ATZEKOZ AURRERA. Rosa Moro. Kazetaria eta idazlea

«Ez dugu gehiago jakin nahi Afrikaz»

Afrikan aditua da Moro, eta haren inguruko interes falta eta utzikeria salatu ditu: herrialde aberatsen ongizatea haren pobrezian oinarritzen baita, besteak beste. Ikasitakoa desikasi behar izan du Afrika ezagutzeko.

UMOYA.
jakes goikoetxea
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Afrikan espezializatutako kazetaria da Rosa Moro (Salamanca, Espainia, 1969). Liburu bat kaleratu zuen iaz: El genocidio que no cesa en el corazón de África. Una historia de desinformación (Etenik gabeko genozidioa Afrikaren bihotzean. Desinformazio istorio bat. Umoya). Liburuari buruzko hitzaldia eman zuen atzo Hernanin (Gipuzkoa), eta Thomas Sankara iraultzaileari buruzko bat emango du gaur, Hernanin bertan.

Afrikaz hitz egiten da, baina Afrikak dira: 55 herrialde. Erosotasunagatik egiten da hori, ñabardurak ez aipatzeko?

Sinplifikatu ohi da, erosotasunagatik eta utzikeriagatik. Ez dugu Afrika ezagutzen, eta ez dugu gehiago jakin nahi: ez diogu baliorik ematen.

Afrikako gatazkek ez dute interesik sortzen; ezta hango gazteek, emakumeek, sortzaileek ere? Ez du interesik, ez txarrak, ez onak?

Pobrezia interesatzen zaigu, gure sistemaren zati bati mesede egiten dion bitartean.

GKEei laguntzaren bat emanda lasaitzen dira kontzientziak?

Onkeria hori: «Europarrok afrikarrak baino gehiago sentitzen garenez, lagundu egiten diegu gutxiago direnei». Guztiok bizi garen sistemak eragiten du haien pobrezia; baina, eroso bizi garenez, ez zaigu interesatzen hori aztertzea.

Afrikako baliabide naturalez hitz egiten da; hango migratzaileen «oldeez»; eta, azkeneko urteetan, europarren pentsioak ordainduko dituzten langile afrikarrez.

Europarron geurekoikeria da. Sistema aldatu behar dugu. Ondo legoke pentsioak ordaintzeko baliabideak lapurtzen dizkigun eta Afrika pobretzen duen sistema honi aurre egitea.

Afrikaren bihotzeko genozidioen erantzule Ugandako eta Ruandako erregimenak direla diozu, baina AEBen, Erresuma Batuaren eta Israelen laguntzarekin?

Bai. Afrikako herrialdeek independentzia lortu zutenean, Europak ez zuen Afrika askatu nahi; baina AEBek aukera ikusi zuten zati bat eskuratzeko, ez Europaren bazkide gisa, bere kontura baizik.

AEBek laguntzaileak behar dituzte Afrikan bertan.

Erdiko Afrika AEBen mende dago, betiere haren ordezkarien bitartez: Yegeri Musebeni Ugandako presidentea eta Paul Kagame Ruandakoa. Herrialde txikiak dira, baina Kongorako eta bertako aberastasun handietarako sarbidea.

Egoera aldatu daiteke Txinaren eta Errusiaren parte hartzeagatik?

Baliteke, Afrika AEBen ahultasuna ikusten eta baliatzen ari baita. Afrikako herrialdeak beti adi daude, aukera txikiena sortzen denean askatzeko aukera baliatzeko.

Txina eta Errusia Afrikarentzat mehatxua direla esaten dute. Afrikarentzat edo AEBentzat?

Txina eta Errusia deabrutu nahi dituzte. Kolonizazio berriaz hitz egiten dute, baina ez da hala. Txinak hazteko behar dituen lehengaiak salerosten ditu. Hori ez da kolonizatzea. Besteak baino askoz ere diru gehiago uzten ari dira Afrikan.

Latinoamerika AEBen atzeko patioa izan dela esan da. Afrika?

Zabortegia, baina indarrez ebasten den zabortegi bat: lehengaiak, langileak, baliabide ekonomikoak... Nazioarteko erakundeek, zorraren bitartez, azpiratu egiten dute. Afrikari ematen zaion laguntza faltsua da.

Badago ikusten eta aipatzen ez den kolonialismo mental hori?

Borroka egiten duten eta kontzientzia duten afrikarrei galdetuz gero, esaten dute hori dela aurre egin behar zaion kolonialismo garrantzitsuena. Mentazidioa da: mendeetako zapalkuntzak desorekak eragin ditu jende askorengan, eta gutxiago sentitzen dira zurien aldean.

Afrikarrei ahotsa kendu zaie?

Umetzat hartzen ditugu. Afrikarrek urteak daramatzate gu aztertzen, ikusten zer-nolako kultura erasokorra dugun. Momenturen batean yurugu gisa definitu gaituzte; izaki mitologiko bat da: ez da gaiztoa, baina ez dago osorik, eta puskatu egiten du ukitzen duen guztia.

Nola hurbiltzen da kazetari zuri europar bat afrikarrengana?

Funtsean, ikasi duzuna desikasi behar duzu. Umiltasun handiagoz hurbildu behar duzu, entzuteko eta ikasteko prest, hitz egiteko baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.