Fernando Biderbost. Margolaria

«Ez ditut sentsazioak adierazi nahi, baizik eta asmatu egin nahi ditut»

Inprobisazioan eta erabateko askatasunean oinarritzen dira Fernando Biderbost artistak aurkezten dituen hamasei margolanak. Erakusketa Donostiako Arteztu galerian ikus daiteke, azaroaren 30era bitartean.

ERLANTZ BIDERBOST.
Donostia
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Loturarik gabeko eta argiz beteriko margolanak jarri ditu ikusgai Fernando Biderbostek (Bilbo, 1955), Donostiako Arteztu galerian. Olio pinturekin, akrilikoekin edota tintarekin eginiko margolanak aurkezten ditu, eta Biderbostek berak eginiko «barne-bidaia» baten isla dira.

Zertan datza erakusketa?

Erakusketan hamasei margolan egongo dira, eta gehienak duela gutxi eginak. Egin ohi ditudan gainontzeko erakusketetan bezala, margolanek ez dute izenik; ez dago gai konkreturik. Gai nagusia margoa bera da, eta koadroek ez dute inolako harremanik beraien artean.

Zure lanek ez dutela izenik esan duzu. Zergatik?

Ez dutelako ezer adierazten eta, ondorioz, hitzen bitartez ezin daitezkeelako defini; sentsazio hutsak dira, sentsazio bisualak. Nire margolanak era askean interpreta daitezke. Gainera, titulu edo izen batek, margolana aztertzeko orduan, mugatu egingo liguke. Hau da, kontzeptu bati egongo litzateke lotua, eta ezingo genuke beste interpretaziorik egin.

Ez duzu adierazpen pertsonalik bilatzen. Margolan huts baten aurrean jartzen zarenean, aldiz, badakizu benetan zer adierazi nahi duzun?

Margotzen hasten naizen bakoitzean, ez dakit zehazki zer egin nahi dudan. Horrexegatik, nire lanak inprobisazio hutsak dira; inprobisazio geldoak. Hori jakinda, margoaren garapena da benetan interesatzen zaidana. Koadroaren eta nire arteko distantzia ahalik eta handiena izan dadila saiatzen naiz: distantzia hori geroz eta handiagoa izan, orduan eta askeagoa izango da margolana. Margoaren autonomia interesatzen zait, eta ez nire adierazpen pertsonala. Ez dut nahi margoa tresna gisa erabili adierazpenak egiteko; margoak dira niri esker adierazten direnak. Ez ditut sentsazioak adierazi nahi, asmatu egin nahi ditut.

Margolana bukatuta noiz dagoen jakitea zaila izango zaizu, beraz.

Ez, hori inoiz ez dakit. Momentu bat iristen zait non margolanak bakarrik uzten nauen. Hau da, koadroak bere erritmo eta etorkizun propioa hartzen du, eta ni albo batera uzten nau. Kosta egiten zait horretaz jabetzea, baina zure margolana ez delako sentsazioa izaten duzu; margolanak utzi egin zaitu. Egia esan, nire lana koadroaren prozesuan parte hartzea da; ez emaitzan. Niri interesatzen zaidana, aldiz, emaitza da.

Zure azken lanak aipatzeko garaian, «airezko» hitza erabili izan duzu. Zer da kontzeptu hori?

Duela bost edo sei urteko kontua da hori. Nire lanei airea txertatzen hasi nintzen; airezko espazioa, atmosfera. Kontzeptu horri esker, margolana osatzen duten elementuek benetako askatasuna dute. Laua dena eta koloreak albo batera uzten ditut, horiek loturak sortzen dituztelako. Aldiz, argiaren bila aritu ohi naiz. Argia da airezko espazio horretatik bidaiatzen duena eta, ondorioz, atmosfera sortzen duena. Horrela hasten dira margolanak aske izaten. Hala ere, airea txertatzea senezko zerbait da; besteak beste, margotu ezin daitekeen zerbait delako. Airea aipatzen dudanean, benetako aireaz ari naiz; ez ilustrazio hutsez.

Nola definituko zenituzke zure lanak?

Nire margolanak hitzekin adieraztea porrot egitea izango litzateke. Hala ere, nire lanak bidaia bisualak direla esango nuke; nire barnean dauden eta ezagutzen ez ditudan txokoetara egiten dudan bidaia, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.