Komunikazioa. Ekografiak

Ez dakit

Jokin Labaien.
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
ETB1eko ikusle datuek beherantz egin izanak ba al du loturarik faktore politikoekin eta abertzalegoan ETB markarekiko egon daitekeen deskonfiantzarekin?», galdetzen dio sail honetako arduradunak Rosa Diez Urrestarazu ETB1ko edukien zuzendariari. Hona erantzuna: «Ez dakit. ETB1 ez da ikusleak galtzen hasi 2009ko uztailean. Euskadi Irratian gobernu aldaketak ez du eragin. Eta ETB1en ere ez dut uste, 2003tik beherantz egin baitu. Euskal ikuslegoa ETB1etaz ahaztu egin zen aspaldi, arrazoi askogatik. Orain aurrera egin behar dugu. Espero dut urtebete barru duintasun handiagoa izango dugula. Euskaraz bizi den jendeak eskubidea osoa du kate duin bat edukitzeko». Mesfidantza eragin dezake «ez dakit» batekin hasitako erantzunak. Euskaraz bizi nahi duen jendea erakartzeko egin beharrekoa aztertzeko arduradunaren ahotik irten da erantzuna. Ez du ezjakintasuna adierazten, tamalez. Gehiago du esan nahi ez duenetik, esatea komeni ez den horretatik. Itxurak zaindu, erdizka erantzun eta galderari izkina egiteko modua dirudi.

Mesfidantza eragin dezake arazoaren jatorria ikus-entzuleengan jartzen duenak. Ez dira asko izango, saio zein kate baten beherakada etxeko sofan dauden horiei egozten dietenak. Baina esan du, «euskal ikuslegoa ETB1etaz ahaztu egin zen aspaldi, arrazoi askogatik». Telebistako egituraren logikaren barruan, ETB1 euskal ikuslegoaz ahaztu egin zela litzateke erantzun logikoa; horrek ekarri zuela jendeak ETB1 ikusteari utzi izana.

Eta gehitzen du orain aurrera egin behar dela. Espero duela urtebete barru duintasun handiagoa izatea. Euskaraz bizi den jendeak eskubidea osoa duela kate duin bat edukitzeko. Arazo baten aurrean zail da iraganean sakondu ez eta oraina ulertu eta etorkizuna eraikitzea. Hala ere, euskaraz bizi den jendeak kate duin bat izateko eskubide osoa duela baieztatu beharra daukanak, ez al du esan nahi gaurkoari duintasuna falta zaiola? Beraz, ikus-entzuleak ETB1ez ahaztu izana ez ote da duintasun falta horren ondorioz gertatu. Ondorioz, erantzunari ekiteko ezin ahal zuen erabili «ez dakit» baino formulazio zuzenagorik? Onartuko dituenak ezkutatu nahi ez dituela iradokiko duena, adibidez.

Lagun bat atzetik gerturatu, eta esan dit: «Bazabiltza gaur ere... zergatik ez duzu kritika eraikitzailea egiten behingoz...». «Ez dakit», erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.