Ez diote ondotik kenduko

Bastidan jasandako tratu txarrak atzean utzi zituen 'Rita' astoak, duela urtebete; orain Madrilen bizi da, Wings of Heart babeslekuan, eta 'Gretel' kumeaz erditu da han.

Rita eta Gretel haren kume jaio berria, Madrilgo Wings of Heart animalientzako babeslekuan. WINGS OF HEART.
edurne elizondo
Iruñea
2014ko martxoaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Negar egin zuen. Semeari so egiten zion, eta malkoek irrist egiten zioten aurpegitik». Laura Luengo Madrilgo Wings of Heart animalientzako babeslekuko arduraduna da. Espezismoari ihes egitea lortu duten animaliak zaintzen dituzte han; norbait izateko aukera ematen diete, salgai bilakatzen dituzten etxaldeetatik eta hiltegietatik urrun. Zerriak, behiak, oiloak, astoak... Tratu txarrak jasandakoak dira gehienak. Animalion atzean diren istorio ilun eta mingarriak ederki ezagutzen ditu Luengok. Baina onartu egin du: Rita-ren malkoek hunkitu egin dute. Astelehenean, Gretel kumeaz erditu zen astoa. Lehendabizikoz, gizakiak kumea kentzera etorriko ziren beldurrik gabe gozatu ahal izan zituen amatasunaren lehendabiziko uneak. Eta Rita-k negar egin zuen.

Rita-k bakarrik daki bere malkoen iturria non den. Laura Luengok, hala ere, zalantzarik gabe nabarmendu du: «Emozioen aldetik, bizitza konplexua dute astoek». Martin-ekin eta Hansel-ekin batera ailegatu zen Rita Wings of Heart babeslekura, iazko apirilaren 15ean. Bastidan bizi ziren (Araba), bertze hainbat animaliarekin batera. Etxeko jabearen tratu txarrak eta kolpeak jasan zituzten denek, denbora luzez. Ez hori bakarrik. Rita-k izandako kumeak haragitarako saldu zituzten. Jaio eta handik gutxira, babesetik kendu zizkioten asto emeari.

Herritarren salaketaren ondorioz, Arabako Foru Aldundiak esku hartu zuen. Rita-k, Martin-ek eta Hansel haien kumeak Madrilera egin zuten bidea. «Hansel jaio berria zen; eta gero konturatu ginen Rita ernari zegoela. Berezia eta ederra da Gretel gure artean sortu izana, haren jaiotzak, nolabait, zirkulua itxi egin baitu», erran du Luengok.

Hanka luzea eta jakin-min handikoa

Gretel astelehenean jaio zen. Amarentzat toki berezia prestatu zuten babeslekuko arduradunek, eta hantxe izan da azken asteotan, lasai. Laura Luengok denbora anitz eman du astoaren ondoan familia Madrilera ailegatu zenetik, eta, bereziki, azken egunotan. «Kumearen jaiotza, ordea, ez dugu ikusi! Astelehenean Rita-rengana joan, eta hantxe ikusi genuen haren kumea!», azaldu du Wings of Hearteko arduradunak.

Ama eta kumea, biak ongi dira. Hanka luzeak ditu Gretel-ek, eta jakin-min handia. Babeslekuko arduradunengana inolako beldurrik gabe hurbiltzen da asto jaioberria. Eta ama ez da kezkatzen. «Ikaragarria da azken urtean izan duen aldaketa. Bastidatik erabat beldurtuta ailegatu ziren astoak. Batez ere Rita eta Martin, Hansel kume jaioberria zelako, eta ez zaiolako egokitu, zorionez, gurasoen egoera. Baina orain konfiantza dute. Ematen du badakitela hemen inork ez diela minik eginen».

Espezismoaren aurkako oasiak dira animalientzako babeslekuak. Erakundeen eskutik laguntzarik ez dute jasotzen, baina animaliak «adoptatuz» edo bazkide eginez ematen diete babesa herritarrek. Lagundu nahi duenak, http://wingsofheart.org/ helbidean jasotzen ahal du informazioa. Animalien amabitxi edo aitabitxi egitea da aukeretako bat. Gretel eta bertze animaliak zain daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.