Bi arto zakuren gainean egur xafla bat jarri eta esku ohe bat sortu zuen, basoaren erdian, ez baitzegoen bertze baliabiderik Chalatenango mendietan (El Salvador). Urruti zegoen herria, eta, han, gerraren erdian, ezin zuten bertze borrokalaririk galdu. Hantxe egin zion ebakuntza gerrillari zauritu bati. Medikua da Beatriz Iarza Beitia (Oñati, Gipuzkoa, 1956), eta berrogei urte egin ditu El Salvadorren. Horietatik bederatzi, gerrilla baten barrenean, sendagile.
Haurra zinela, mediku izan nahi zenuen handitan?
Bai, esaten didate txiki-txikia nintzenetik esaten nuela mediku izan nahi nuela. Nik ere oroitzen dut 7-8 urte nituenean garbi nuela zer izan nahi nuen handitan. Ikasketak Oñatin hasi nituen, herrian, gainontzeko haurrek bezala. Ikasi, jolastu... Gero, ordea, Valladolidera [Espainia] joan behar izan nuen Medikuntza ikastera, [Francisco] Francok ez zigulako Euskal Herrian ikasten uzten.
Nola oroitzen dituzu unibertsitateko urteak?
Karrera gogorra izan zen, asko ikasi eta lan egin behar zen. Baina asko gustatzen zitzaidan, eta, ikasle ona nintzenez, gustura egiten nituen egin beharreko lanak. Batzuetan asko kostatzen zitzaidan, baina ez nuen bereziki sufritu. Gutxien gustatzen zitzaidan ikasgaia Kirurgia zen, eta, gauzak nola diren, gerora horixe da gehien egin dudana. Ez zitzaidan asko kostatzen ikastea, eta ondo uztartzen nituen ikasketak eta kalea. Bazeuden ikasgai batzuk beste batzuk baino gogorragoak, noski, eta lan handia egin behar izan nuen, baina merezi izan du.
Karrera batekin, ordea, ez zenuen aski izan.
Valladoliden 7 urte egin nituen; 1972an bukatu nuen, baina amaitutakoan argi neukan ikasketak ez zirela hor bukatzen niretzat. Medikuntza Tropikala egin nahi nuen; Espainian ez zegoenez halakorik, Anberesera [Belgika] joan behar izan nuen ikastera. Lehenengo, ordea, bederatzi hilabetez aritu nintzen Laredon [Espainia] lanean, larrialdietan. Diru pixka bat egin ondotik lortu nuen Anberesera joatea.
«Noski, bagenekien ez zituztela puxikak eta goxokiak jaurtiko, bagenekien tiroka eraso egingo zigutela, baina ez genuen asko pentsatzen horretan»
Zer da Medikuntza Tropikala?
Zuk zeuk egitea dena. Hutsetik ikasi nuen dena egiten; baliabide teknologikorik gabe artatzen, sendatzen eta zaintzen erakutsi zidaten. Ikasi nuen nola egin ebakuntza bat argindarrik gabe eta ia beharrezko materialik gabe. Zerbait derrigor egin behar duzunean, beti aurkitzen duzu hori egiteko modu bat, baina inprobisatzen ikasi behar da, eta jakintza hori jaso nuen Anberesen. Medikuntza Tropikala oso ohikoa zen Afrikako herrialde askotan, eta nire ideia hirugarren mundura joatea zen; ez nuen neure burua beste inon ikusten.
Asko-asko ikasi nuen Anberesen, eta asko lagundu zidaten. Irakasle gehienak oso helduak ziren dagoeneko, urte mordoa Afrikan pasatu ondotik sartu baitziren irakasle. Ongi zekiten zer zen inolako teknologiarik gabe lan egitea, eta horrelako egoeretarako prestatzen gintuzten. Erakutsi ziguten lagin bat geronek landatzen, eguzki-mikroskopioarekin begiratzen... Prestatu gintuzten gu geu izan gintezen guztia egiteko gai, beste inolako teknologiaren beharrik gabe. Inguru tropikaletan dauden gaixotasunak ikasi genituen: malaria, filaria... eta eritasun horiek nola sendatu.
