Orkatzategi tontor azpiko ur-biltegiraino iristen dira Araozko parajeak alderik alde zeharkatzen dituen kanal bateko isuriak. Ez zen, ordea, paisaiotan eraiki zen ubide bakarra, XX. mende hasierako industria iraultzak obra gehiago ekarri zituen eta. Lan hidraulikoak lagun, zeharkaldi liluragarria egingo dugu, Aitzulo kobazulo leiho handia eta Andarto Txikiko karobia lotuz.
Baserriko lanetarako ez ezik, industriarako ere baliatu izan dira Araotz ibarreko emariak. Hala, XX. mende hasierako beharretako bat argindarra ekoiztea izan zenez, Oñati aldera luzatu zuten euren soa industria bultzatzeko asmoa agertu zuten aitzindariek. Ondorioz, Arantzazu eta Araotz inguruko ur-lasterrek energia ekoizteko itxaropen handia sorrarazi zuten. Araotz auzoak 1880-90eko hamarkadan ezagutu zuen lehen elektrifikatzearen fruitua: Errotabarri errotako Enrique Uriarte bizilagunak energia sorgailu bat jarri zuen abian, inguruko auzoetako hainbat baserritara energia elektrikoa iristarazteko xedez. Egitasmo horrek, gainera, beste onuragarri batzuk ekarri zituen: Jaturabeko presa eraiki zen XX. mendearen atarian, eta Leintz eta Oñatiko ibarrak Olateko saltoa baliatzen hasi ziren energia premia asetzeko. Nolanahi ere, ibarrotara benetako industria iraultza Arrasaten sortutako Union Cerrajera enpresak ekarri zuen. Magaletatik boteka eta jauzika amiltzen ziren isuriak erosi ondoren, energia kudeatzeko kontratu bat sinatu zuten. Gero, Jaturabeko presako uhateak metro batzuk hartu zituen, 25 metrokoa izateraino, eta ubide sare trinko bat eraikitzeari ekiten zioten Arantzazu eta Araozko paraje malkartsuetan barrena.
Gaur egun, Araozko ondare hidraulikoari dagozkion elementuak dira horiek, eta, uraren kontserbazioaren garrantziaz ohartaraztearen kariaz, ibilbide laburreko zidorrak prestatu dira han eta hemen. Jarraian doazkizuen lerrootara bildutakoak urari eta energiari loturiko ondarea deskubritzeko bidea erakutsiko digu. Zer ikasi eta ikusia izango dugu zehar-zehar doan ibilbide honetan; izan ere, sestra kurbari men egingo bagenio bezala ibiliko baikara.
Ibili-ibilian
Araozko Done Mikel parrokiaren ondoko aparkalekuan utziko dugu autoa. Tenpluaren aurrealdetik pasatu eta harrizko eskailerez baliatuko gara talaiatik jaisteko. Porlanezko pistari segika, Ugaran auzoan izango gara laster batean. Oñatira doan errepidean, asfalto gainetik segituko dugu pitin batean. Anartean, Araotz-Urrutira bidea bazter egingo dugu. Errotabarriko gurutzearen aurrean errepidea utzi eta ezkerraldetik doan belarrezko bidexkatik jarraituko dugu. Ziar eta Saratxo emariek osatzen duten errekastoaren gainetik pasatuko gara berehala, eta maldan gora egingo dugu Zubia auzuneraino. Lehen bidegurutzean, ezkerrera jo eta, 42 zenbakidun baserrian eskuinera eginez, bi harresiren arteko bideari ekingo diogu. Hala, 41 zenbakia erakusten duen baserrira heltzean, ezkerrera jo eta mendirantz abiatuko gara.
Metro gutxira, ordea, eskuinetik darraion harriz beteriko basabidetik ekingo dugu goratasuna serio demonio hartzearen kariaz. Atze-atzean, paisaia homogeneoa dakarten haize sorgailuak ikusiko ditugu, Elgea mendilerroaren gailurreria otzanean. Gure soa, ordea, gugandik hurbilago goititzen den Andarto kareharrizko mendi piramidalean galduko zaigu. Hain dira ederrak uren banalerroko tontor eta bazter maiteok!
Aitzulo ahotik Araoztara
Pinudiraino bideratu gaitu zidorrak. Koniferoak atzean utzita, borda baten ertzetik igaro eta harria lurrazalean utziko duen bidexkatik joko dugu, gorantz; noranzkoa apenas aldatu gabe, alegia. Eskuinaldetik inguratzen hasiko gara pinudi bat, eta lizarren babesean altxaturiko borda batera helduko gara. Lizarrak, zumarrak eta haritzak gogaide, Aitzulo kobazulo handia aurrez aurre izango dugu. Zur eta lur utziko gaitu; a zer-nolako ikuskizuna haizpekoa! Barrualdeko ahotik barrena paseo liluragarria egingo dugu, eta zeharo txundituta utziko gaituen haitzarteko zulo-begitik paisaia ederra harrapatuko dugu, zinez.
