EZARIAN. BAIONATIK MIARRITZERA. Ibaietatik hondartzetara

Basoa eta itsasoa uztartzeko asmoz, Baionatik abiatu eta Miarritzeko Ama Birjinaren Haitzeko lurmuturreraino iritsiko gara. Bidegorriak eta oinezkoentzat egokitutako bideak lagun, paisaia liluragarriaz profitatzeko parada ezin hobea izango dugu.

Josean Gil-Garcia.
2010eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Aspaldikoa da Aturri ibaiak eraman ohi dituen lohi eta hondar finen kontrako borroka nekaezina. Ibaia bera salbu jartzeko, baita itsasportua babespean jartzeko ere, lan ugari egin behar izan dira naturaren indarra baretzeko xedez: pinuen birlandaketak, ibaiaren uberka egokitzea eta dragatze lanak, besteak beste. Baina oinez abiatzeko gogoz bagara ez da soil-soilik paisaia industrialak eragindako aldaketei erreparatzeko. Aturri ibaia gogaide, Barrako hondartzarantz abiatzen den bideari ekiteko asmoa dugu oraingoan, han hasten baita Angeluko Udalak oinezkoentzat egokitutako ibilbidea. Hondartzaz hondartza jarraituko dugu Barratik hasita. Holaxe, gozo-gozo, Miarritzeko Hondartza Handiraino. Lehenago, ordea, geldialditxo bat egiteko parada izango dugu behiala mahastiak, hezeguneak eta hipodromo bat ezagutu zituen leku liluragarri batean: naturaren pausalekua izateko asmoarekin jaioa den Izadia parke ekologikoan, hain zuzen ere. Tokiko natura interpretatzen laguntzeko xedez, ingurumen etxe bat eta erakusketa iraunkorra izango ditugu hantxe, naturazale ororen mesedegarri. Bisita eginez gero, Aturri ibaiaren nondik norakoen berri eta oraintsu leheneratutako bi aintziren baldintza ekologiko bereziei erreparatzeko aukera bikaina izango dugu.

Ekimen turistiko erraldoia

Baina jo dezagun historiara une batez kostaldetik zehar paseoka aritu aurretik. Izan ere, Angeluko ekonomia garatzeko gogo nekaezinak zenbait aldaketa ekarri zion gertuko paisaiari. Horrekin batera, ekimen turistikoa gogoz bultzatzeko asmoa ere izan zuten, batez ere XIX. mendetik aurrera. Hala, 300 hektareako erliebe leuneko eremuan pinuak birlandatzeko lanak ganoraz abiatu ziren Xibertako auzoan. Hori guztiori, Napoleon III.aren agintepean. Ipar Euskal Herriko konplexu turistiko handinahia izango zen egitasmoa burutu zen XX. mendearen bigarren hamarkadan. Ondorioz, hezeguneak lehortu, golf-zelaia egokitu eta eragin handiko urbanizazio guneak sortu ziren han eta hemen, Aturri ibaitik Miarritzeko itsasargira eta hondartzetatik Basusarriko muinoetara hedaturiko esparru naturaleraino.

Zorionez, porlan eta teila gorrien itsaso zabalaren erdian, Pinudia deritzan basoak dirau gaur egun, eta naturarekin bat egin nahi duen oro basoari darion lasaitasunaz bapo-bapo asetzeko parada eskaintzen du. Kirolari guztiontzat egokitu dute pinudia:xendra batzuk koniferoetan pausaleku eta ezkutalekuak dituzten hegaztiak eta animaliatxoak ikusteko prestatu dituzte; beste batzuk, bizikletaz eta zaldiz naturaren fereka sentiarazteko.

Ibilian-ibilian

Aturri eta Errobi ibaiek bat egiten duten lekuan du abiapuntua ibilbide honek. Baionako Mayou izeneko zubian, hain justu. Baiona Ttipia atzean utzi eta ibilian-ibilian jarriko gara, 1842. urtean eraikitzen bukatu zuten antzoki eta udaletxe aldera joz. Eraikinaren eskuinaldetik pasatu eta, Aturri ibaia lagun, bizikletentzat eta oinezkoentzat egokitua den bidegorria baliatuko dugu Angeluko hondartzetara gerturatzeko. Hotel des Ponts eta Chaussees eta Douanes izeneko eraikinera helduko gara laster batean. Haren atzetik pasatzen da bidegorria. Montevideoko kaian aurrera egingo dugu segidan. Bokale eta Tarnosera doan errepidearen azpiko tuneletik igarota, kaiaren ondo-ondotik segituko dugu, paseo gozoan. Kalez kale gabiltzala, apenas ohartu gabe, Baionako udalerritik irten eta, tupustean, Angelukoan sartuko gara. Betiere Aturriko etorbidea gogaide eta Barrako hondartzara bidea seinalatzen duten zutonei kasu eginez.

