EZARIAN. ANTZINAKO DONOSTIA. Donostia ezezaguna

Kasinoak, txalet eta hotel ederrak, jolas parkeak, dantzaldiak, bainuetxea... XIX. mendeko Donostia oporleku aproposa zen orduko dirudunentzat. Dotoreziaren ikurra.

Idoia Etxeberria.
2009ko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiarrek badakite bisitariak erakartzen. Aspaldi ikasi zuten parajearen berezko edertasunari entretenimenduak gehitzen. Musika, erakustaldiak, jolas parkeak. Oraingo giroa eta duela ehun urtekoa, baina, zeharo ezberdinak dira. Donostia bereziki turista dirudunentzat prestatuta zegoen XIX. mendearen amaieran. Hotelak, kasinoak, kafetegiak. Hondartzan modu diskretuan bainatzeko zerbitzuak. 1845ean, Isabel II.a Espainiako erregina uda Donostian igarotzen hasi zen, Miramar jauregian, eta horrek aristokrazia eraman zuen hirira. Kapela deigarriak, lepoko perladunak, pajaritak. Inguruko herrietatik ere arroparik onenak jantzita joaten ziren hirira, lotsagarri geratzeko beldurrez. Dotoreziaren ikurra zen Donostia.

Eginahal handiak egin zituzten, puntaren puntan egoteko beti: XX. mendearen hasieran Ulia mendian teleferiko ikusgarria eraiki zuten, eta urte gutxiren buruan funikularra ere bai Igeldon. Aisialdi-guneak zeuden bi tokietan, hiriko beste hainbat lekutan bezalaxe. Udala Urgull mendiaren jabe egin ostean, harako ere hainbat proposamen izan ziren mahai gainean 1934an: igogailuak, tunelak, funikularra, transbordadorea... Baina ez ziren aurrera irten.

Ondarretako hondartzan aerodromoa zegoen; hegazkinek txiribueltak egiten zituzten zeruan. Aisialdi aukerak inguruetara ere zabaldu ziren 1920ko hamarkadan: Lasarten, golf zelaia jarri zuten, eta auto lasterketak ere antolatu zituzten (1923-1936). Zubietako hipodromoa eta zaldi lasterketak ere garai horretakoak dira.

Lehenengo Aquariuma 1918an ireki zuten, eta ez kaian, Aldamar kalean baizik. Ordurako hantxe zegoen Beti Jai frontoia ere, 1905. urtean Jose Aranak eraikiarazia. Lehen zezen-plaza ere berak egin zuen, 1876an, Atotxa inguruan; 27 egunean eraiki ere! 1902an itxi zuten, eta Txofrekoak hartu zuen lekukoa. Zezenketek arrakasta handia zuten. Indar erakustaldiak ere antolatzen zituzten Txofren. 1946an, esaterako, Javier Etxaniz eta Joe Carson poloniarra norgehiagoka aritu ziren. Ariketen artean urez betetako 780 kiloko upela jasotzea zegoen, eta baita kable batean zintzilik jartzea ere, hortzekin helduta eta beso bakoitzean gizon bana hartuta!

1915 ingurua izan zen Donostiaren belle epoque: Europako hiri kosmopolitenen artean zegoen. Nazioartean ezagunak ziren pertsonaiak igaro ziren bertatik: Mata Hari, Leon Trotski, Ravel, Romanones... 1925ean hasi zen igartzen bisitari gainbehera. Jokoaren debekua izan zen arrazoi nagusia: kasinoak itxi zituzten. Gran Kursaal hiru urte lehenago ireki zuten, «Europako kasinorik onenetakoa» zela esanez; Maria Cristina hoteletik pasagune sekretua zegoen Kursaaleraino. 1972an eraitsi zuten arte, hainbat jarduera egin zituzten bertan.

Behinolako glamour-a galduta ere, Donostiak ez zion utzi bisitari interesgarriak izateari. 1931ko udan Charles Chaplinek (Charlot) zezenak ikusi zituen Txofren. Ez zitzaion ikuskizuna gustatu; nahiago izan zituen pilota partidak. Igeldo bisitatu ostean, Casa Rodilen bazkaldu zuen (arkumea, txipiroiak, almejak eta Idiazabal gazta, besteak beste).

1946an 48 zapata garbitzaile zeuden Donostian, eta udan, 60 bat; hotel, kafetegi eta taberna esanguratsuek bana zuten. 1,30 pezeta kostatzen zen zapata ilunak garbitzea; zuriak, gehiago. 1947koa inoizko udarik beroena izan zen: 53 gradura iritsi zen termometroa Kontxan.

Donostia, baina, ez zen turismotik bakarrik bizi: arrantza ere inportantea zen. Industria ere garatu zen; Antigua auzoan, esaterako, Suchard txokolatea, El Leon garagardoa eta El Lagarto xaboia ekoizten zituzten duela ehun urte.

Aldagela mugikorrak

Hondartza zen, noski, turistaren leku kutunetako bat. Goitik behera jantzita ibiltzen ziren, helduak zein umeak, bertan. Egurrezko etxola gurpildunak erabiltzen zituzten aldagela modura; idi pareak itsasertzeraino eramaten zuen etxola, uretan lasai sartzeko, begiluzeen begiradatik urruti. Gehienak belaunetarainoko uretan ibiltzen baziren ere, bainulariak ere bazeuden; inor ez zedin ito. Egun osorako bainularia bi erreal kostatzen zen 1880an.

