ere, luzatu daitezkeenak tonu asko egin ahal izateko. Beraz, ugaritu egiten dira aukerak. Horietakoak ere badauzka Nikolaik. Eta ez zaizkio alferrikakoak: kontzertuak eskaintzea eta klaseak ematea du ogibidea.

Dagoen tokira iristeko, aurretik bide luzea egin du, nolanahi ere. Londresen egon ostean, Europatik bidaiatzeari ekin zion, eta, didjeridu jaialdi garrantzitsuak ezagututa, Australiara joan zen, aborigenekin. «Aborigenek diote naturaren soinu guztiak elkartuko balira didjeriduaren soinua aterako litzatekeela. Haiek imitatu egiten dituzte, txorienak, gainerako animalienak...». Asko ikasi zuen oiartzuarrak Australian. «Jatorrizko lekura joatea oso aberasgarria da». Hark europarren eran jotzen zuen ordura arte, baina han teknika klasikoa ere ikasi zuen.

Eta Euskal Herrira bueltan, arrakasta: Zea Mays, Oreka Tx, Xabi San Sebastian... makina bat musikarirekin grabatu ditu kolaborazioak. Horrez gain, kalea izan du agertoki, jendeari didjeridua ezagutzera emateko taulaaproposa. «Batzuk, ikusi, eta harritu egiten dira. Normalean erakarri egiten du, soinu berezia du. Denetarik dago».

Italia, Frantzia, Herbehereak, Nikaragua, Espainia... Ia hemezortzi urteko lanaren ostean, hamaika txokotan aritu da, eta jo eta ke segitzen du. Baina badu kezka bat: «Jendea beti dago gauza berarekin, rock-and-rollarekin...». Hori dela eta, musikaren aniztasuna aldarrikatu du: «Gizartea kontzientziatzea falta da». Hark, bitartean, Ataunen jarraituko du, nahi duen orori egurrezko gailuaren soinuen zirrikitu guztiak erakusten. Tartean behin, oholtza gainean ikusteko aukera ere egongo da. Hurrengo zita: maiatzaren 13an, Donostian.

FELIPE UGARTE

Bells jotzailea

«Instrumentu berria da, instrumentu tradizional batzuen fusioa»

Ugarte anaietako bat izateagatik da ezaguna Felipe (Urnieta, Gipuzkoa, 1976), txalaparta soinean munduan barrena ibiltzeagatik. Haatik, oholak eta makilak alboratu, eta metalezko doinuak sortzen ibili da azken urteotan. Altzairuz egindako bells musika tresna ezagutu du. «Instrumentu berri bat da, instrumentu tradizional batzuen fusioa. Hiru ideien nahasketa da: Trinidad y Tobagoko steel drums-a, Indiako gatama eta Txinako gongaren elkarketa». Eta zer dute komunean hiru gailu horiek? Perkusioa egitea ahalbidetzen duten euskarriak direla. Bellsa ere bide beretik doa. Orain bost urte sortu zuen euskaldun batek. Metalezko biribil bat da, eta mailatuak dauzka nota ezberdinak interpretatzeko. Eskala pentatonikoa egin daiteke, eta normalean zazpi eta bederatzi nota dauzka. «Nik zortzi notakoa jotzen dut. Baina, tira, bost bells ditut...», esan du.

Txikitan hasi zen musikaren itsasoan, esku soinuarekin, Urnietako musika eskolan. Ordutik, urteak igaro dira. Hamasei zituela sartu zitzaion txalapartaren harra, eta giltzarria izan zen, horren bueltan egituratu baitu bizitza azken urteotan. «Batetik bestera ibili naiz anaiarekin munduan zehar bidaiatzen. Beti saltseatzen». Eta ibili horiek gerturatu zuten bellsera. Iruñean izan zen, orain urte batzuk. «Jotzen ari ginen, eta tipo batek diskoa aldatu zidan, bere disko bat eman zidan gure disko baten truke». Bellsaren antzeko instrumentu suitzar bat jotzen zuen gizon hark, eta interesa piztu zitzaion Ugarteri. «Entzun nuenean, pentsatu nuen: 'Zeinen polita! Oso instrumentu harmonikoa da'». Ondorioz, arakatzen hasi zen, ea halako soinurik bazen inguruan, eta horrela egin zuen topo txundituta daukan tresnarekin. «Hasieran, edukitzeko baino ez nuen erosi, ez nekien jo behar nuen ere». Baina jo, jo egin zuen, baita ofizio bilakatu ere.