Baina zu ez zinen Afrikara joan, zu El Salvadorrera joan zinen.
Gure fakultatean, beste askotan bezala, Nikaraguaren aldeko batzordeak zeuden, eta, hango iraultzak garaipena lortu zuenean, bi lankide etorri zitzaizkidan zera esatera: «Nikaraguan gertatu bada, El Salvadorren ere pasatuko da!». Hasieran ez nuen ulertu, ez nekien zer gertatzen zen han. Orduan hasi nintzen lehendabiziko liburuak irakurtzen, argazkiak ikusten eta datu itsusi asko entzuten.
Anbereseko ikasketak bukatu nituenean, dagoeneko hasia zen gerra zibila El Salvadorren. 1981ean hasi zen hirian, lehendabizi hiriari egin baitzioten eraso. Ordurako bazeuden Hondurasen errefuxiatuen kanpalekuak, Nazio Batuen Erakundeak antolatuak. Eta UNHCR [Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria] erakundeak hainbat agentzia kontratatu zituen langileak kanpalekuetara bidaltzeko. Osasun langileei dagokienez, Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko langileak kontratatzen zituzten, baina zailtasun asko zeuzkaten langileak topatzeko. Ez zen batere egoera atsegina, gogorra zen, eta inork ez zuen hara joan nahi izaten.
Eta nola izan zuten zure berri?
Nik baneukan lagun katalan bat, eta harekin adostu nuen bietako batek lana aurkituz gero laguna ere eramango zuela. Halaxe joan nintzen Bartzelonara lanera, lagunak lana lortu zuelako han. Baina handik egun batzuetara amak deitu zidan telefonoz, eta esan zidan frantziar batzuk etxera deika ari zirela, nitaz galdezka. Anbereseko unibertsitatean jakin zuten nire berri, eta Hondurasera joateko proposatu zidaten. Baietz esan nien, baina nire laguna ere nirekin etorriko zela. Biak joan ginen.
«Gerra aldatzen zen heinean, gure errealitatea ere aldatu egiten zen, ez zen inoiz lineala izan»
Nolakoa zen errefuxiatuen kanpalekuan bizitzea?
Gu iritsi ginenean, kanpalekuak urtebete inguru izango zuen, eta hankaz gora zegoen dena. Honduraseko armadak inguratzen gintuen, eta behin hara sartuta, ez zioten inori hortik ateratzen uzten, errefuxiatu guztiak gerrillariak zirela uste zutelako.
Guk ere kanpalekuan egiten genuen lan; herri bat geneukan nahiko hurbil, baina ezin genuen inoiz kanpalekua sendagilerik gabe utzi. Bestela, armada sartu eta tiroka hasten zen. Dena den, gu errefuxiatuak baino hobeto bizi ginen. Haiek egurrezko lau zutabe zituzten, plastiko handi batekin inguratuta, eta han bizi ziren, etxola bakoitzean bi familia inguru. Sendagileok, ordea, binaka bizi ginen, espazio berean eta ohe erosoago batzuetan. Baldintza gogorrak ziren, baina aberasgarria zen, eta lan egiteak ondo sentiarazten gintuen.
Gaixo guztiak artatzera ailegatzen zineten?
Bai, ahal zen moduan, baina iristen ginen. Errefuxiatu gehienak haurrak eta adinekoak ziren, gazterik ez zegoen ia. Gerra zibila geroz eta indartsuagoa zen El Salvadorren, eta kanpalekuan ere geroz eta errefuxiatu gehiago zeuden. Sarraskiak geroz eta larriagoak ziren, eta guk geroz eta gaixo gehiago geneuzkan artatzeko. Edateko urik ere ez geneukan oraindik, ezta komunik ere. Aihotz batekin joaten ginen eta zulo bat egiten genuen lurrean; gero, tapatu. Hori zen gure komuna. Gaixotasun asko izan nituen, parasito asko. Urte batzuk geroago, gerrillan nintzenean, edateko ura jarri ziguten, eta asko aldatu zen egoera.