Ahotik irten eta eskuinera egingo dugu harrizko zubi moduko baten azpitik igarotzeko. Zidorrari dagozkion pintura arrastoek lagunduta, Orkatzategi mendi magalean irekitako Araozta ur-biltegira doan bideari ekingo diogu. Hala, arkupetik atera bezain pronto, goranzko zidorra bazter eginda, zeharka jarraituko dugu, ipar-mendebalderantz. Inguru karstikotik aterako gara laster, ia ohartu gabe. Iparraldera okertzen duen bide nagusia alboratu gabe, otaken artean sigi-sagaka doan zidorrari ekingo diogu, harik eta goiko lepora iristen garen arte. Orkatzategiko gailurra hurbil-hurbil izango dugu hor, eta erraz egingo zaigu gorainoko zidorra asmatzea. Hala ere, gainaldera doan xenda beste okasio baterako utzita, Araozta edo Aitzgaineko urtegitxorako bidexka hartuko dugu. Eraikuntza hidraulikoaren erreferentzia, akaso, inguruan hazten den pinudi iluna.
Andartoko karobia
Ur-biltegiko behealdeko hormaren ondotik doa bidea. Ugastegi inguruan altxatzen den Santa Krutz ermita panoramikaraino paseo galanta emateko asmoa dugu orain. Ur-biltegiraino iristen den ubideko harlauzak zapaltzen hasiko gara, umekerietan ibiliko bagina bezala. Aurrerago pista bat gurutzatuko dugun arren, ubide ondoan jarraituko dugu. Pinudi barrenetik egingo dugu gero, eta Linatza inguruan, harrobi bat ikusiko dugu. Ubideko hoditeria bistan baitoa, haren ondotik egokitutako pasabide batetik igaroaraztera behartuko gaitu zidorrak. Pasabide ederra bezain arriskutsua, ordea, zaldainetik tentu handiz igaro ezik.
Ugastegiko lepoan, Agerre auzunetik igotzen den porlanezko bidearekin bat egingo dugu. Santa Krutz baseliza ubidetik hurren ikusiko dugu, muino batean handioski gailenduta. Baselizara gerturatu gabe, haatik, sestra kurbari eusten dion bidexkatik ekingo dugu. Andarto azpiko baso ederrean karobi zahar bat ikusteko aukera paregabea dugunez, kanalari jarraitzea hobetsiko dugu. Pagadian paseo bikaina egingo dugu ziztu bizian. Ondoren, pinudian barrenetik ibiltzera behartuko gaitu zidorrak, baita basabide baten azpian doan bide zabaletik ekitera ere. Arrakala baten ondotik pasatuko gara laster. Hormari itsatsita, baina, arriskurik gabe zeharkatuko dugu inguru malkartsu hura. Aurreragoko bide sarda garrantzitsua izango da guretzat, karobitik bueltan elkargune honetaraino itzuli beharko baitugu.
Beraz, Andarto Txikiko lepora abiarazten den pista zabala bazter eginez, ubidearen gainetik segituko dugu. Harresi erori batera iritsiko gara berehalako batean. Harresia gurutzatu gabe, haren eskuinetik doan xendari ekingo diogu, eta izei ederrek osaturiko basotik barrena segituko. Aizkorbe auzunetik igotzen den hartxintxarrezko pistarekin bat egitean, hura gurutzatu eta izeien artean segituko dugu. Hala, ibarrean gora eginez, zortzi metroko turrusta ikusteko aukera izango dugu karobitik gertu gaudela. Aldapa amaitzean, zorionez, ezkerrean hartuko dugu pagadira bidea. Ondoan, jada, zaharberritutako karobi txikia.
Karobitik Araotzera
Karobiaz, basoaz eta ur-jauziez gozatu ondoren, Araotzera jaisteko unea iritsiko zaigu. Lehen esan legez, aurreko pisten bidebanatzera itzuliko gara, eta Aizkorbe eta Uriarte auzoetara doan pista hartuko dugu. Borda batera helduko gara pista harritsutik behera egiten hasi eta minutu gutxira. Beste etxola bat ikusiko dugu beherago, eta hondarrak besterik erakusten ez dituen beste bat lepo batean. Ezkerrera egingo dugu azken horretan, eta asfalto gainetik segituko dugu goratasuna apurka-apurka galduz. Aizkorbeko errepidean, eskuinera egin eta Araozko plazan emango diogu amaiera ibilbideari.
EZARIAN. ARAOZKO UBIDEA. Urari eta energiari lotua
Baserriko lanetarako ez ezik, industriarako baliatu izan dira Araotz bailarako emariak. XX. mende hasieran, ur-lasterrek energia sortzeko itxaropen handia sortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu