Ikasle zenean joan zen lehen aldiz Nerea Irastorza (Antzuola, Gipuzkoa, 1997) Mexikora, eta, ikasketak bukatuta, hara bueltatu da. «Oso ondo» moldatu da hango bizitzara, mexikarren laguntzeko prestasunari esker, hein handi batean.
Zerk eraman zintuen Mexikora?
Unibertsitateko hitzarmen batekin etorri nintzen lehen aldiz, orain dela bi urte eta erdi, Queretarora. Orain Monterreyn nago, Global Training bekari esker.
Mexiko izan al zen zure lehenengo aukera?
Txina eta Praga ere banituen aukeratzeko, baina Monterreytik jarri ziren nirekin kontaktuan lehenengo, eta baietz esan nien.
Lan egiteko aukera gehiago dago Euskal Herrian baino?
Lan aukerak agian gehiago dira, baina askoz okerrago ordainduta. Ez da batere erraza lan on bat topatzea hemen.
Hara heldutakoan, zerk harritu zintuen gehien?
Hemengo jendearen gertutasunak. Edozein arazo baldin badaukazu, ezezagun batek laguntzen dizu. Etorri nintzen lehenengo aldian, arazo bat eduki genuen aireportuan, hegaldi batzuk bertan behera utzi zituztelako. Ezezagun batek bere eskuko telefonoa utzi zigun hegaldiren batean toki bat topa genezan berak baino lehenago, hangoa zenez gaua igarotzeko tokiren bat errazago topatuko zuelako.
Nola moldatu zara bertara?
Oso ondo. Hemengo jendea beti dago prest zurekin gauzak egiteko, zu etxetik ateratzeko eta herrialdea ezagutzen laguntzeko. Orduan, oso erraz moldatu naiz, bai Monterreyn eta baita Queretaron egon nintzenean ere, jendea beti baitago laguntzeko prest hemengo bizitzara ohitu zaitezen.
Zer egin zaizu zailen?
Hemengo pentsamendu batzuk. Adibidez, Euskal Herrian oso ohituta gaude emakumea eta gizona maila berean ikustera, eta Mexikon, kasu askotan, ez da hala izaten. Komentario asko daude Euskal Herrian inork egingo ez lituzkeenak, edo, egitekotan, inguruko guztien gaitzespena jasoko luketenak. Mexikon onartzen dituzte, ordea.
Mexikoko ezaugarrietako batzuk dira distantzia eta toki handiak. Euskal Herriarekin alderatuta, ezberdintasun nabarmena da. Zer moduz daramazu hori?
Nahiko ondo, ohituta nago. Duela gutxi, hamazazpi orduko bidaia bat egin nuen autobusez, hondartzara joateko hiru egunez. Euskal Herrian horrelako irteera bat proposatu izan balidate, ezetz esango nukeen, baina Mexikon ez dut arazorik hainbeste orduko autobus bidaia bat egiteko. Hirian ere distantziak nahiko handiak dira. Nik zortea daukat, lanetik autoz bost minutura bizi naizelako, baina lagunak 20-30 minutura bizi dira.
Antzik ba al dute Euskal Herriko bizitzak eta Mexikokoak?
Esango nuke ezetz. Hemen denerako autoa behar duzu; ez dago kalean oinez ibiltzeko ohiturarik. Distantzia luzeen ondorioa izango da.
Zeren falta sumatzen duzu gehien?
Lekuetara oinez joan ahal izatea da hutsuneetako bat. Mexikoko jendeari erokeria iruditzen zaio hamar minutu oinez ibiltzea. Autoa erabiltzen dute distantzia horiek zeharkatzeko.
Koronabirusari dagokionez, zein da egoera?
Ezjakintasun handia daukagu. Oraingoz ez dago kasu asko, zenbat jende bizi den kontuan hartuta. Baina ez dakigu benetan zenbat kutsatu dauden, asegururik ez dutenak ez direlako medikuarenera joaten, baliabiderik eduki ezean zaila delako. Beraz, ez dakigu kasuak dioten baino gehiago diren; nik baietz uste dut.
Oraindik kalera atera zaitezkete?
Bai, oraindik bai. Ni, adibidez, etxetik ari naiz lanean, baina nire lankide askok lanpostura joaten jarraitzen dute. Monterreyn, taberna, diskoteka, merkataritza gune eta denda asko ixten ari dira, baina tokiko arau bat da. Eskatu dute etxetik ahalik eta gutxien irteteko, baina bakoitzaren esku utzi dute erabakia. Estatu mailan, oraindik ez dute neurririk hartu. Presidenteak dio lasai egoteko, Ama Birjinak lagunduko gaituela.