Zergatik aldatu zinen kanpalekutik gerrillara?
Errefuxiatuen kanpalekuan testigantza eta bizipen asko entzuten nituen, eta orduan hasi nintzen El Salvadorko historiaz gehiago jakiten. Baina benetako historiaz, ez liburuetakoaz, baizik eta barrutik bizitzen zenaz. Harrigarria eta miresgarria egiten zitzaidan jendearen borrokarako gogoa zenbaterainokoa zen, eta noraino hel zitekeen. Uste dut horrek denak bultzatu ninduela egun batean erabakia hartzera. Pentsatu nuen nire beharra handiagoa izango zela gerrillan kanpalekuan baino. Kanpalekura etengabe etortzen ziren sendagile berriak, baina inor gutxi joaten zen gerrillara. Gainera, gerraren erruz elbarri gelditu zen gizon batekin maitemindu nintzen, eta horrek ere eragina izan zuen nire borrokarako gogoan.
Ez zizun beldurrik ematen?
Esango nuke pixka bat inozoak ginela, ez genuen oso argi zer aurkituko genuen. Noski, bagenekien ez zituztela puxikak eta goxokiak jaurtiko, bagenekien tiroka eraso egingo zigutela, baina ez genuen asko pentsatzen horretan. Kanpalekuan askotan gertatu zitzaidan tiroek egindako zauriak itxi behar izatea, eta banuen gertatzen zenaren ideia bat, baina banekien senda zitekeela. Gerrillariek ez zuten beldurra adierazten, nahiz eta izan bazuten. Guk bestela pentsatzen genuen: ez badugu garaipena lortzen, hil egingo gaituzte. Ez genuen beste aukerarik irabaztea baino.
«Buztinezko labeak erabiltzen genituen materiala esterilizatzeko, lehen ogia egiteko erabiltzen zituztenak, hain zuzen ere. Gasak eta bendak ere ez genituen izaten, eta bonbardatutako etxeetara joaten ginen arropa zaharren bila»
Eta nolakoa zen gerrillarien bizitza?
Urte bakoitza oso desberdina zen. Hasieran Chalatenangoko mendietan izaten ginen, eremu indartsu eta kontrolatu batean. Gerrillak mendi horietako hainbat herri hustea lortu zuen, eta nahiko haiena egina zuten ingurua. Gerra aldatzen zen heinean, gure errealitatea ere aldatu egiten zen, ez zen inoiz lineala izan.
Haurdun zinela sartu zinen gerrillan.
Ez zen ama izateko testuingururik onena, baina bai, hala egin nuen. Orduan kanpalekuak nahiko egonkorrak ziren oraindik, zazpi-zortzi hilabetez leku berean egon gintezkeen, ospitale berean.
Nolakoa da ospitale bat han?
Lehen aldiz esan zidatenean ikusten ari nintzena erietxe bat zela, harrituta geratu nintzen. «Hau da zuentzat ospitale bat?», esan nien. Geroztik askoz ere okerragoak ikusi ditut. Kanaberarekin egiten genituen oheak, eta gu geu ginen anbulantzia, lau-sei pertsonaren artean bizkar gainean eramaten baikenituen zaurituak. Eremua bonbardatzen baziguten, lekuz aldatu behar izaten genuen. Zorte pixka bat izan genuen, eta zibil alemaniar batzuek abisua ematen ziguten Chalatenangoko kuartelera errefortzuak iristen zirenean; denbora izaten genuen mugitzeko. Lau mediku ginen hasieran, euskaldunak eta katalanak denak. Gero beste mediku batzuk etorri ziren, eta asko ikasi genuen haiekin.
Baliabiderik gabe, nola egiten zenituzten ebakuntzak?
