Zuzenbidean doktorea

Nadia Dominguez Pascuales: «Ez gara zaurgarriak: sistemak egiten gaitu zaurgarri»

Dominguezek salatu duenez, «aniztasun funtzionala» duten emakume migratzaileek «diskriminazio hirukoitza» pairatzen dute, eta ez dago hiru aldagaiak kontuan hartzen dituen neurri positibo espezifikorik.

Nadia Dominguez Pascuales Bilboko Azkuna zentroan, ostegunean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Nadia Dominguez Pascuales Bilboko Azkuna zentroan, ostegunean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko maiatzaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Diskriminazioen batuketa bat da: patriarkatua, arrazismoa eta kapazitsimoa. Eta agerikoak dira haren emaitzak: «aniztasun funtzionala» duten emakume migratuak ikusezinak dira, eta zailtasunak dituzte, besteak beste, lan merkatura sartzeko, Nadia Dominguez Pascuales Zuzenbide doktorearen arabera (Barranquilla, Kolonbia, 1979). «Sentsibilitate unibertsala» eskatu du. Kapazitismoari aurre egiteko tailer bat eman zuen Bilboko Hika Ateneon, joan den asteazkenean.

Kontzeptu hau erabiltzen duzu: aniztasun funtzional nabarmena. Zergatik ñabardura?

Terminologia hori erabiltzen dut ikusarazteko pertsona bakoitzak desberdin funtzionatzen dugula. Nabarmena denak, ikusgarria denak, aparteko ñabardura bat dauka gizartearentzat. Baina ez dago gizaki izateko modu gailenik.

Esparru juridikoan, baina, desgaitasun hitza erabiltzen da. Juridikoki, zelan dago eraikia desgaitasuna?

Gorputzaren funtzionamendua eraikuntza soziala da, historian zehar garatu dena. Normatibitatetik kanpo dagoen guztia izendatzeko, terminologia peioratiboa eta diskriminatzailea erabili izan da: anormalak, subnormalak, gizagaixoak, desgaituak... Horrek eragina izan du lengoaia juridikoan: orain gutxi arte, Espainiako Estatuko konstituzioak pertsona gutxitua terminoa erabiltzen zuen. Iazko otsailetik aurrera, desgaitu hitza erabiltzen du, baina peioratiboa eta diskriminatzailea da oraindik, pertsona batek egin ezin duena haren gaitasunen aurretik ipintzen baitu.

Terminologiak ezarritako muga horrek zer ondorio ditu praktikan?

Hitzak berak iradokitzen du ez duzula gaitasunik. Lan esparruan, adibidez, merkatu babestuan sartuko zaituzte zuzenean. Eta, gainera, aniztasun funtzional nabarmena duten pertsonen artean, langabezia tasa handia dago, hain justu kapazitismoa dela eta.

«Gorputzaren funtzionamendua eraikuntza soziala da, historian zehar garatu dena. Normatibitatetik kanpo dagoen guztia izendatzeko, terminologia peioratiboa eta diskriminatzailea erabili izan da»

Zer ondorio ditu merkatu babestuan egoteak?

Aniztasun funtzional nabarmena dutenekin egongo zara: esaten dute babestu egingo zaituztela, baina segregatu egingo zaituzte. Lan jakin bat egiteko gaitasuna baduzu, ohiko merkatuan egon beharko zenuke, gainontzeko pertsonak bezala. Inguruneak desgaitu egiten du.

Emakumeen kasuan, «aniztasun funtzionala» izateak patriarkatuak ezarritako estereotipotik kanpo utzi ditu? Ez dira sartzen emaztearen, zaintzailearen, etxearen kudeatzailearen irudi horretan.

Aniztasun funtzionala daukagun emakumeok ez garenez sartzen gorputz ederraren inguruko estereotipo irrealetan, ukatu egiten dizkigute eskubide batzuk, aniztasun funtzional ez-nabarmena duten emakumeek badituztenak. Ama izateko eskubidea ukatzen dute, adibidez, uste baita seme-alabak euren amaren zaintzaileak izango direla. Edo plazererako eskubidea: andre horiek asexualak direla pentsatzen dute, eta ez dute aintzat hartzen laguntza handia behar duten emakumeen autoplazererako eskubidea. Ez gara zaurgarriak: sistemak egiten gaitu zaurgarri.

