ATZEKOZ AURRERA. Ane Lindane. Umoregilea

«Ez dago umorerik erridikulurik gabe»

14.000 jarraitzailetik gora ditu Twitterren Ane Lindane umoregileak. 'Despotorropen' mikro irekiko saioak egiten ere aritzen da. Umore garratza du, azkura egiten duenari barre egitea baita bidea, haren ustez.

BERRIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Bakarrizketak egiteko leku aproposik ez zegoenez, bere zirkuitu propioa osatzen ari da Ane Lindane (Bilbo, 1988). Inguratuta, gainera: Despotorropen izeneko mikro irekiak «ukatutakoei» lekua emateko helburua baitu. Umore garratza du ardatz, baita sare sozialetan ere.

Nola hasi zinen bakarrizketak egiten?

Bilboko okupazio bulegoan nenbilen garaian, hainbat gaztetxe eta asanbleatatik deitzen ziguten, hitzaldiak emateko. Konturatu nintzen okupazioari buruzko pasadizoak kontatzen nituenean grazia egiten zutela. Barregarriak izan zitezkeen anekdotek informazioa hedatzeko ere balio zuten.

Bilboko Irola irrati librean ere aritua zara?

18 urterekin sartu nintzen Irola irrati librean. Hasieran, zinemari buruz hitz egiten nuen, eta umorea ere bazegoen tartean. Baina, gero, zientziari eta eszeptizismoari buruzko saio bat egin nuen: La zona crítica izena zuen, eta bertan zientzialariak elkarrizketatzen nituen era umoretsuan; sasi-zientziak desmuntatzen genituen.

Irola irratia militantziarako gune garrantzitsua izan da niretzat, kontra-informaziorako espazio garrantzitsua ere badelako.

Nola lortzen da tokia oholtzan?

Zuk zeuk egizu leloari jarraituz. Guk geuk sortu dugu gure oholtza propioa eta guk geuk lortu dugu toki propioa. Normalean, bakarrizketariak mikro irekietara aurkezten dira. Bilbon halakorik ez zegoenez, geuk sortu genuen geurea, Despotorropen izenekoa. Emakume eta genero disidentzientzat da, eta horregatik da hain espazio polita eta segurua. Modu klasikoetako mikro irekiak nahiko desatseginak izaten dira, eta ez da batere erraza.

Zergatik ez dira onartzen emakume oldarkorrak oholtzan oraindik?

Ni konturatu naiz nire izaera oholtzan ez dela aldatzen. Ez naiz inolaz ere pertsona agresiboa, baina banaiz bulta handikoa ,batez ere sinesten ditudan ideiak defendatzerakoan.

Egia da oholtza gainean gauzak areagotu egiten direla. Komikotasuna baduelako. Eta badago jende soslai bat oraindik ez duena onartzen gozoa eta samurra ez den emakume batek mikrofono bat izatea.

Zuk nabaritu duzu halakorik?

Euskal Herrian, oraindik ere oso hedatuta dago emakume gozo eta atseginaren portaera hori. Hortik irteten zarenean, askori errezeloa sortzen die. Askok esan didate zuzenean ez nautela jasaten. Nazka ematen diedala. Erantzun gogorrak jaso ditut. Nik nahi gabe egiten dut, horrelakoa naiz.

Espazioa hartu izanaren kontrako oldarraldia izan liteke?

Emakumeoi espazio asko ukatu izan dizkigute. Umorea da horietako bat, eta erridikulua egitearena da beste bat. Horregatik diot erridikulurik gabe ez dagoela umorerik.

Baina beste bat da bortizkeria eta biolentzia erabiltzearena. Biolentzia ez da soilik fisikoa: jarrera bat da bizitzaren aurrean. Erreminta hori erabiltzen dugunean, asko ikaratu egiten dira.

Txiste zailik eduki duzu?

Bai. Nik egiten ditudanak orokorrean halakoak dira. Zentzu askotan: batzuetan, oso metafora aldrebesak izan daitezkeelako, eta besteetan, azkura eragiten dutelako. Jendeari eragozpena sor diezaioke abortuaren inguruko ala torturen inguruko txiste batekin barre egiteak. Kontrara, baina, nik uste dut hori dela bide zuzena.

Sareetan ere bazabiltza, eta horien artean Twitter ez da bereziki leku erosoa emakumeentzat. Nola eramaten duzu?

Twitter leku latza izan daiteke, baina hura baino askoz gogorragoa da Facebook. Sinestezinak dira. Nire bideoetako iruzkinak ikustea besterik ez dago. Ni Twitterren ez nago deseroso. Hater-ak gustatzen zaizkit, ikusgarritasuna eta materiala ematen baitidate. Gainera, baten batek gogaitzen banau, blokeatu egiten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.