Axen Egaña

«Ez didate zahartzen uzten»

Deustun jaio zen, 1937. urtean. Euskalgintzan eta euskal kulturan itzal handiko familia da Axen Egaña eta Iñaki Beobiderena. Eredu hartzeko emakumea da Axen, hizketan goxoa eta jario handikoa; energia eta bizipoza dario haren izateari. Orratzak eskuan eta haria magalean, irribarrez hartu gaitu.

Amaia Agirre Arrastoa.
2011ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
2007an hondarrean izan zen Amamaren memoria antzezlanaren estreinaldia, eta Axen izan zen bertako protagonistatako bat, Olatz Beobide alabaren aldamenean.

Nondik datorkizu Axen deitura?

Berez Asuncion naiz, baina gerra garaian jaio nintzen, Deustuko udaletxean, Gernikako bonbardaketa gertatu eta hamabost egunera. Gure aitona-amonek 1930ean muga zeharkatu behar izan zuten errepublikanoak zirelako, eta ni ere han hazi nintzen. Donibane Lohizunen Axen deitzen zidaten, eta halaxe naiz geroztik.

Zuen ama muga zeharkatu nahian ari zela hil omen zuten.

Bai. Nik bi urte nituen, baina garai hartan oso ohikoak ziren gisa horretako gertaera gogorrak. Mojekin ikasten nuen, eta han askotan entzun izan nuen halako ikasleren ama edo aita hil zutela. Gure aita garai hartan bakailao arrantzan zebilen, eta hegoaldean geratu zen.

Umetan dena frantsesez egin omen zenuen. Noiz hasi zinen euskaraz bizitzen?

Gure amonak frantsesez mintzatzen ikasi zuen, baina aitonak ez, beti itsasoan baitzebilen. Hark euskaraz egiten zuen, eta nik denetik egiten nuen pixka bat: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Gure aita beste emakume batekin ezkondu zen, eta 14 urterekin Pasai Donibanen jarri ginen bizitzen. Bertakoek «frantsesa» deitzen zidaten, pentsa!

Iñaki Beobide senarra Industrias españolas lantegian ezagutu zenuen, eta handik etorri zen Jarrai antzerki taldean parte hartzeko tenorea ere, ezta?

Julio Urkijo liburutegian antzerkiak egiten hasi ginen, baina irakurriz.

Ez dok hamairu taldearen diskoak banatzen non eta nola aritzen zineten?

Lehenik nire senarra hasi zen. Senarra espetxean egon zen, eta handik atera zenean Xabier Gereñu zenarekin hasi zen lanean. Ez dok hamairu taldearen inguruan eta Herri Gogoa diskoetxearekin diskoak han eta hemen saltzen aritu ginen.

Euskal dantzarien biltzarrean ere idazkari lanetan aritu zinen, ezta?

Bai, 1969an hasi nintzen eta erretiratu arte aritu gara bertan.

Iragan hurbilera etorrita, Amamaren memoria antzezlanean protagonista izan zinen. Nork egin zizun bertan parte hartzeko gonbita?

Gonbidapena Olatz Beobide alaba eta Aizpea Goenaga saltsera horren eskutik etorri zen. Iparraldean antzezlan hori frantsesez egiten ari ziren, eta Olatzek esan zidan: ama zergatik ez zatoz antzerkia ikustera? Hara joan, eta hala esan zidaten: zu al zara euskaraz egingo duen hurrengo amama? Probak eta casting-ak egin nituen, onartu egin ninduten, eta ni oso gustura.

Alzheimerren gaitza duen amama baten inguruan garatzen da antzezlana. Eramaten hain zaila den gaitza umorez lantzea erraza izan al zaizu?

Nire amordeak Alzheimerren gaitza izan zuen; hori dela-eta errazagoa egin zait. Zenbait egoeratan zer nola erantzuten zuen banekien, eta gaixoaren larruan sartzeko baliagarri izan zitzaidan. Jean-Marie Broucaret zuzendariarekin lan egitea zoragarria izan da, zuzenketa oro goxo egiten zizkidan, eta alabarekin lan egitea ere ikaragarria izan da, oso polita.

Zer izan da antzezlan horretan zailena egin zaizuna?

Hasieran ez nintzela gai izango iruditzen zitzaidan. Gidoia ikasteko zailtasun handiak izango nituela pentsatzen nuen, baina azkenean ez zait hain zaila gertatu. Lan taldea ere mundiala izan da, eta dena erreztu egiten zidaten. Euskaraz eta gaztelaniaz egin genuen, eta bietan oso ongi moldatu nintzela uste dut. Lagun batzuek esaten zidaten pena izugarria ematen ziela ni horrela ikusteak, gerora modu horretan amaituko dudan beldur. Antzezlanean, gaixoaren rolean, ez nuen inor ezagutzen, sekulako tristura sorrarazten nuen... Barrua mugitu egiten du gaiak eta egoerak. Nire pertsonaiak hori dena eragin baldin badu nire lana oso ongi egin nuela erantzuten nien (kar-kar-kar).

Gisa horretako eskaintza gehiago jasotzeko arrisku handia duzu, beraz.

Goenkale-n pertsonaia berdina egin dut, baina gauza txikiak, oro har. Baina ez, ni oso ondo bizi naiz bizi naizen moduan.

Zurekin hitzordua jartzerakoan zure agenda zein betea zegoen ikusita harrituta geratu naiz, Axen.

Diseinua eta jantzien patroiak egiten diren ikastaro batean nabil orain. Lehen gure seme-alabei jantziak egiten nizkien. Sei seme-alaba eta hamalau biloba ditut. Bilobak aldiro inguruan dabiltza, eta ez didate zahartzen uzten. Nik ez daukat aspertzeko tarterik. Karta jokoan aritzea eta solitarioak egitea ere maite dut, baina pena ematen didate egun osoa etxean sartuta egoten direnek.

Zer esango zenieke adin jakin batera heltzean euren bizitzan nahikoa egin dutela-eta hemendik aurrera euren burua zernahitarako ezgai ikusten dutenei?

Animatzeko. Badirudi ezin dugula, geure burua ez dagoela gauza horietarako. Nik nigan ikusi dut hori, baina ez da hala. Gauzak egin ditzakegu. Behin moja bati esan nion zahartzean eurengana itzuliko nintzela, baina hark hala erantzun zidan: 'Ez, zu ez etorri, zuk dena erreboluzionatuko duzu-eta!'.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.