Ezagutzera iritsi gabe ere galtzen ari zaizkigu espezieak». Erick Mata Bizitzaren Entziklopediaren (EOL) zuzendariaren hitzek arrastoa ematen dute Smithsonian Institutuak martxan jarritako proiektuaren helburuaren inguruan. Ezagutu, gordetzeko. Lur planetak duen bioaniztasuna bildu, sailkatu eta gorde; zientzialariek duela zenbait mende hasitako lan itzel hori edozeinen eskura dago www.eol.org helbidean. «Gure ametsa da munduko edozein tokitatik erabiltzaileek informazio zientifikoa kontsultatu ahal izatea, zientziaren bermea duen informazioa».
Australiako Bizitzaren Atlasa, Txinako Zientzien Akademia, Harvard Unibertsitatea, Alexandriako Liburutegia… Prestigiodun erakunde askok laguntzen dute proiektua; 2008an egin zuten Encyclopedia of Life proiektuaren lehenengo egokitzapena. Ordukoak baino hogei aldiz informazio gehiago eskaintzen du orain dela hilabete batzuk sareratutakoak. Hemendik denbora batera webguneak 1,9 milioi esteka izatea nahi dute, Lur planetan ezagutzen diren espezie bakoitzeko bat alegia.
Ezagutza da lehen pausoa espezieak gordetzeko. Ideia hauxe da: bizitza ezagutzea, bizitza gal ez dadin. Kontzientziatzeko lanabes eraginkorra dela uste du Erick Matak. Eta, hala, Bizitzaren Entziklopedia naturaren wikipedia moduko bat dela esan daiteke. Mundu osoko herritar anonimoak, ikasleak, hezitzaileak, kontserbazionistak, ikerlariak eta zientzialariak elkartzen ditu web orriak. «Ikasteko beste modu bat eskaintzen du». Mundu zabaleko hainbat ikerketa zentrorekin bat egiteko estekak eskaintzen ditu guneak, eta 600.000 irudi eta bideo biltzen ditu sarean kontsultatzeko, betiere doan.
Horretaz gain, erabiltzaileek euren gustuko edukien inguruko informazio multzoak sor ditzakete. Komunitateak era daitezke, adibidez, haran zehatz bateko hegaztien inguruan, edo mota jakin bateko narrastien inguruan, edo beste edozein gairen inguruan. Elkarlana bultzatzeko xedea dute komunitate horiek, bilduma pribatuak partekatuz, argazkiak eta informazioa oro har. Munduko edozein lekutatik har daiteke parte talde horietan, informazioa partekatzeko filosofiari loturik.
Edonola ere, berme zientifikoa da EOL webgunearen ezaugarria. Zientzialari talde batek web orrian kontsulta daitekeen informazioa gainbegiratzen du, eta kalitate label bat ematen dio informazioari. Gainbegiratu gabe dagoen informazioak ez du labelik. Web orrian ikusgai dago, hala ere, baina bermerik gabe eta, hortaz, erabiltzaileak badaki haren erabilerak ezin duela zientifikoa izan.
Iaz 2,8 milioi bisita izan zituen Bizitzaren Entziklopediak. AEBetatik, Ingalaterratik, Frantziatik, Alemaniatik eta beste hainbat herrialdetatik sartu ziren gune horretara. Gaztelania eta arabiera hizkuntzak gehitu dituzte bertsio berrian, eta, hala, erabiltzaile kopuruak gora egingo duela uste dute. Iazko udazkenetik gaur egunera arteko datuek baiztatu egin dute joera hori.
Ezarian. Zientzia
Ezagutza iturri agorrezina
Bizitzaren entziklopedia (EOL) martxan da Internet sarean iazko udazkenetik; bioaniztasunaren ezagutza gune handienetako bat da. Milioika bisita izaten ari da 700.000 orrialdeko entziklopedia birtual hori. Smithsonian Institutuaren proiektu bat da, espezieak zaintzea du helburu, haien ezagutza sakona doan eskainiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu