Formatu askotako ikus-entzunezko lanetan aritu da Ivan Roiz (Madril, 1981). Holiday Films ekoiztetxea sortu du. Iaz K2000k ekoizten duen Orbita laika zientzia saioarentzat (La2) egin zuen lan, eta aurten ere bertan arituko da.
Nola bururatu zitzaizuen maskulinitate toxikoaren inguruan dokumental bat egitea?
Proiektuaren abiapuntua nire prozesu pertsonal batean dago. Krisi egoera batean liburu bat iritsi zitzaidan, maskulinitatea auzitan jartzen zuena. Beste ikuspegi bat eman zidan. Hazi horrekin, maskulinitatearen deseraikuntzaren gaia ikertzen hasi nintzen. Alvaro Priante lankideak Bartzelonan antzeko prozesua egin zuen, geroago. Gizon taldeengana gerturatu ginen, eta oso interesgarriak iruditu zitzaizkigun. Gaiaz film bat egiteko aukera ikusi genuen. Eta iritsi da El círculo.
Erraza izan al zen gizon taldeetan parte hartzen dutenak konbentzitzea grabatuak izan zitezen?
Hasieran beldur ginen. Hurbiltze zailena elkarteekin izan zen lehen momentuan, zenbait hedabide lerroburu zehatz batzuekin joaten zitzaizkielako Martxoaren 8aren bueltan. Baina gizon taldeetan parte hartzen ari ginela ikusita, proiektuan hasten joan ziren denak. Ez genituen zirkuluak bere horretan grabatu, talde batzuk ad hoc sortu genituen propio dokumentalerako.
Zintzotasunez hitz egiten dute protagonistek, emozioak azaleratuz. Tabuak hautsi dituzue?
Bai, ideia da gizonak euren prozesuen inguruan hitz egiten entzutea, baina toki desberdin batetik. Talde horietan gizonek ez dute elkar ezagutzen, baina normalean zure kuadrillan izaten duzuna baino harreman zintzoagoa eta pertsonalagoa sortzen da. Ordu asko grabatu genituen. Eta editatzean, saiatu gara emoziotik ateratako lekukotzak plazaratzen, arrazoitik sortutakoak baino gehiago. Kontraesanak ere azaldu nahi izan ditugu, dokumentala ez zedin laua izan.
Lekukotza batzuen eta besteen artean, Itxasai Mediavillaren dantza garaikidea tartekatu duzue. Zer ideia transmititu nahi izan duzue horrekin?
Lekukotzak muntatuta genituen, edukiak nahiko aurreratuak, eta koreografia bat landu genuen. Guztiz ahozkoa den partetik atera, eta gorputzera jo genuen. Badirudi gorputz maskulinoa askotan tabua dela eta soilik agresibitatearekin azalera daitekeela. Kontraste gisa eman nahi izan dugu.
The Groove Girls taldearen bideoklip bat zuzendu zenuen. Bertan gizon bat galtzontzillotan barra batean dantzan ageri da, eta emakumeak begira.
Bai, ez gaude hain prestatuak horrelako posizionamenduetarako. Dokumentalean, batez ere, maskulinitateaz aritu nahi genuen. Gizon asko konturatzen ari dira jasotzen duten genero mandatua kaltegarria dela haientzat eta andreentzat.
Espainian matxismorako joera handia al dago?
Bai, denok gara matxistak. Ni matxista naiz. Duela urte batzuk ez nintzen ausartuko hori esatera. Baina jarrera matxista ugari dauzkagu barneratuta, eta alerta txiki bat piztu behar dugu. Berreraiki egin behar dugu geure burua, pertsona hobeak izateko berdintasunaren bidean.
Gizonek beren pribilegioei uko egin behar dietela esaten denean, zer da egin beharrekoa?
Arlo pertsonaletik hasi beharko genuke: sexua diruagatik ez erostea; pornoari uko egitea; lan arloan berdintasunagatik borrokatu behar da, emakume gehiago kontratatu; aitatasunak justua behar luke izan; gizonok adineko senideak zaindu beharko genituzke, gure familietan andreek egiten duten moduan. Osagai horiek aitortu eta erabaki txikiak hartzen joan behar dugu. Egun batetik bestera ez gara aliatu feministak bihurtuko.
Hezkuntza sisteman zerbait egin daiteke?
Irakasleak formatzea garrantzitsua da, baita ikasleak ere. Beste hezkuntza alternatiba batzuk behar dira berdintasunaren inguruan.Baina arrakala oso sustraituta dago gizartean.
Ivan Roiz. Zinemagilea
«Ez gara aliatu feministak bihurtuko egun batetik bestera»
Irantzu Varelaren esaldi batekin hasten da 'El círculo', Roizek eta Alvaro Priantek zuzendutako lana. Maskulinitate toxikoa du jomuga. Movistar Plusen dago ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu