Andoni Tolosa 'Morau'. Musikaria

«Ez dago euskal kantagintza originalik; originaltasuna euskaraz kantatzean datza»

Gitarra, ahotsa, irudiak zein grabazio zaharrak erabiliko ditu Morau sortzaileak, gaur Donostian, 1960ko euskal kantu berria euskarazko gaurko musikarekin lotzen duen haria agerian uzten saiatzeko.

NAGORE LOZANO.
Edu Lartzanguren.
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Andoni Tolosa (Donostia, 1963) Morau ezizenarekin da ezaguna musikagintza munduan. Euskal kantagintza berria hitzaldi musikatua emango du gaur, 18:30ean, San Telmo museoan, AEK-k antolatutako Iriki Atia egitarauan.

Ez Dok Hamairutik Negu Gorriak taldera doan hari gorria nola dagoen josita erakutsi asmo duzu?

Kantagintza berria mundu mailan 1960ko hamarkadan gertaturiko musika mugimendua da. Argentinako artista batzuek sortu zuten, Mercedes Sosa tartean, Nuevo Cancionero izenarekin. Sekulako eragina izan zuen, batez ere Hego Amerikan eta Europa latinoan. Euskal Herrira bi bidetatik iritsi zen: Kataluniako nova cançó mugimendutik, eta Hego Amerikako hainbat kantariren bidetik, horretan Atahualpa Yupanqui adibide nagusia.

Ingeles mintzo diren herrialdeetan ere bazegoen halakorik, Pete Seeger, esaterako.

Folk berritzaileak eta kantagintza berriak ideia bera zuten oinarrian: gure herri musika hartu behar dugu eta gaurko sentitzeko modura ekarri behar dugu.

Hemen ere tradizioa etorkizunarekin lotzea zen kezka nagusia. Horrek azalduko luke mugimenduak Euskal Herrian izan zuen arrakasta?

Bai. Horregatik izan dute gero erehalako eragina, batez ere, Ez Dok Amairu, eta horretan ibilitako hainbat artistak. Gaur ere, gure artista ezagunenetakoak garai hartakoak dira: Laboa, Lertxundi, Lete... Laboa bera Yupanquiren kantak abesten hasi zen, eta, ziurrenik, berak ekarri zuen nova cançó-ren ideia Bartzelonatik, nahiz eta ordurako Nemesio Etxanizen ingurukoak esaten ari ziren musika berria egin behar zela.

Nolakoa zen kantagintza zaharra?

Hitzaldian erakutsiko ditut, esaterako, garai hartako Los Xey eta Los Contrapuntosen diskoen azala eta musika, eta Luis Marianorenak. Horren ondoan, bertsolaritza zegoen, eta eskusoinu handia, trikitia baserritarren kontua baitzen, eta ez zuen ospe onik.

Kantagintza berriko izenik ezagunenak aipatu dituzu lehen. Gauza ilunagorik aterako duzu argitara?

Ez Dok Amairutik kanpo, baina garai hartan, kantu ederrak egin zituzten beste hainbat artistak, gero halako itzala izan ez badute ere: Soroak, Enarak, Urretxindorrak... eta Estitxu Robles-Arangiz bera. Garaiko pieza ye-ye eder batzuk ere badaude.

Eta Negu Gorriak taldearekin lotuko duzu gero, nahiz eta horiek Lourdes Iriondo era ironikoan sanpleatu?

1980ko hamarkadan sekulako haustura gertatu zen, egia da. Baina ez pentsa halako apurketarik ez zela egon Errobi bateria eta baxu elektrikoarekin agertu zenean. Topiko batzuk oraindik bizirik daude, eta baztertu behar dira: euskal artistak ez garela jabetzen munduaz gertatzen ari denaz, eta geure zilbor etnozentristari begira gaudela. Hori ez da egia orain, ez zen egia 1980ko hamarkadan, ezta 1960koan ere.

Musikaren bidez ere gezurta daiteke mendietako bakardadeari esker bizirik iraun duen kulturaren mitoa?

Euskal artistak munduari begiratzen dio, eta ahal edo nahi duen guztia jasotzen du. Euskal kantagintza original bat badela beste mito bat da. Euskal kantagintzaren originaltasun nagusia euskaraz kantatzean datza. Haria ez da eten, baina 1980tik aurrera euskarazko musikaz hitz egiteak ez du zentzurik; orain euskaraz eginiko generoez mintzatu behar dugu: euskarazko hip hopaz, elektronikoaz, heavyaz... beste edozein herrialdetako egoera normalizatuaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.