Aranzadi Zientzia Elkarteak aurreko astean antolatu zituen jardunaldietan buru-belarri ibili da lanean Pedro Arrillaga (Donostia, 1949). Mikologia saileko zuzendari gisa azken astean bi hitzaldi eman ditu. Perretxikoen denboraldia nola doan ikusita, kezkaturik dago, eta dauden gutxiak ondo bereizten ikasi behar dela nabarmendu du.
Intoxikatzeko arrisku handia al dute perretxiko biltzaileek?
Beti dago arriskua. Zuhurtasun faltagatik, ezjakintasunagatik, edo ohartu gabe, akatsak egin daitezke. Arau batzuk jarraitu behar dira, eta gutxiengo ezagutzaren bat izan. Jateko hiru-bost perretxiko espezie erabiltzea nahikoa da, ez da mota guztiak dastatzen saiatu behar; bestela, hanka sartzeko aukera asko izango ditugu. Espezie jangarri bakoitzak toxiko parekide bat du ia. Perretxikoak sukaldean erabiltzeko biltzen dituztenek jatekoak diren motak ezagutzen dituzte; baina ez dute arretarik jartzen txarretan. Biltzerakoan, perretxikoa osorik atera behar da, ezaugarri guztiak ikusteko eta toxiko batekin ez nahasteko.
Mota batzuk nahiko antzekoak dira, ezta?
Onddoekin, boletus-ekin, ez da arazo handirik egoten. Boletus satanas eta boletus lupinus nahiko antzekoak dira. Baina, orokorrean, ez dira nahasten: txapelaren itxura oso desberdina da, eta mamia urdindua edo purpura izaten dutenez, biltzaileek ondo identifikatzen dituzte. Arazo gehiago izaten dira ziza horiekin (cantharellus cibarius), urtero intoxikazioren bat izaten da omphalotus illudens-ekin nahastuta. Perretxiko horia da, eta haritz zaharretan edo mokondoetan agertzen da. Entoloma lividum-ek ere intoxikazioren bat eragin izan du. Pago zizaren (clitocybe nebulares) antzekoa da, itxura gustagarria du, usain ona eta zapore ona. Azkenik, arriskutsuena, gibelurdina (russula virescens) amanita phaloides-ekin nahastea da. Urtero izaten dugu intoxikazioren bat, eta garaiz hartzen bada, ez du arazo handirik eragiten. Funtsean, horiek dira antzekoak diren mota toxikoak, eta ondo ezagutu behar dira ez nahasteko. Horrekin tentuz ibiliz gero, ez da zertan akatsik eduki.
Biltzaileen arduragabekeriak eragiten ditu intoxikazioak?
Axolagabekeria baino gehiago, askotan identifikazio akatsak edo gehiegizko ausarkeria izaten da. Askotan gertatu izan da ospitalera intoxikazio batekin joan den pertsonak jan duen espeziearen aleren bat badaezpada gordea duela. Ez da arrazoizkoa ziurtasun osoa izan gabe perretxiko mota bat jatea. Espezie bat jaten ari direla uste dute, eta benetan, antzeko mota toxiko bat irensten ari dira. Aleren bat gordetzen dutenean, intoxikazioa eragin duen perretxikoa identifikatzea errazagoa izaten da, eta azkarrago ezartzen da tratamendu egokia. Beti dago akatsen bat, baina orokorrean intoxikazioak urriak dira.
Espezie toxiko asko daude? Intoxikazio larriak eragin dezakete?
Perretxiko toxiko pila bat daude, eta sor dezaketen intoxikazioa espeziearen araberakoa da. Gastroenteritisa sortzen duten 300 mota baino gehiago identifikatu dira. Baina intoxikazio mota asko daude. Aurrekoan hitzaldi bat eman nuen perretxiko toxikoen inguruan, eta azaldu zen jende kopurua ikusita, ez dirudi jendeak interes handia duenik. Nire ustez, jateko perretxikoen inguruko hitzaldiak entzun nahi dituzte.
Hasiberriei zer esango zenieke?
Zentzudunak izateko. Zalantzarik izanez gero, zakarrontzira botatzeko jan behar duen perretxikoa; poliki-poliki ikasteko aukera duela. Perretxikoa jateko onaden egiaztatzeko aukera izatendute. Aranzadin, astelehenetan, 19:00etatik 21:30era egoten gara, eta zalantzak dituen edonor etor daiteke galdetzera. Jatekoa den edo ez esango diogu.
Pedro Arrillaga. Aranzadi Zientzia Elkarteko Mikologia saileko zuzendaria
«Ez da arrazoizkoa ziur izan gabe perretxiko bat jatea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu