Hala ere, aurten ere angulak faltako dira. Duela urte batzuk arte mahai gehienetan inoiz ez ziren falta izaten. Azken hamar urteetan izan duten garestitzearen ondorioz, San Sebastian bezperako eta eguneko bazkari eta afarietako menutik at izango dira.
Euskal Herriko ibai askotan arrantzatzen dira angula edo txitxardinak, gehienak Urolan eta Orian. Azken hori Orio (Gipuzkoa) herri arrantzaletik igarotzen da. Angulak arrantzatzen usadio handia dute oriotarrek. Neguan itsasontzia lehorrean izaten zenean, anguletan aritzen ziren. Hala ere, «azkenaldian gero eta jende gutxiago aritzen da anguletan», dio Blanca Bruñok, Usurbilgo (Gipuzkoa) Bruño arrain haztegiko arduradunetako batek. Haren hitzetan, azken asteetan ez dute euren haztegian angula ale bat ere jaso. «Nahiz eta angularen arrantza denboraldia izan, askok ibaira ateratzeari utzi diote, angularik ez dagoelako», gaineratu du.
Orioko portuan elkartu ohi diren erretiroa hartutako arrantzaleek ere halaxe diote. Azkenaldian angularen arrantzak izan duen gainbeheraz ohartuta daude. Jose Juan Sarasua da arrantzale erretiratu horietako bat.«Gero eta angula gutxiago dago gure ibaian, ez dakit hurrengo urteetan zer gertatuko den», esan du Sarasuak. Azkenaldian, angulatan aritzen zirenek ibaira ateratzeari utzi diotela ere gaineratu du. «Orain anguletan aritzen dena afizioagatik ari da, ez baita errentagarria».
Aingiren jatorria
Angulak Mexikoko Golkoaren aurrean dagoen Sagarzo itsasoan sortzen dira. Arrautzetatik milioika larba jaiotzen dira, eta Ozeano Atlantikoa zeharkatzen dute. Itsas eta haize lasterrek 6.000 kilometrotan arrastaka eramaten dituzte, hiru urtez. Ordurako, 75 milimetro inguruko neurria izaten dute, eta Europara iristen direnean, larba horiek mehetu eta luzatu egiten dira, angula bilakatuz.
Angula sardak edo taldeak uda bukaeratik udaberri hasiera arte sartzen dira itsasadarretan. Normalean gauez egin ohi dute. Itsasadarretatik gora, itsasoko ur lasterraren noranzko berean joaten dira, ibaian ur geza topatu arte. Itsasoa goian dagoenean, ur lasterrak indarra galtzen duenean, ibaiertzera hurbiltzen dira jaisten doan korrontea saihestu eta gorantz egiten jarraitzeko. Ibaiaren ibilgu erdialdera iristean, bertan gelditu eta elikatzen hasten dira. Hala, denbora gutxian, gorputza ilundu eta aingira bilakatzen dira.
Ibaietan bizi diren aingirak hamar edo hamabi urterekin iristen dira heldutasunera. Itsasadar edo estuarioetan geratzen direnak, berriz, arrak dira, eta heldutasunera sei edo zortzi urtera iristen dira. Emeei ugaltzeko garaia heltzen zaienean urdaila atrofiatu edo endurtu egiten zaie, eta orduan ugaltze organoak sortzen zaizkie.
Momentu horretan itsasadar eta estuarioetara jaitsi eta bertan arrekin elkartzen dira. Arrak eta emeak elkarren artean korapilatzen dira, mataza moduko bat sortuz. Behin uda bukatuta, udazken hasiera aldera, bidaiari ekiten diote berriro, eta Sagarzo itsaso aldera abiatzen dira, bertan ugaltzeko. Bidaia horrek urtebete inguru irauten du. Eme bakoitzak hamar mila arrautza inguru erruten ditu, eta, ondoren, hil egiten da. Horrela betetzen du emeak bere bizi zikloa. Hala, bizi ziklo konplexu horren eraginez, besteak beste, jaitsi da angulen populazioa aditu batzuen aburuz.
Salmenten jaitsiera
Amaia Elizondok Donostiako Bretxako merkatuan arrandegi bat du. Bizi osoan angulak saldu dituela dio. Hala ere, azken hamar urtetik hona, angulen salmentetan jaitsiera handia izan dela onartu du. «Ditxosozko krisi honekin, gero eta angula gutxiago saltzen da, eta, horregatik, larunbatetan soilik izaten ditugu gure arrandegian salgai», gaineratu du.
Halaber, bada egun jakin batzuetan angulak jaten dituenik. Bihar eta etzi hainbat etxetan jango dira angulak. Horiek guztiak pribilegiatuak izango dira, oso jende gutxik ordain baititzake 300 euro inguru angula errazio batengatik. Besteek gulekin konformatu beharko dute; itxuraz antzekoak dira behintzat.