1887an errege hondartza izendatu zuten Kontxa. 200dik gora etxola izatera iritsi zen; 1837. urtean agertu ziren lehenak. 1930 inguruan hasi zen etxolen makalaldia, albornoza erabiltzea derrigorrezkoa bihurtu zutelako. Larruazala erakutsi eta beltzaran jartzeko moda 50eko hamarkadakoa da.

Urte askoan hondartza bitan egon zen banatuta: emakumeek Loretope aldean har zezaketen bainua, eta gizonek moila eta Perla bitartean. Gainera, arratsaldez emakumeek debekatuta zeukaten bainatzea. 1952an bi gabarroi zeuden artean, bata emakumeentzat eta bestea gizonezkoentzat, eta zaindari bat bakoitzean.



Jolas Parkea Martutenen.

Igeldoko jolas parkea aspaldikoa da, baina ez zen bakarra Donostian. 1908an Martutenen ireki zuten bat: Rallway mendi errusiarra atrakzioa, Gran Skating patinaje pista, zinematografoa, ur jolasak... hainbat entretenimendu zeuden, baita kristalezko sabaia zuen zezen-plaza txiki bat ere. Sarrera 0,50 pezeta kobratzen zuten. Ategorrieta pasealekuan, berriz, American Park izenekoa zegoen 1915 inguruan: 60tik gora animalia basati, patinaje pista eta umeendako jolasak zituzten.



El Perlon begiratokia.

Gaur egun La Perla talasoterapia dagoen tokian El Perlon begiratokia zegoen sasoi batean. Kontxa hondartzaren erdian. Hantxe egoten ziren andre-gizonak, kapela eta jantzi dotoreekin, eserita berriketan eta hondartzako gorabeherei begira. Egurrezko eraikina zen, gorri bizia. «Estetikaren kontrakoa eta desegokia» errege hondartza baterako, Marino Tabuyo Donostiako alkatearen iritziz. Botatzeko agindua eman zuen, bertan bainuetxea eraikitzeko; 1912an zabaldu zuten La Perla.



Tigrea eta zezena borrokan.

1904an, Txofreko zezen-plaza eraiki berrian ikuskizun deigarria antolatu zuten: Cesar izeneko tigrearen eta Huron zezenaren arteko borroka. Kaiola erraldoi batean jarri zituzten bi animaliak, eta leporaino bete zen plaza, uztailaren 24an. Zezenak egundoko adarkadak eman zizkion tigreari, kolpeekin kaiolako atea ireki zen, eta zalaparta itzela sortu: jendea korrika, garrasika, harmailetan gora... Tigrea ez zen mugitu, baina bi minutu baino gutxiagoan 40 tiro bota zizkioten. Bala batzuklurra eta kaiolan jo eta desbideratu egin ziren. Emaitza: hildako bat eta hogei zauritu. Groseko zezen-plaza 1973an itxi zuten.



Errege etxola.

Alfonso XIII.a Espainiako erregeak 1894an eraikiarazi zuen Kontxako hondartzan, bainatzeko. Egurrezkoa zen, eta burdinbideetan atzera eta aurrera egiten zuen, itsaso barruraino, hondartza bitan zatituz. Lurrunezko motorra zuen. 1911n harrizko errege etxola egin zuten: ez zen mugikorra, baina hark ere burdinbidea zeukan itsasoraino; Eguzki kluba da orain.



Lehenengo tranbia.

1887an jarri zuten tranbia Donostian: Kontxa-Alameda-Ategorrieta ibilbidea egiten zuen, eta odolezko motorra zeukan: zaldia. 10 zentimo balio zuen bidaiak pertsonako eta 2 zentimo txakurreko. 1897. urtean hasi zen tranbia elektrikoa. Ulia mendira igotzeko ere jarri zuten, 1902an. Ikusmin handia piztuko zuten Londresko bi solairuko trolebusek ere: 1961ean jarri zituzten kaleetan; Azpeitiko tren museoan dago horietako bat.



Uliara, airean.

1907an Uliako teleferikoa ireki zuten, «transbordadore funikularra». Ulia mendiko bi puntu lotzen zituen: 280 metroko ibilbidea egin, eta 28 metro igotzen zen hiru minutu eta erdian. Saskian 18 lagunentzat zegoen tokia. Torres Quevedo ingeniariak diseinatu zuen, eta pertsonak garraitzeko erabilitako lehenengoa izan ei zen munduan. Niagarako ur-jauzietarako ere egin zuen bat; hura badabil oraindik. Uliakoak, ordea, ez zuen luze iraun. 1918an itxi zuten, Igeldoko funikularrak (1912) eta aisia-guneak arrakasta handiagoa zutelako. Ulian jatetxea zegoen. eta umeendako hainbat jolas. Igeldon, berriz, kasinoa eta zinema ere bai.



Beti Jai frontoia.

Beti Jai Moderno frontoia Jose Aranak eraikiarazi zuen, 1905ean. Fronton Arana ere deitzen zioten, eta Aldamar kalean zegoen; 1.063 lagunentzat zeukan lekua. Hiru solairutan zituen harmailak. 1933an erre egin zen. Arana Eskoriatzakoa zen (Gipuzkoa). 1876an zezen-plaza eraiki zuen Atotxa inguruan. 1902an itxi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.