Duela berrogei urte sortu zuten kuadrilla, eta, gaurko egunez, bihotzez oroitu dira sortzaileez, lagunez eta faltan diren guztiez. Natalia Perea, Los Desiguales taldeko kideetako bat, hunkituta mintzatu da Andre Maria Zuriaren irudiaren aurrean egindako omenaldian: «Arturo, Imanol, eta falta diren guztiak; haiei esker gara gaur garena. Txalo bat beraientzat! Gora Zeledon!». Lore sorta bat utzi du San Migel elizako horma hobian, Andre Mariaren ondoan. Haren ondoren, beste hainbat kuadrilla igo dira lore eskaintza egitera.
Gaurko eguna ez da edonolakoa Gasteizen. Andre Maria Zuriaren eguna da, hiriko zaindariaren omenez ospatzen den urteko egunik bereziena. Udalaren eta elizaren ekitaldi ofizialez harago, kaleak hartzen dituzte blusa eta nesken kuadrillek, eta festaren arima bilakatzen dira. Horregatik deitzen zaio Kuadrillen eguna.
Egitaraua
Egunsentian hasi dira ospakizunak. Goizeko zazpietan, egunsentiko arrosarioaren prozesioa abiatu da, isiltasun erabatekoan. Zortzietako mezaren atarian, San Migel elizako balkoian, leporaino bete da Andre Maria Zuriaren plaza: lore sortak eskuan, zenbait belaunalditako gasteiztarrak bildu dira, nahiz eta adinekoak ziren gehienak.
Meza amaitu ondoren hasi dute lore eskaintza, eta plaza, poliki-poliki, kolorez bete da. Kuadrilla batzuk goiz agertu dira; 09:00ak baino lehen loreak eskaintzen ari ziren Ikarrax kuadrillakoak. Urtero, oroitarazteko eta elkar gogoratzeko unea da, erritu antzeko bat askorentzat. Horma hobira igaro dira bata bestearen atzetik, isiltasunari eta errespetuari eutsiz.
Andre Mariaren irudia begien parean dutela, hunkitu egin dira asko: negarra, urduritasuna eta poza dira nagusi. Batzuentzat hitzik gabeko agurra izan da; beste batzuek, txarangen doinua lagun, lore sortak utzi dizkiete «ez daudenei». Ikarrax, Los Desiguales, Basatiak... bata bestearen atzetik pasatu dira horma hobiaren aurretik.
Urtero legez, aurten ere Basatiak kuadrillak egin du eguneko lore eskaintzarik hunkigarrienetako bat. Kuadrillako kide batek aurreskua dantzatu du txistu eta danbolin soinuen artean eta, bukatzeko, beste blusa batek «Gora Gasteiz! Gora Euskal Herria askatuta!», oihukatu du Andre Maria ondoan zeukala. Ohikoa ez den bezala, euskara hutsez egin dute agurra, hizkuntzarekin duten konpromisoa erakutsiz.

Ikusleak ere izan ditu lore eskaintzak. Loli Ramirez gasteiztarra, esaterako, hunkitu egin da kuadrillen hitzak entzutean: «Ederra da Gasteizen horrelako ohiturei eustea: jaietako unerik hunkigarrienetakoa da», esan du, gasteiztarra izateaz harro.
Omenaldiaren ondoren, egarria sartu zaie askori. Kalimotxoa eta garagardoa hartu dituzte, eta kaleak festa bihurtzen hasi dira. Txarangek, dultzaineroek eta txistulariek giroa berotu dute: «Aupa gu, gora Basatiak!», oihukatuz abiatu dira Alde Zaharrerantz.
Arratsaldean, gehiago
Eguerdiko hamabietan, Gasteizko zortzikoa dantzatuko dute Plaza Berrian. Barrualdea hesitu dute, eta ikusleak pilatzen hasi dira hesien inguruan. Txistulariek emango diote hasiera, eta ondoren, dantzari beteranoak eta gazteak binaka eta eskutik helduta sartuko dira plazara, desfilean. Ikurrinaren omenaldia egin ondoren, Algara dantza taldeak ikuskizuna egingo du.

Arratsaldean, festak bere bideari jarraituko dio, eta Gasteizko kaleak berriro ere kolorez, musikaz eta algaraz jantziko dira. 16:30ean, ohiko moduan, kuadrillen desfile nagusia abiatuko da hiriko erdigunetik barrena: lehenik federazioa, ondoren batzordea, eta azkenik kuadrillak, banan-banan zeharkatuko dituzte hiriko kaleak. «Desfilea hasteko irrikan nago», esan dio blusa batek neska lagunari, txarangan dantzatzen dabilen bitartean. Hori da askorentzat eguneko momentu gorena, egunero egiten dutena, gainera: kuadrilla guztiek batera euren banderak, aldarriak eta dantzak kaleetan zehar erakusten dituzten unea.