«Irudiek euren kabuz hitz egin dezatela, horixe da erakusketaren nahia», hala dio Ana Teresa Ortega argazkilari valentziarrak bere azken erakusketaren inguruan hitz egiten duenean. Gernikako Bakearen Museoan jarri du Isilarazitako kartografiak, Errepresio frankistaren esparruak izeneko erakusketa, eta izenburuak berak azaltzen duen bezala, frankismoaren garaian preso politikoak biltzeko kontzentrazio esparruen argazki erakusketa da. Ostiralean inauguratu zuten, eta ekainaren 12ra arte egongo da zabalik Gernikako Bakearen Museoan, bertaratu nahi duten guztientzako.
«Bildu ditudan espazioek bere garaian erabilera zibil eta erlijiosokoak ziren, baina gudarostean presondegi bihurtu ziren», dio Ortegak. Horien guztien aztarna grafikoak bildu ditu argazkilariak, eta hori guztia dokumentazio lan handi baten fruitua dela azpimarratu du. «Oraindik erehemen dagoen iragan bat da, desagertu nahi ez duena eta oroitzapenetan aztarna iraunkorrak utzi dituena, hain zuzen», azaldu du Ortegak.
Aztarna horiek gaurko errealitateraino iritsi direla esan du artistak; presondegi horietan lan egiten zuten preso errepublikarrek orain egunero erabiltzen ditugun azpiegitura ugari eraiki baitzuten. «Pertsona horien lanari buruz ez da inoiz hitz egin; sekula ez dira ikusgai egon», dio Ortegak. Adibide bat jartzearren, Andaluzian (Espainia), Guadalquivirko kanala egiteko milaka langileren beharra izan zuten, eta, lan hidrauliko hori egiteko, urte luzeetan aritu ziren lanean. «Denbora horretan, presondegiak zabalik egon ziren, eta azkena 1964an itxi zuten», erakusketako egilearen hitzetan.
Dokumentazio lan sakona egin du Ortegak, baina lan honekin ez dio inori omenaldirik egin nahi. Haren hitzetan, lan honen helburu nagusia pertsona horien existentzia ezagutaraztea da, eta sekula gizarteak begiratu ez duena begien parean jartzea. «Gaur egungo gizarteak ez dezan ahatz gure oraingo hainbat azpiegitura pertsona horien lanari esker egin zela, eta presondegi frankista horiek urte luzeetan egon zirela zabalik Espainiako geografia guztian».
Dokumentazio lana
Ana Teresa Ortegari beti interesatu izan zaio gai hori, «denok baikara historiaren zati horretan gertatu zenaren hala moduko biktima bat». Izaera horri eutsiz, jakin-minak bultzatu du ikerketa lan zabala egitera. «Dokumentazioa denon eskura dago, baina inor gutxi inguratzen da artxibo horietara, garai hartan gertatu zena bilatzeko asmoz», dio. Bitartekari lana egin duela azpimarratu du, eta errepresio frankistaren isla izan ziren esparruak gizarteratzeko lana egin du Gernikako Bakearen Museoan jarri duen erakusketa horrekin.
Ikerketa lan hori egiteko, baliabide ugari erabili ditu, eta, horiek edonoren eskura badaude ere, lan eskerga handia eskatzen du, haren hitzetan. «Artxiboetan bilatu dut batez ere, Avilako artxibo militarrean, edo Guadalajarakoan. Horretaz gain, ahozko testigantzetatik ere informazio ugari bildu ahal izan dut», azaldu du valentziarrak.
Askotariko esparruak
Era askotako esparruak egon ziren gudarosteko errepresioan. Esaterako, fabrikak, zezen plazak, institutuak, eskolak eta abar erabili ziren presondegi bezala. Esparru horiei ere era askotako erabilerak eman zitzaizkien, hala nola ebakuazio esparruak, lazaretoak, sailkapen guneak, zalantzazko zaletzat jotako presoentzako guneak —erregimenaren alde era garbian ez zeuden pertsonak ziren—, erantzukizun kriminalik gabeko aurkari bezala sailkatutako presoentzako guneak, eta adingabeentzako esparru proiektu bat ere egon zen».
Argazkien teknika estandarra dela dio Ana Teresa Ortegak. «Kalitate artistiko jakin bat dauka, eta estilo bateratu bat, seriean ikus daitekeen erakusketa izan dadin era horretan».
«Ni arte plastikoetatik nator, gainera, eta orduan estilo bisual jakin bat izan zezan nahi izan dut», azaldu du. Horregatik erakusketan agertzen diren argazkietan ez du inongo kolorerik erabili. «Zuri-beltzeko argazkiak dira, gaiak ez duelako kolorerik eskatzen, eta gudarostean girotzeko aparta delako», haren ustez.
Aipatutakoari garrantzia kendu nahi dio, hala ere, artista valentziarrak. Izan ere, erabilitako estilo eta tekniken gainetik garrantzi handiagoa daukate argazkiek eurek erakusten duten errealitate gordinak. Izan ere, «bertan ikusten dena da garrantzitsua, jakinarazi eta gizarteratu dadila esparru horietan gertatu zena».
Gernikako Bakearen Museoan jarri dituen argazkiak ez dira horrelako esparruei ateratako guztiak. Gehiago ere baditu: «Gernikako Bakearen Museoan ez ziren argazki guztiak sartzen eta».
Ezagutzaren omenaldia
Frankismo garaiko espetxeen argazkiak jarri ditu Ana Teresa Ortegak Gernikako Bakearen Museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu