Loli Sarasua Gallo. Nekazaria eta Lezako alkate ohia

«Ez sinestekoa da Guardian B eredua egon zedin sufritu behar izan genuen guztia»

Lezako alkatea izan zen zortzi urtez Sarasua; mahastiak zaindu zituen; etxeko lanez arduratu... Erretiroa hartu ondoren, zinegotzi gisa itzuli da, eta, zenbait lagunekin, gaur-gaurko gaien eztabaida sustatzen du Arabako Errioxan: 'Fracking'-a, TTIP...

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Leza
2016ko apirilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lanerako grina du Loli Sarasua Gallok (Villabuena, Araba, 1941). Arabako Errioxako familia asko bezala, zelaian eta upategian egin du lan bere bizitzan. «31 urte kotizatzen nekazari moduan». Emakumeen bizkarrean utzitako etxeko lana ere gogorarazi du: «ordaintzen ez den» lana, hain zuzen ere. Horrez gain, Lezako alkate izan zen zortzi urtez, zinegotzia, Lezako Ureztatzaileen Komunitateko presidentea... Gainera, euskaraz hitz egin ez arren, Guardian euskaraz ikasteko aukera egon zedin lan eskerga egin zuten emakumeen artean dago.

Lehen solairuko gela bat aukeratu du elkarrizketa egiteko. Eskailerak igo bitartean, etxe handia dela azaldu du. «Hartuko nituzke errefuxiatu batzuk hemen, baina Europa ez da betetzen ari hasieran esan zuena», kritikatu du. Gaur-gaurko gaiak aipatu ditu hitz egin bitartean: Panamako paperak, TTIP Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa... Bizi hitz egiten du; kementsu.

Nola oroitzen duzu haurtzaroa?

Haurtzaroa... hobe ezer ez esatea. Nire etxean ondo, ezin kexatu, baina... Gurasoek agindutakoa baino gehiago beste batzuek esaten zizutena egin behar zenuen, arazoak ez izateko.

Beste batzuek?

Apaizak eta herriko beste indar batzuek agintzen zutena egin behar zen. Galdutako urteak izan ziren, alor guztietan. Gerora pentsatzen duzu, eta... pena.

Eta eskolan?

Eskolan oso ondo, egia esan. Cara al Sol ere ez genuen abesten, pentsa. Mutilen eskolan, egunero abesten zuten, baina neskok geunden ikastetxean ez. Irakasleak esaten zigun: «Inspektorea datorrenean esan behar diozue egunero abesten dugula, ados?». 14 urtera arte aritu ginen ikasten; garai horretan derrigorrezkoa zen.

Eta derrigorrezko ikasketen ostean?

Ahal zuenak kanpoan ikasten zuen, eta aukera ez genuenok herrian geratzen ginen. Diruaz gain, aldeko txostena behar zenuen, noski! Alkatearen iritziz, gurasoak izan behar zuten modukoak ez baziren, dirua izanda ere ezin zen ikasten jarraitu. Nik ez nuen aukerarik izan. Irakasleari pena eman zion ikasketekin ez jarraitzeak, aitak gerora kontatu zidanez.

Garai batean, inguru honetan, artzaintza zegoen, laborea ere landatzen zen... Gaur egun mahatsa da nagusi. Nola ikusi duzu inguruaren aldaketa hamarkaden joanarekin?

Villabuenan mahasti gehiago zegoen, eta baten batek ardiak zituen. 55 urte dira Lezara mugitu nintzenetik, ezkondutakoan, eta garai hartan guk geuk ere bagenituen abereak. Behi asko zegoen herrian, ardiak... Baina gerora mahasti gehiago landatu ziren...

Ardoaren gorakadagatik?

Garai horretan ere ardoa egiten genuen. Eta esan dezatela nahi dutena, baina oso ona zen orduan ere! Lursailak banatzen genituen: beheko partean laborea ereiten genuen, haietan uzta hobeak lortzen zirelako; goiko partean, lur pobreena zegoen lekuetan, mahastiak jartzen genituen. Ardo gutxiago ematen zuten, baina aparta. Baina aita ez zen ardogilea, errementaria baizik.

Aita errementaria, baina zu ardoaren salmentan ibili izan zara.