Beste lekuetan bezala, Aturri ibaian ere galtzen ari da angula
Azarotik biziki guti harrapaturik, azken aste hauetan ez dira gehiago ateratzen ere angularen bila lapurtarrakNora Arbelbide Ahurti
Zifrak berez mintzo dira. XX. mende hasieran Aturri ibaian gaindi mila arrantzale zenbatzen zituzten. Angulaz gain, izokina eta kolaka arrantzatzen zuten batez ere. 1950 eta 60eko hamarkadetan agertu ziren lehen kopuru txikitzeak. Hortik laster arrantzaleen kopurua apaldu zen. Dominique Mahaut Aturriko arrantzaleen ordezkaria da, baita arrain migratzaileen bilakaeraz arduratzen den Parisko batzordeko lehendakariordea ere. 1976an hasi zen Aturrin lanean. Orduan 120 arrantzale ziren. Iaztik 52 baizik ez dira, eta arte horretan, gutxi Mahaut bezala hortaz bizi direnak. Arrantzaleek berek ez dute nahi kopuruak goiti egin dezan, ez bailitzateke arrain aski.
Arrain ez aski, eta angulak, zer esanik ez. Mahautek laster egina du kalkulua. Azaroan sasoia hasi zenetik 1,6 kilogramo ditu bakarrik harrapatuak. Azken aste hauetan ez da gehiago ateratzen ibaira. Ura hotzegi dago. Baina, iduriz, Portugalen agertzen hasiak dira, eta esperantza du heldu den asteetan zenbait agertuko direla Aturrin. «Arazoa Europakoa da. Orduak eta orduak mintza gaitezke desagertze horren zergatiaz, baina argi da, nire ustez, egoera itzulezina dela. Desagertuko garen lehenak arrantzaleak izanen gara, eta ondotik, angula. Arrantzaleek dute sortzen presio handiena arrainen zaintzeko, eta bide batez ibaia ere zaintzeko».
Aturrin bertan angulen gutxitzearen esplikazioetako bat eremu bustien desagertzea da. Ibai bazterrak idortu dituzte, ura laborantzarako eta bereziki artoarentzat atxikiz. Beste arazo bat presa hidroelektrikoek sortzen dute. Horiek ezin pasatuz, aingir gehienak hiltzen dira ibaian gaindiko bidaian. Kutsadurak ere kalte egiten die arrainei, baita eritasunek ere; izurrite gorriak, adibidez.
Angularen etorkizuna bermatzekoplana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak
Plana martxanjar dadin, datozen hilabeteetan Europako Batasunak onartuegin beharko duN. Elola Donostia
EAEko aingiren kudeaketa planaren helburua aingiraren heriotza tasa jaistea da. Hala, xedeetako bat, ibaian dauden aingiren %40 itsasora itzultzea izango da. Plan horren barruan hainbat hobekuntza egingo dira. Horien artean, angularen irisgarritasuna erraztea eta neurririk gabeko harraparien aurka egitea.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapenerako Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak aingiraren errekuperaziorako kudeaketa plana aurkeztu berri dute AZTIren eta EHUren lankidetzarekin. Plan hori martxan jartzeko, lehenik eta behin ontzat jo beharko du Europako Batasunak datozen hilabeteetan horren inguruan egingo dituen bileretan.
Neurri berriak
Bestalde, aingiren kudeaketa planaren bitartez, angula arrantzale bakoitzak bi kilo bildu ahal izango ditu eguneko. Gainera, orain arteko arrantza denboraldia murriztu egingo da. Izan ere, plan berri horren arabera, azaroaren 15etik urtarrilaren 31 bitarte bakarrik aritu ahal izango da angulatan, beti ilargi berriaren arabera, orduan arrantzatzen baitira. Orain arte, ordea, arrantza denboraldia martxo artekoa da.
Aingira populazioak azken urteetan nabarmen egin du behera. Ondorioz, angulen edota txitxardinen arrantzak ere behera egin du. Aingira oso espezie berezia da. Nahiz eta gauza ziurra ez den, hainbat zientzialariren aburuz, aingirek Mexikoko Golkoko Sagarzo itsasoan erruten dute. Haien larbek Ozeano Atlantikoa gurutzatzen dute, eta, ondoren, Europako bokale eta estuarioetan sartzen dira. Hazi ahala, ibaiak kolonizatzen dituzte eta bertan 12-15 urtez bizitzen dira gutxi gorabehera. Behin sexu heldutasuna lortuta, jaiolekura itzultzen dira ugaltzeko, eta, ondoren, bertan hiltzen dira.
Aingiren ugalketarako premisak nahiko zehatzak eta estuak dira beraz, eta, ondorioz, populazioa murrizteko arrazoi ugari dago: urte luzeetan egindako gehiegizko arrantza, goranzko migrazioan aurkitzen dituzten oztopoak, zentral hidroelektrikoak, aingiraren habitataren galera... Hala, Europako Batasunak aingiraren kudeaketa plana onartuz gero, emaitza baikorrak espero dituzte Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aetaldundiko arrantza arduradunek.