«Kanpoan txalaparta jotzen dugunean gertatzen zaiguna gertatzen da hemen bellsarekin: jendea harritu egiten da. Hala ere, gero eta gehiago ikusten da». Aretoetan, antzokietan eta kalean eskaini ditu emanaldiak, bai hemen, bai atzerrian. Eta horretan segitzeko asmoa dauka. «Txalaparta beste musika bat da, oso gogorra. Behar nuen harmonia pixka bat». Ezbairik gabe, altzairuzko tramankulu biribilak oparitu dio faltan zeukan patxada hori.

«Edozein musikarekin jo daitekeen instrumentua da, gitarra bat bezala», ziurtatu du. Eta horixe bera probatu nahi izan du haren lanetan; hiru plazaratu ditu jada. «Lehenengoa instrumentala zen osorik, oso kontzeptuala. Bigarrena jendeak eskatu zidan, yoga egiteko, erlaxatzeko... Hirugarrena zabalagoa da». Oraindik ez du kaleratu azken lan hori, baina, dioenez, orain arteko osoena izango da, ñabardura gehien izango duena. Ozeantika deituko da, eta hainbat musikarik hartuko dute parte.

Azken lanarekin batera, «beti bezala» segituko du Ugartek: masajeak ematen, atletismo «pixka bat» egiten eta noizean behin bells ikastaro batzuk ematen. Orain, udan jarri du ikusmira: «Aurten, segur aski, Suitzara joango naiz jotzera».

IZASKUN CANGA

Ukelele jotzailea

«Ukeleleak edozein kanta alai bilakatzen du, baita tristeena ere»

Jo Ukelelea izenarekin da ezaguna Izaskun Canga (Bilbo, 1982) sare sozialetan. Jarraitzaile mordoa pilatu ditu Twitterren zein Youtuben. Zergatik? Euskal ukelelearen sustatzaile sutsuenetarikoa delako. Hawaiiko (AEB) musika tresna Euskal Herrian ezagun egin du zaletasunari esker.

Euskal kantak ukelelearekin jotzeko tutorialak behar zirela sinetsita, Youtubeko kanala sortu zuen, eta 50 bideo eskegi ditu jada. Ken Zazpiren Ilargia, Latzenen Laztana, Olentzero-ren gisako klasikoak... Kantak ezagutzeko erremintak eskaini ditu, jarraibide errazak. Eta zaleek erantzun egin diote saiakerari: Sarri Sarri kantak, esaterako, 2.000 bisitatik gora dauzka. «Jende pila bat interesatzen da. Oso jende ezberdina: kanaleko harpideen artean, %40 35 eta 24 urte arteko emakumeak dira, baina interes oso ezberdinetakoak».

Borondatez egiten du egiten duen guztia, zaletasuna baitu. «Afizioa bizio bihurtu zait», zehaztu du umoretsu. AEBetan zegoela, modan zegoen ukelelea, eta olatu horretan igo zen. Ukelele bat oparitu zioten, eta ikasteari ekin zion autodidakta gisa. «Oso musika tresna polita da, oso goxoa, oso melodikoa. Edozein kanta alai bilakatzen du, baita tristeena ere, eta oso erraza da. Umorea aldatzen du», dio indarrez betetako ahots irmoz, pozik. Aurretik ez du beste tresnarik jo, eta horregatik asebetetzen du horrenbeste ukeleleak.

Orain hiru urte hasi zenean, baina, hutsune bat sumatu zuen: ez zegoen euskarazko materialik. Hark ingelesezkoei esker ikasi du ikasitako guztia. Eta erronka bat proposatu zion bere buruari: ahal zen neurrian hori betetzea eta euskarazko euskarriak sortzea. «Pentsatu nuen: beharbada, bideoren bat igotzen badut, jendeak ere igoko ditu».

Egun, pil-pilean dago ukelelearen kultura Euskal Herrian. Mugaldekoak musika taldeak eta Mursego bakarlariak hainbat kantutan txertatu dituzte haren soinuak, eta ukelelea jotzeko hitzorduak ere ohiko bihurtu dira: Horren adibide, Marcos Feijoo ukelele jotzaileak Bilbon sortu dituen Ukedadak eta zaleek Iruñean antolatu dituzten mierKuleles. Canga oraindik ez da horietako batera ere joan, baina probatu nahiko luke. Momentuz, ikastaro bat zuzenduko du hiru egunez Bilbon, bihar bertan hasita. «Erronka handia izango da».

Musikarekin zerikusirik ez duen esparru batean lan egiten badu ere, arnasgunea zaio tresna. Ordubete inguru jotzen du egunero. «Eta asteburutan gehiago; eta abesti bat atera nahi badut, are gehiago». Gauzak horrela, orduak edota esfortzuak ez dira traba. «Satisfazio ikaragarria da, beti nahi izan dut instrumentu bat jotzen ikasi, baina ez dut aukerarik izan. Orain, hutsune hori betetzen ari naiz. Gainera, partekatu ahal izateak are gogobetetasun handiagoa ematen dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.