Bai, urte askoan botilan erosi izan dugu. Baina, gerora, upategi handiekin ezin lehiatu... Esan ohi da handiekin ezin garela lehiatu, baina txikiekin ezta ere!

Zergatik?

Deitu nahi duzun moduan, baina bizi garen herrialde hau iruzurgileena da. Etiketarik gabeko ardoa ezin da saldu, baina saldu izan da. Ogasun publikoari bizkarra emanda saltzen zen ardoa, hain zuzen ere. Bi mahats uzta egon ohi ziren: bat aitortzen zutena eta bestea aitortu gabekoa. Hori garai batean gertatzen zen, baita gaur egun ere.

Hortaz ardoaren merkatua...

Gainontzeko merkatuak bezala, ez gehiago, ezta gutxiago ere. Batzuek zintzo jokatzen dute, eta beste batzuek, ez.

Arabako Errioxak duen ahalmena nabarmendu duzu behin baino gehiagotan. Elkarrizketa batean paradisua izan zitekeela ere esan zenuen.

Zelaia asko gustatzen zait. Mahasti baten ondotik pasatzean, nirea izan edo ez, begira geratzen naiz... Paradisua izan zitekeen, bai...

Baina? Zer falta zaio, bada, paradisua izateko?

Kultura handiagoa! Begira zein gauza txikia, eta ze zaila den hori lortzea... Mundua ez da mahats asko hartzea eta ardo asko egitea. Kultura handiagoa izango bagenu, beste modu batekoa litzateke dena. Bizitza osoan pentsatu dut hori dela garrantzitsuena, eta orain, nagusia naizela, are irmoago defendatzen dut hori.

Kultura aipatu duzula, Guardian euskaraz ikasi ahal izateko prozesuan parte hartu zenuen. Nola izan zen hori?

Egon ginen horretan sartuta, bai, baina Encarna Martinez Cuende izan zen horretan gidari. Ceci, ni... eta Guardiako beste hainbat emakume aritu ginen, baina Encarna izan zen aitzindaritza lana egin zuena. 40 urte inguru izango dira hasi ginenetik, eta luzea izan zen.

Zergatik izan zen luze?

Ez sinestekoa da GuardianB eredua egon zedin sufritu behar izan genuen guztia.

Zenbat ate jo behar izan zenituzten aurrera jotzeko?

Alor horretan zortea izan genuen, Carlos [Garaikoetxea] lehendakari izan zelako. EAJn geunden biok, eta ezagutzen nuen. Dena den, jakin izan bagenu izango genituen lanak... Tira: berdin-berdin egingo genuen, baina gogorra izan zen. Nire kasuan, gaitz erdi, Lezan bizi eta hara itzultzen nintzelako. Baina Encarna Guardian bizi zen; sufritu behar izan zuena...

Eta irakasleak lortzeko?

Etortzen ziren, baina apenas irauten zuten! Eta normala da. Astakeriak baino ez zizkieten esaten kalean, euskaraz ematen zutelako eskola. Leitzako [Nafarroa] irakasle bat heldu zenazkenik, eta gu bezain burugogorra zen! Urteak pasatu ditu lanean.

B ereduaren alde egin zenuten hasieratik. Zergatik?

Garai horretan Guardian ikastola egitea ezinezkoa zela bagenekien. Gainera, asmoa genuen ikastetxe publikoan bertan emateko euskara; ez genuen nahi ume batzuk leku batera eta besteak bestera joatea. Alkateak zaildu zuen dena, baita irakasle batzuek ere... Zuzendaria jatorra zen, ordea. Logroñokoa zen, beste irakasle nagusi eta jator bat bezala. Esaten zigun: «Zuek ez zaudete burutik sano» [eskuin eskuko hatz erakusleari bueltak eman dizkio buruaren ondoan]. Arrazoi apur bat ere bazuen [barre egin du].

Lau hamarkada igaro dira ordutik. Zein hausnarketa egiten duzu bizitako trabak gogoratzean?