Negatibotzat jotzen da emakume bat ezin izatea zaintzaile?

Aniztasun funtzional nabarmena duten emakume gehienak eremu pribatuan egoten dira, eta, han, paradoxikoki, etxeko beharrak egokitzen zaizkie. Baina, era berean, uste da ez direla pertsona autonomoak eta independenteak. Noski, andre batzuek ezingo dute lan hori egin, eta laguntza beharko dute ahaldundu nahi badute; baina aniztasun funtzionala duen emakumea esanekotzat eta mendekotzat jotzen da zuzenean.

Feminismoak aintzat hartu ditu aldarrikapen horiek?

Feminismoa sekulako mugimendu politiko eta soziala da, eta nik ikaragarri miretsi eta maite dut. Baina kontziente naiz inoiz ez duela bere borrokara gehitu aniztasun funtzional nabarmenaren gaia, ezta sentsibilitate unibertsala ere. Bide luzea egin beharra dago oraindik feminismoa inklusiboa eta intersekzionala izan dadin.

«Aniztasun funtzionala duen emakumea esanekotzat eta mendekotzat jotzen da zuzenean»

Beste ertz bat ere landu duzu: migratuak. Migrazio politiketan, arreta ipintzen zaio «aniztasun funtzionalari»? Harreran, asilo eskaerak kudeatzerakoan...

Emakumea eta migratua bazara eta, gainera, aniztasun funtzionalen bat baduzu, opresio mataza batean egongo zara, sistemak gizartearen periferiara bultzatuko zaitu, ez zara inor izango. Bazterkeria hirukoitza da. Badira neurri positiboak migratzaileentzat, emakumeentzat eta aniztasun funtzionala dutenentzat, baina ez dago neurri espezifikorik hiru ertz horiek uztartzen dituztenentzat.

«Aniztasun funtzional nabarmena» duten emakumeen ordezkaritza politikoa ere ikertu duzu. Zein da egoera?

Arlo horretan ere indarrean daude estereotipo eta aurreiritzi kapazitistak. Aniztasun funtzional nabarmena duen andre bat bazara, pentsatuko dute ez zarela gai izango politikaren eremuan jarduteko. Hori dela eta, ordezkaritza politikoa oso urria da, batez ere emakumeen artean. Eta, gainera, ez dago daturik: ez nazioartekoak, ez eskualdekoak, ez estatukoak, ezta autonomikoak ere. Daturik ez dagoenean, hor hasten da ikusezintasuna.

Askotan, traba arkitektonikoak ezabatzeaz hitz egiten denean, edonork izan dezan eremu jakin batzuetarako sarbidea, ematen du «aniztasun funtzionala» dutenek aparteko gastu bat eragiten dutela. Horrek indartu egiten du estereotipo negatiboa?

Noski. Normaltasunaren fantasia sortu dugu, eta elikatu egin dugu historian. Baina gizakia berez da zaurgarria, eta denek beharko dugu sentsibilitatea, modu batera edo bestera. Denok behar ditugu egokitzapenak; eta gorputz funtzio jakin bat dutenek besteek baino gehiago behar dituzte.

lotsabako

Leku bat?
Bilboko Casilda parkea. Doktore tesia egiten ari nintzenean, han bazkaltzen nuen. Oroitzapen ederrak ditut.

Erreferente bat?
Hellen Keller. Gorra eta itsua zen. Oso emakume ahaldundua zen, eta ordezkaritza politikoan aritu zen, trabak gorabehera. Eta Nelson Mandela.

Amets bat?
Aniztasun funtzional nabarmena duten emakumeen alde borrokan jarraitzea, eta batez ere migratuen alde, guretzat ere bete dadin Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak ezarritakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.