Gazte zela, 25 urteren bueltan hasi zen Pedro Gonzalez pedalei eragiten. 53 urte bete dituen arte, kirola izan du aisialdirako irtenbidea eta osasunaren ardatza.
Sebastian Manzisidor tandemeko aurrealdean dela, Pedro Gonzalezek ordu asko pasatzen ditu Euskal Herriko txokoak zeharkatuz. Ikusmen urritasuna izan arren, kirola eginez gozatzen du gehien errenteriarrak. Gonzalezek Pasaiako Onceren etxolan pasatzen ditu eguneko ordu gehienak, huraxe baita haren lantokia. Etxolatik ateratzean, ordea, txirrindua hartu eta lagun artean egundoko ibilaldiak egiten ditu.
«Gehienbat osasuntsu mantentzearren egiten dut kirola. Hala ere, gero eta gehiago lantzean, gero eta gustu handiagoa hartzen zaio ariketa fisikoa egiteari». Ikusmen urritasuna izateaz gain, diabetikoa ere bada, eta onura asko ematen dizkio kirolak. «Taldean kirola egitean sortzen den giroa oso gustuko dut», adierazi du.
Hondarribiko Tourra
Gonzalezek parte hartu duen azken lasterketa iaz izan zen. Indivisa elkarteak antolatutako Itsuen Tourra deituriko lasterketa izan zen. «Azken lasterketa honetan parte-hartzea ikaragarria izan ez bada ere, aurrera begira gisa honetako lasterketak indartuko direla esan daiteke». Izan ere, gero eta gehiago dira urritasun fisikoren bat izan arren kirolean jarduten duten euskaldunak.
Hondarribiko lasterketa esperientzia positibotzat jotzen du kirolariak: «Onceko taldekideok horrelako egitasmoetara ohituta gaude, kirola egiten dugun jendea gara, eta horrelako ekintzak gustuko izaten ditugu». Itsuentzako lasterketa, lehia baino gehiago, kalera ateratze baten gisa hartzen du Gonzalezek.
Hondarribiko kirol portutik abiatu eta txirrinduentzako egokitutako bidetik, hondartzatik buelta emanez herria zeharkatu zuten.
Gonzalezek ez zuen lehen aldia tandemaren gainean. Betidanik gustuko izan du kirola egitea, eta ikusmen urritasuna izan arren, «hori ez da sekula atzera egiteko arrazoia izan». Gehiena bizikletan ibiltzea gustatzen zaio errenteriarrari. «Gainontzekoak autoan ibiltzen dira; nire ibilgailua, berriz, tandema da, hantxe sentitzen naiz gustura».
Urte askoko esperientzia darama bizikletaren zakuetan. Euskal Herriko mugak ere gaindituak ditu txirrindulariak. Donejakue bidea zeharkatu zuen Gonzalezek, lagun batzuen konpainian.
2009. urtean, berriz, Behobia-Donostia lasterketan ere atera zen: «Hura bai izan zela emozioz beteriko lasterketa». Errepidean ongi moldatzen bada ere, igeriketa ere asko gustatzen zaio Gonzalezi; pilates ere praktikatzen du, eta lasterka egitera ere irteten da. Hark dioen moduan: «Ez naiz geldirik egoten den horietakoa».
Aurrera begirako erronkak datozen eran baina bizikleta gainean hartuko ditu Gonzalezek: «Aurrerantzean ere orain arte bezala jarraitu nahiko nuke».
Pedro Gonzalez. Txirrindularia
«Ez naiz geldirik egotekoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu