Ez izatearen beldur

Zerbaitetara huts egiteko beldurra da FOMOa, eta baztertua izateko beldurrak eragiten du. Ez da sentimendu berria, baina sare sozialek areagotu egin dute. Presio sozial hori deseraikitzeko asmoz, aurkako fenomenoa sortu dute: JOMOa.

FOMOa JOMOa
ILUSTRAZIOA / GOTZON BELOKI
inaki rubio
Iruñea
2024ko apirilaren 6a
05:00
Entzun

Gauero lez, ohean sartu eta azkeneko begiratua eman dio sakelakoari, segidan itzaltzeko asmoz. Instagrameko istoriobatek hartu du pantaila, ordea: lagunak ageri dira, herriko taberna gogokoenean Hoferen El Xokas abestia dantzatzen. Korapilatu zaio eztarria; kalera ateratzen ez bada, gauean jazotakoak galduko ditu. Amaiur Agirrek ez du irteteko batere gogorik, akiturik baitago, baina ez du lekuz kanpo sentitu nahi biharamuneko poteoan. Azkar batean jantzi, eta taberna zulorantz joan da.    

Gutxi izanen dira halakorik inoiz sentitu ez dutenak. Egiaz, sentsazio aski hurbilekoa izanen du askok. «Ez dakit nola azaldu, baina bat-bateko ezinegon batek hartzen zaitu», esan du gazteak. Fenomeno horrek, ordea, badu izena: FOMOa. Ingelesezko Fear of missing out (zerbaitetara huts egiteko beldurra) esamoldearen akronimoa da. EHUko psikologia klinikoko irakasle Juan Manuel Matxinbarrenaren arabera, besteek bizi dituzten esperientzia atsegingarrietara huts egiteko beldurrak sortzen du FOMOa. 

Zaila da zehazki jakitea terminoa nondik datorren: adituen arabera, 2004an agertu zen lehenengoz, eta sare sozialen agerpenarekin hedatu zen ondoren, 2013an Oxford hiztegiak aintzat hartzeraino. Egun, ohikoa bilakatu da, sarean eta gazteen artean bereziki. Terminoak ez du itzulpen zuzenik euskaraz edo erdaraz, baina Interneteko komunitateak mailegu gisa hartu du.

«Lagunak zertan ari diren jakiteko nahi horrek sare sozialak konpultsiboki erabiltzera bultza dezake erabiltzailea».

JUAN MANUEL MATXINBARRENA, EHUko psikologia klinikoko irakaslea.

Hizkuntzalarien arabera, egoera berriak deskribatzeko beharra dago FOMO hitza sortzearen atzean. «Izena duenak izaera baitu», esan du Matxinbarrenak. Elixabete Perez euskal filologoarendako, halaber, ez da kezkagarria bertze hizkuntzetako maileguak erabiltzea. Izan ere, hitz asko «lexiko hutsa» dira, eta, denboraldi batez anitz erabili ondotik, ez dira gehiago esaten: «Hiztunok garai eta giro jakin batean bizi gara, eta momentuan nagusi den hizkuntzatik jasotzen ditugu maileguak». Halaber, adierazi du egun euskarak aukera «izugarriak» dituela lurralde berriak esploratzeari dagokionez. «Euskararen erronka da lagunarteko hizkera erregistro batua sortzea; komunikatzeko era berriak esploratu behar ditugu».

Matxinbarrenaren aburuz, ordea, FOMOa, sentimendu gisa, ez da berria: «Gizakia bezain zaharra da». Izan ere, irakaslearen arabera, baztertua izateko beldurra dago fenomeno horren gibelean, baina bereizgarri batekin: sare sozialak desegoki erabiltzeak areagotu egin du FOMOa sentitzeko aukera. «Orain, lagunak zertan dabiltzan ikus dezakegu, Instagrametik esaterako, eta zertan ari diren jakiteko nahi horrek sare sozialak konpultsiboki erabiltzera bultza dezake erabiltzailea, FOMOaren kariaz, besteak beste». Dena den, fenomeno hori sare sozialetatik kanpo ere gertatzen dela gehitu du.

Kausa bezainbeste ondorio

Amaiurrek aitortu du tentu handiz aukeratu izan duela sareetan zer argazki jarri. Arduratu egiten zuen bere irudiak, «akaso gehiegi». Hori ere izan daiteke FOMOaren eragileetako bat, Matxinbarrenak azaldu duenez. Era berean, besteekiko konparazio obsesiboak ere eragina izan dezake. «Sare sozialetan perfekzioa bilatzen saiatzen gara etengabe», esan du Agirrek. Hain zuzen ere, nortasunaren hainbat ezaugarriri loturik dago fenomeno hori: kasurako, autoestimuari. 

Halaber, kausa bezainbeste ondorio izan ditzake fenomeno horrek. Kontzentratzeko arazoak, ezinegona, inbidia eta baztertua izateko beldurra dira nagusiak, irakasleak argitu duenez. «Nahi ez ditugun gauzak egitera ere behartzen gaitu maiz FOMOak», gaineratu du. Tiktok sare sozialean egiten diren erronkak jarri ditu adibidetzat: «Influencer-ek egiten dituzten horiek egiteko presioa sentitzen dute, gazteek bereziki».

Batez ere udan nabaritu du FOMOa Amaiur Agirrek. «Plan askoz gehiago egiten dira, eta guztietara ezin joateak urduritu egiten ninduen hasieran». Matxinbarrenak dioenez, sare sozialek areagotu egiten dute zerbaitetara huts egiteko beldur hori: «Irudiak egundoko garrantzia du aro honetan, eta sareetan jartzen dena maiz ez da erreala izaten» . Era berean, klase sozialak ere eraginik baduela esan du Agirrek: «Langile prekarioa naiz, eta plan batzuk ezin ditut ordaindu». 