Denbora pasatu ahala, denetik egiten ikasi genuen; asko trebatu ginen, eta ebakuntza asko egiten genituen. Pentsa, gure serum propioa sortu genuen, eta hain ondo atera zen, ezen kanpalekuetara bidaltzen hasi baikinen! Noski, lehendabiziko aldiz gerrillari zauritu bati serum hori sartu behar izan genionean, beldur handia pasatu nuen, eta xiringa handi bat eduki nuen eskuetan, badaezpada. Buztinezko labeak erabiltzen genituen materiala esterilizatzeko, lehen ogia egiteko erabiltzen zituztenak, hain zuzen ere. Gasak eta bendak ere ez genituen izaten, eta bonbardatutako etxeetara joaten ginen arropa zaharren bila. Ez genuen inor uzten herren, den-denak sendatzen genituen: inor herren geratzen bazen, ezin zuen gerrillari izaten jarraitu.
Egoera horretan, zaila izanen zen haur bat izatea, ezta?
Bai, ama izatea gogorra izan zen, gerra ez delako haurrentzako leku bat. Garai hartan, armadak hiruko taldeak egin, eta soldaduak entrenatu zituen gerrillariak non zeuden jakiteko; alegia, infiltratzeko eta gero haiei informazioa bidaltzeko. Armada, orduan, guregana etortzen zen, eta dena txikitzen zuen. Ez zegoen giza eskubiderik, gerran ez da inoiz halakorik izaten. Gainera, ospitaleak bonbardatzea interesatzen zitzaien, gerra guztietan bezala.
Testuinguru horretan, argi ikusi nuen nire semeak ezin zuela hor bizi. Estrategiaz aldatu genuen, eta kanpamentua bi-hiru egunez behin aldatzen genuen.
«Jendeak hitz egiten zuen hipotekaz, modaz, haurrez... eta nik ezin nuen jasan, oso bestelako errealitate batetik nentorren, eta han ez zegoen modaz edo etxeez hitz egiteko astirik»
Bake akordioa sinatu zuten arte.
Bake akordioa ez zen berehala iritsi, inork ez duelako adostasuna lortu nahi izaten. Gauza bera gertatzen ari da Palestinarekin eta Israelekin. Baina, iritsi zenean, sekulako poza izan zen. Ez dakit ondo azaltzen zer sentitu nuen. Bake akordioak ez zuen bakea bakarrik ekarri, baizik eta armadak onartzea ezin izan zuela gerrilla garaitu.
Handik, hirira?
Bai, baina ez pentsa hirian egoera bikaina zenik; beldurrez bizi ginen. Jende asko hil zen gerran, eta hiritar guztiak ez zeuden ados gerrillariekin. Alokairuan bizi ginen, El Salvadorko etxe batean, eta bizilagunei esaten genien orduantxe etorriak ginela herrialdera, bake akordioa lortu ostean. Beldurra ematen zigun egia esateak, eta Oñatin utzitako jendeari ere ez nion egiarik esaten. Familiari bai, haiek bazekiten gerrillan nintzela, baina haiek ere ez zuten zabaldu nahi izaten. Ez nien esaten gerrilla batean nintzenik, Nikaraguan nintzela uste zuten.
Duela bi urte itzuli zinen Oñatira. Zerk harritu zintuen gehien?
Talka handiena ez dut azken itzulera honetan bizi izan, baizik eta 1986an, semea gerrillatik ateratzea lortu nuenean. Jendeak hitz egiten zuen hipotekaz, modaz, haurrez... eta nik ezin nuen jasan, oso bestelako errealitate batetik nentorren, eta han ez zegoen modaz edo etxeez hitz egiteko astirik. Geroztik, etxera itzuli naizenean, banekien nolako aldea zegoen handik hona, eta ez nuen halako harridurarik hartzen.
Nire asmoa ez zen betirako itzultzea. Nik hara eta hona ibili nahi nuen: hotza iristean, hona; gero El Salvadorrera joan, berora, eta gero, berriz itzuli. Baina Bukelek [Nayib, El Salvadorko presidentea] ez dit hori egiten utzi. Dagoeneko ez daukat lagun askorik han, gehienak erbestean edo preso daude. Alaba Argentinan bizi da; hara joatea besterik ez zait gelditzen.