Portu komertzialean sartu gabe, Lazaret basoa esploratzeko aukera ematen digun seinale baten ondotik igaroko gara. Pinudi xumean galtzeko asmoa agertuz gero, Prince Imperial etorbidean barrena doazen seinaleei jarraitu behar diegu.

Barratik Xinberta aldera

Barrako hondartzaren atarira iristean, Amodio Ganbara helburu duen kalea bazter egin eta zuzen joko dugu kostalderantz, hots, Izadia parke ekologikorantz. Itsasargi eder bat ikusiko dugu aparkaleku zabalaren ondoan, eta, aurrerago, Barrako hondartzak bereizten dituen dike luzeak. Baita behatoki baten antzera eraberritutako gerra garaiko lau bunker ere. Barrako hondartza atzean utzi eta mendebaldera joko dugu. Hiruki ederra osatzen duten tontor ezagunak ikusiko ditugu soa pitin bat luzatuz gero: Larrun, Aiako Harria eta Jaizkibel, azken biak Gipuzkoan altxatuta. Bazterrok eskaintzen duten soseguaz profitatzeko asmoz, ibiltariak saldoka ikusiko ditugu, harat-honat atseginezko ibilian.

Zaldunen hondartza saihestuko dugu duna baten gainetik egokitutako pasabideari esker. Barrako hondartzatik kilometro bat egin ostean, Dunak izeneko hondartzara iritsiko gara. 1927ko apirilean inauguraturiko golf-zelaia ikusiko dugu bideaz bestaldean, baita gurditxoak eta bastoiak ongi oratuta paseoka doazen jokalari patxadatsuak ere. Ozeanoko hondartzara helduko gara gero, behatoki batera heldu bezain pronto. Xinbertako aintzirara joateko zein Pinudia izeneko basora gerturatzeko gonbita egingo digun seinale bat ikusiko dugu, hori guztia hondartzara bidea saihesten duen egurrezko zubi baten gainetik pasatutakoan.

Miarritzera

Madrageko hondartzatik aurrera egingo dugu egurrezko tunel moduko batek ematen duen itzal eskuzabalari jarraituz. Zaldunak eta Marinela hondartzak atzean utzita, Urrezko hondartzaren parez pare gaudela, Amodio Ganbara auzoko lehen eraikin turistikoetara iritsiko gara. Turismo bulegotik gertu, Souvenirs Basques dioen dendatxoaren atzetik jarraituko dugu, Miarritzeko itsasargiaren azpiko VVF hondartzara gerturatu gabe, nahiz eta ibilbide egokituak harantz segitzea proposatzen duen. Guk, haatik, ezkerraldera egingo dugu Amodio Ganbarako haitzulotik igarotzeko asmoz. Haitzuloan sartzea debekatua bada ere, estanpa ederra izango dugu behatokitik; izan ere, kondairak dioenez, bi amorante guztien ezkutuan gorde zituen haitzulo naturala ikusteko aukera izango dugu. Kobazuloa eskuinean utzita, kalean gora abiatuko gara gero. Aldatsa amaitzean, errotonda txiki batera iritsita, 180 graduko bira egingo dugu eskuinerantz, eta Paul Prieto hiribidetik jarraituko dugu. Gainaldera iristean, malkarraren ondotik segitu eta Miarritzeko udalerrian sartuko gara. San Martin lurmuturraren gain-gainean, 1831tik 1834ra bitartean eraiki zen itsasargia bisita dezakegu. Eraikinaren barrualdeko 248 eskailera mailak zapaldu ostean, Ipar-Euskal herriko kostaldearen gaineko panoramika eder batez gozatuko gara. Bisitaren ondotik, kale nagusira berriz irten eta, Roche Ronde txalet neogotikoaren ondora iristean (15. zenbakia), Hondartza Handira jaisten lagunduko diguten eskaileretatik behera egingo dugu. Itsas bazterra inguratuz, portu zaharraren ondotik igaroko gara, eta Ama Birjinaren Haitzera bidea adierazten duen seinaleari men egingo diogu. Igoera xume baten ondotik, Miarritzeko hondartzaren gaineko ikuspegi ederra utziko digun talaia batera helduko gara. Bidexka lagun, bisitari ugari hartu ohi dituen Ama Birjinaren Haitzeko lurmuturrera iritsiko gara. Haitzaren gainean ikus daitekeen irudia erosi zuten 1885ean Baionan izan zen azoka batean.

Ibilbidea amaitu da, baina ez kostaldeko bidea, Bidarte aldera segitzen baitu. Baina Baionara itzultzeko unea heldu da. Egokiena garraio publikoa baliatzea da. Autobus zerbitzu ugari daude, eta Miarritze-Baiona bidea etengabe egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.