Ilobek Guardiako ikastetxean ikasi dute, B ereduan, eta euskaraz entzuten ditudanean nire alabekin... Bide batez, alabek ere Guardian ikasi zuten, eta egun EGA eta guzti dute! Pena izan zen nagusiak A ereduan ikasi behar izan zuela, euskara beranduegi sartu zelako, eta bi ikasturte atzera egin behar zuelako euskaraz ikasteko. Ordea, gerora ikasi zuen, eta nola gainera!

EAJko kide izan zinela aipatu duzu.

Esan behar dut aita nazionalista izan zela. Nazionalista izateagatiksufritu behar izan zuen; besteak beste, 1944an espetxeratu zuten. Sinetsita sartu nintzen alderdian, baina gerora, sentitu nuenean EAJ ez zela izan behar zuen hori, atera egin nintzen eta Eusko Alkartasunera pasatu nintzen.

Militantzia urte horietan guztietan Lezako Udalean aritu zinen, hiru agintalditan behintzat.

Lau urte, EAJko zinegotzi gisa, 1983tik 1987ra; eta gero, zortzi urte, alkate gisa, EAn nengoela.

Nolakoa da herri txiki baten kudeaketa?

Nola nahi duzu izatea? Gaietan sartu nahi baduzu, erabat murgiltzen zara, eta paso egin nahi baduzu, bada, paso egiten duzu!

Eta zu murgiltzearen aldekoa zara?

Gehiegi [barre egin du]. Horretan eta beste gauza askotan! Begira [leihoan dagoen fracking-aren aurkako kartela seinalatu du]: fracking-a, TTIP... Erotzekoa da gertatzen ari den guztia!

Herrian ez dira haustura hidraulikoaren aurkako kartelak falta.

Gutxi batzuk gara horretan sartuta gaudenak. Egun batean, lagun batzuekin hitz egiten, gaia atera zen. «Zerbait egin behar dugu, ez delako bidezkoa». Eta horrela hasi ginen. Hasieran lau, sei, zortzi, inguruko herrietako batzuk gehitu ziren... Orain baretzen ari da kontua, petrolioa merke dagoelako, baina garestitzen denean... EAJk ez du ezetzik esan; Tapia sailburuak nahi duena argudia dezake, baina EAJk ez du esan fracking-a erabiliko ez duenik!

Eta TTIPekin?

Pare bat bilera izan genituen, eta Arabako Errioxako herri guztietan mozioak abiarazi ditugu. Askok egin zuten bat eskatzen genuen horrekin...

Duela zenbait urte erretiroa hartu zenuen, baina azken hauteskundeetan udalera itzuli zara, zinegotzi moduan.

Herrian, plataforma bat osatu genuen, eta aurkeztu ginen hauteskundeetara. EAJko hiru daude, eta herriko plataformako bi. Zinegotzi izanda, beste erritmo batean bizi daiteke.

Eta nola kudeatzen da bost zinegotziko...

[Galdera eten du] Barkatu, baina derrigor esan behar dut zerbait, bestela lehertuko naiz! Nire bizitzan ez dut alderdi politiko bakar bat ere ikusi nekazari erretiratuen pentsioaz arduratu dena. Normala da jende gazteak herria uztea! Leza alor horretan aitzindarietako bat izan zen; lau pertsonak jan zezaketen leku batean nekez jango dute zortzik.

1950eko hamarkadatik Lezak biztanleen erdiak galdu ditu.

Egunerokoan, etxe asko hutsik daude; erroldatuta egonda ere, neguak ez dituzte hemen pasatzen... Paseoan joaten garenean, ez dugu inor ikusten kalean!

Garai batean, Arabako Errioxari buruz hamaika gauza esan zituzten: urrezko milia, langabeziarik ez zegoela...

Esan zen halakorik, bai, baina tontakeria hori asmatu zuenak esango zuen... Agian ez dago langabeziarik, baina horrek ez du ezertarako balio; errentagarritasuna behar da. Egun osoa eman dezakezu lanean, baina ordaintzen ez bada...

Bide batez, zer iritzi duzu Arabako Errioxa sor-markatik ateratzeko ekinbidea? Artadik hasi duen bidea, alegia...

Ondo egin duela esango nuke. Lurra ezberdina da Ebrotik hegoaldera edo iparraldera; ardogile batzuek mahastiak zaintzeko modu bereziak dituzte...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.