Terapia osagarri bat da, ez gehiago eta ez gutxiago», azaldu du Jose Luis Barrerok (Olot, Katalunia, 1956) izurdeen laguntzaz egiten duenari buruz galdetutakoan. «Honek ez ditu sendatzen burmuineko kalteak, izurdeek ez dute sendatzeko gaitasunik; ezaugarri jakin batzuk dituzten animaliak baino ez dira». Nola azaldu orduan Adejeko instalazioetan -Tenerifen (Kanariak, Espainia- lau urteko eta 1.250 haurren itxarote zerrenda izatea? «Gure esperientziak dio garun paralisia duten haurrek onurak jasotzen dituztela uraren barruan eta izurdeekin batera egindako lanari esker».
Guztiei ez die mesede berdina egiten, edonola ere. «Suspertze emozionala, plazer eragina, giro ludiko batean egindako lana, maitasuna, erlaxazioa, izurdeek eta entrenatzaileek dena ematea... osagai asko daude oso terapia eraginkorra ia oharkabean gauzatzeko». Helburu argi batekin betiere: «Haurrei bizi-kalitate hobea ematea. Dauzkaten arazoetan aurrerapausoak gertatzen badira, hori ez da soilik izurde terapiari esker izango, beste lan mota askori esker baizik».
'Izurdeen miraria'
Familia asko daude Jose Luis Barberok gidatzen duen taldearekin lanean hasteko zain. «Ez ditugu onartzen izurdeen mirarian sinesten dutenak. Umeentzako gauzarik onena eguneroko lana dela uste dutenak nahi ditugu».
Garun paralisiak oso ondorio larriak izan ditzake. Haiek maila batean arintzeko izurdeekin terapia egiteak zer-nolako mesedeak ekar diezazkiekeen aipatuz gero, Barrerok erantzuna ikasia dauka: «Ez dugu hobekuntzarik eskaintzen, lana baizik, maitasuna eta terapia egiteko beste modu batekin batera. Ondorioak etorriko dira baldin eta haurrak jarraikortasun bat badu etxean, eskolan eta medikuntza arloan».
Jose Luis Barreroren izurde terapiako programa modukorik apenas dagoen Europan. Hark hamabost urte daramatza izurdeekin terapia egiten. Aitzindaritzat ere jo daiteke. «Horrelako zerbait martxan jartzea oso neketsua da, benetan zaila; gainera, ez dauka errekonozimendu handirik, medikuntza-zientzia arloan ez du onarpen handirik. Izurdeak miraritzat jotzen dituztenek dute horren errua, edozer gauza esan eta idazten dutenek. Izurde terapia oso terapia ona da elbarritasuna dutenentzat, baina gaizki azaltzen bada, esperantza faltsuak eskainiz gero, mesede egin ordez, kalte egin dezake».
EZARIAN. ANIMALIEKIKO TERAPIA. EZARIAN
Tenerifen, Aqualand Costa Adejeko instalazioetan, izurde terapia egiten du umeekin Jose Luis Barberok duela 15 urtetik. 1.250 haur ditu itxarote zerrendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu