Ezagutza partekatuz BECen

Bete dira 21. Euskal Encounter topaketan parte hartzeko erabilgarri zeuden 4.096 ordenagailu postuakHitzaldi eta lantegiez gain, informatika enpresek berrikuntzak aurkeztuko dituzte

Gasteiz
2013ko uztailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Knowledge sharing, edo ezagutza partekatzea izango da aurtengo Euskal Encounterreko jardueren ildoa. Teknologiaren eta gailu berrien zaleen 21. topaketa egingo dute asteazkenetik igandera; aurreko urteetan egin ohi den bezala, aurten ere BECen izango da, Barakaldon. «Euskal Herrian eta inguruetan ez ezik, Europan ere topaketa mota honetan lider bilakatzen ari gara», dio Sabino San Vicentek, topaketaren koordinatzaile nagusiak.

Aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten 6.000 lagun inguru bilduko direla uste dute. Hainbat tokitatik etorritako 4.096 pertsonak parte hartuko dute zuzenean. Horretarako, aldez aurretik egin dute erreserba. Erabilgarri zeuden 4.096 ordenagailu postuak hiru egun eskasetan erreserbatu zituzten. Emaitzarekin «oso pozik» daudela adierazi zu San Vicentek. Eserlekurik eta plazarik gabe geratzeko beldurrak mugiarazten ditu parte hartzaileak lehenbailehen erreserba egitera.

Erreserba egiteak 45 euro balio du. Horri esker, lekua mantenduko dute parte hartzaileek topaketak irauten duen lau egunetan. Parte hartzaile bakoitzak bere ordenagailu edo bestelako gailua eramango du topaketara. «Hori da topaketaren xarma, norberak bere gailua eramatea gainontzekoei erakusteko eta bere ezagutza partekatu ahal izateko», dio San Vicentek.

Euskal Encounter topaketaren eragin eremua «gero eta handiagoa» dela uste du koordinatzaileak. Egindako inkesten arabera, urtero %40 parte hartzaile berri joaten dira teknologia berrien festara. Datu horiek «parte hartzeko interes handia» dagoela adierazten dutela uste du.

Berritasunak nagusi

Aurtengo topaketan bi berritasun nagusi egongo direla azpimarratu dute antolatzaileek. Batetik, OpenGune deituriko eremua, informatika azoka irekia da; edonor sar daiteke bertara, parte hartu edo ez. Eremu horretan informatika arloko enpresek euren produktu berriak aurkeztuko dituzte. Hitzaldi eta lantegi ugari egingo dira bertan lau egunetan, gaurkotasuna duten teknologiaren inguruko gaiei buruz. Gainera, interesa duen edozeini teknologiaren mundura hurbiltzeko aukera emango dioten ikastaroak ere antolatuko dira. Horrako sarrera doan izango da.

Antolatzaileek aipaturiko beste berrikuntza, munduko bideo jokoen enpresa handienetako baten parte hartzea izango da. Gainontzeko enpresen erakusmahaiekin batera, Blizzard entretenimendu konpainia bere produktuak Euskal Herrian barrena zabaltzen saiatuko da. Bertaratzen direnei galdeketa bat egingo diete; enpresak sorturiko bideo jokoetan duten esperientzia neurtu eta etorkizunean garatuko dituztenetan hobekuntzak egin ahal izateko. Gainera, Digipen Bilbao Institute of Technology zentroko ikasle talde bat ere egongo da bertan. Bideo jokoen garapen berriei buruzko ideiak banatuko dituzte bertara hurbiltzen diren guztiekin.

San Vicentek dio topaketaren lehenengo aldietan bertaratzen zen jendeak teknologien eta haien erabileraren inguruan ezagutza handia zuela. Gaur egun, aldiz, denetariko jendea joaten dela dio. «Bakoitzak bere gailua eramaten du, besteengandik ezagutza jaso eta tresnari ahalik eta erabilgarritasun hadiena eman ahal izateko», gehitu du.

Horretan datza, hain zuzen ere, aurtengo Knowledge sharing leloa, jendearen ezagutza gainontzekoekin partekatu eta, bide batez, nazioarteko ezagutza Euskal Herrian zabaltzea. Izan ere, nazioartetik etorritako jendea gero eta gehiago dela diote egindako estatistikek. Hala ere, «parte hartzaileen erdiak gutxienez euskal herritarrak dira».

Lau egun horietan, hitzaldi zein tailer ugari antolatuko dira. Hitzaldiak ematera «gai honetan osoa adituak eta ezagunak» diren pertsonak gonbidatu dituzte. Solasaldi gehienak gaztelaniaz izango dira, baina ingelesez eta euskaraz ere izango dira. Besteak beste, bideo jokoen sektorea Euskal Herrian, Twitterren erabilera posible guztien ezagutza, informatikarekin dirua egiteko moduak eta webguneak diseinatzeari buruz izango dira hitzaldiak. Euskal Encounterren webgunea bisitatuz gero —http://www.euskal.org—, hitzaldiak zein adituk emango dituzten jakin ahal duinteresa duenak.

Euskal Encounter topaketak azken urteetan izan duen garapen eta zabalkuntzari esker, «turismo eta negozio» gunea ere bilakatu dela uste du San Vicentek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.