«Udan askoz plan gehiago izaten dira, eta guztietara ezin joateak urduritu egiten ninduen».

AMAIUR AGIRREFOMOa bizi izan duen gaztea.

Agirrek 25 urte ditu, eta FOMOa aski ezaguna da haren inguruan, sare sozialetan aritzeagatik batik bat. Hargatik, gazteei erantsi zaie nagusiki fenomeno hori garatzeko joera. Matxinbarrenaren aburuz, ordea, edonork sentitu dezake hori: «Gazteak hasi dira fenomeno horri izena jartzen, baina adina, per se, ez da faktore erabakigarri bat». Halere, nerabeak eta gazteak dira zaurgarrienak, harreman sozialak ehuntzen hasten baitira orduan. «Sentimendu hori nerabezaroan izan nuen bereziki; baina urteak pasatu ahala, apaldu egin dela sumatu dut; jada ez naiz hain menpekoa», esan du Agirrek.

«Ez izan inozoa eta erosi sarrerak, hogei baino ez baitira geratzen!», dio Interneteko iragarki batek. FOMOa nahita ere piztu daiteke, eta enpresa handiek, bide hori baliaturik, alferrikako beharrak sortzen dizkiete erabiltzaileei. Patroi ilunen bidez egiten dute hori, hau da, sareko erabiltzaileen jarrera bideratzea helburu duten teknikak erabiliz. «Azken finean, FOMOak kapitalismoaren interesen pean jarduten du», esan du irakasleak. Sare sozialak ere ez daude ausaz diseinatuak: «Scroll infinitu deritzona sustatzen dute, erabiltzaileak orduak eta orduak egoteko sareetan».

«Baina nola jakin FOMOa ote duzun?», galdegin du irakasleak. «Hauxe da gakoa: diagnostiko psikologikoak ez dira positiboak edo negatiboak, medikuntzaren gisan». Arazoak continuum batean izaten direla azaldu du. Halaber, FOMOa egunerokoa oztopatzen duenean bilakatzen da arazo: «Ikasketak alde batera utzi, ondoeza sentitu, erlazionatzeko orduan arazoak izan…». Juan Manuel Matxinbarrenak argi eta garbi utzi du: «FOMOa ez da nahasmendu bat». Halaber, gizartean gailendu den joera patologizatzaileaz ohartarazi du: «Edozeri deitzen diogu nahasmendu gaur egun». Izan ere, sufrimendu psikosozialeko arazoak arinkeriaz tratatzeko joera zabala da, gazteengan bereziki: «Ikasleei entzun izan diet esaten: 'Ai, ze depresioa daukadan edo kristoren TOCa ematen dit horrek'». Irakasleak azaldu duenez, triste egotea ez da deprimituta egotea, eta mania batek ez du zertan izan nahasmendu obsesibo-konpultsibo baten adierazle.

«Guztia dugu eskura, baina ez dugu tresnarik hori kudeatzeko; kolektiboki sortu behar ditugu».

ESTITXU GARAI Ikerlaria

Halaz ere, FOMOaren sintomak aintzat hartzeko deia egin du irakasleak: «Nahasmendua arazoaren gailurra da, baina komeni da laguntza lehenago eskatzea». Gazteekin eta nerabeekin pedagogia lantzea ere ezinbestekotzat jo du irakasleak: «Saiatu behar dugu ulerkorrak izaten; azaldu behar diegu sare sozialetako dinamikek ez dutela hainbesteko garrantzirik, baina haiendako duen garrantzia kendu gabe». Dena den, psikologo batengana jotzea gomendatu du irakasleak: «Psikologoak ikusiko du beste arazo larriagoren bat ote dagoen FOMOaren atzean». Estitxu Garai ikerlaria da, eta gertutik aztertu ditu komunikabideak eta horien jarduna. Haren ustez, komunikatzeko tresnak erabiltzeko orduan arduratsu jokatzea da FOMOari eta halako fenomenoei aurre egiteko gakoa. «Guztia dugu eskura, informazio asko, baina ez dugu tresnarik hori kudeatzeko». Halaber, tresna horiek kolektiboki garatzeko deia egin du: «Ezinezkoa da indibidualki tresnak sortzea: kolektiboki egin behar dugu».

Beldurretik kemena

Lagunarteko plan, irudi, informazio eta bestelakoen bonbardaketa zabaldua egonagatik, badira aurkakoa hautatu dutenak ere. Ekintza orok erantzuna duen moduan, FOMOak ere badu bere antitesia; JOMOa [Joy of missing out] — euskaraz, zerbaitetara huts egitearen gozamena —. «Jarrera edo filosofia bat da: batzuetan, gure ongizatea lehenetsi behar dugu, eta horren araberako hautuak egin», esan du Matxinbarrenak. Ezer ez galtzearen presioari aurre egitea da, finean, JOMOa hautatzea: «Ezinezkoa da gauza guztietan parte hartzea, eta ez da ezer gertatzen». Arnastu eta putz egin, biak batera ezin. 

Termino hori Christina Crook idazleak sortu zuen, 2014an, The Joy of Missing Out: Finding Blance in a Wired World (Zerbaitetara huts egitearen gozamena: Mundu konektatu batean oreka bilatzen] liburuan ondu zuenean. Etengabe konektaturik egotearen arriskuez ohartarazi zuen idazleak liburuan, eta hainbat jarraibide eman. Matxinbarrenaren aburuz, oreka bat bilatzean datza gakoa. Amaiur Agirrek deseraiki egin du menpekotasun hori, eta presio sozialetik at jarduten saiatzen dela azaldu du. Ez izatea baita maiz norbera izateko bide bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.