EZARIAN. BARAKALDOKO URTEGIAK. Bazter liluragarria

Etxeberria eta Gorostitza urtegien inguruan, jende ugari bildu ohi da paseoan. Berdetasunez betetako ingurua da, eta nekazaritza garatzeko toki egokia.

Josean Gil-Garcia.
Barakaldo
2010eko irailaren 11
00:00
Entzun
Naturarekin hartu-emanak izateko xedez, barakaldarrek aski ongi ezagutzen duten bazter liluragarri bat deskubritzera abiatuko gara oraingoan. Agirtza errekaren inguruan izan ohi dute hitzordua Ezkerraldeko bizilagunek. Neguan zein uda partean, beti baitago motiborik Etxeberria eta Gorostitza urtegien inguruan paseoka hasteko.

Mespelerreka ibarra Bilboko Ezkerraldeko eta Enkarterrietako eskualdeen artean dago. Nekazaritza garatzeko inguru egokia da Mespelerreka, ortu emankorrek eta magalei ongi erroturiko gereziondoek ederki erakusten duten legez. Sasiburu eta Ganeran mendiek babestua dagoenez ibarra, jakina, berdetasuna darie bazterroi. Eta, inguruetako natur ondarea ezagutarazteko xedez, oinez egiteko hainbat bide egokitzen hasi dira azkenaldion. Jarraian proposatzen dugun ibilbideaz gainera, ibilbide laburreko zidor batzuk abian dira honezkero -Santa Ageda eta Larrazabaleko eskolak, eta Urdandegieta, besteak beste- eta horien xehetasunak eskuratzeko Mespelerrekako antzinako eskoletan egokitutako Barakaldoko Historia eta Ingurumenaren Interpretaziorako Zentrora jo behar dugu.

Bi urtegi Agirtza errekan

Ohikoa da barakaldar ugari topatzea Mespelerrekako inguruan. Batzuk hiritik bertatik hasiko dira oinez edo arineketan; beste batzuk, Gorostitzako kiroldegiaren ondoko parketik. Jakina, inoiz ez da aitzakiarik falta industriaren garapenak ekarrarazitako naturarekiko deslotura mingotsa zuzentzeko.

Nolanahi ere, luze eta zabal mintza gintezke historian zehar bazterrok pairatutako aldaketez. Baina atze-atzean geratu dira, tamalez, behialako bizimodu otzana, hots, behiala bazterroi aberastasuna ekarri zieten ola zaharrak, karobiak eta txondor ketsuak; ahanzturan eroriak, akaso, kostalderaino iristen ziren mandabide bihurgunetsuak. Izan ere, naturaren kolonizazio gogo itsuak egoera berrietara moldatzeko ahalegina exijitu zien bizilagunei; ezinbestean. Agirtza errekaren ur emaria erregulatzeko eraikitako bi urtegiek ingurumenaren gaineko eta bizimoduaren gaineko inpaktu handia ekarri zuen, esaterako. Eta, paradoxa bada ere, baita azkenaldion biodibertsitate handia gordetzen duten eskualde mailako hezegune garrantzitsuak ere. Baina zer dakigu Mespelerreka inguruan eginiko obrei buruz? Xehetasunak jakiteko gogoz izanez gero, ezinbesteko zaigu Jose Ignacio Homobono ikerlariak Mespelerreka ibarreko natur baliabideen inguruan eginiko lana.

Betiere Homobonoren arabera, Jose Etxebarriak XIX. mende amaieran aurkeztutako aurreproiektu batean oinarritua da uharkarik zaharrena. Uhateko lanak 1901. urtean amaitu ziren. Hasiera batean, 30 metroko horma bat eraiki nahi bazuten ere, proiektua moldatua izan zen azkenik gaur egun ikus daitekeen garaierara -hemezortzi metro-. Baina kubeta geografikoaren tamaina txikiagatik edo, berehala ikusi zen Barakaldoko XIX. mende erdiaren industrien eta hiri-hazkundearen beharrak asetzeko adina energia ez zuela ekoizten. Horren ondorioz, beste urtegi bat eraikitzeari ekin zioten 1944an, Arangurengo etxea, errota, ola eta Sorkundeko baseliza altxatzen ziren tokian, hain justu ere. Ibarraren fisionomiaren aldaketa itzela ekarri zuen Sefanitro edo Gorostitza esaten dioten urtegi horrek.

Sei hamarkada igaro dira obra hidrauliko horiek bukatu zirenetik. Orain, bi urtegiok garrantzi handiko hezegune dira, negualdean ubarroiek eta koartzek pausalekutzat hartzen dituztela.

Urtegietako bira

Barakaldon bertan, Retuerto auzora doan errepideari segituko diogu autoz. Gero, Gorostitza eta Mespelerreka auzoetarantz zuzentzen denari. Gorostitza auzoan ikusiko dugun aisialdirako natur eremuan hasiko dugu ibilbidea; hots, Tellaetxe deritzan parkean. Errepidea utzita, Agirtza erreka gurutzatu eta kiroldegiaren eta errekastoaren artean doan bide egokitutik egingo dugu aurrera. Zutoin batek dioenez, PR-Bi 210 kodedun ibilbide laburrean gaude. Kiroldegia guztiz inguratuta, oinezkoek nahiz txirrindulariek hain gustuko duten bidegorrian barrena segituko dugu; ibarrean gora. Haltzak gogaide, bideak 21. zenbakidun etxe aurretik pasaraztera behartuko gaitu zidorrak.

Egurrezko zubi batetik gurutzatuko dugu erreka ostera ere, eta, hoditeria handiaren azpitik pasatu ondoren, garai batean oinezkoentzat egokitu zen bidegorri bat hasten dela ikusiko dugu. Handik abiatuko gara, porlanezko bidea gogaide. Hala, sigi-sagaka, Gorostitza urtegiko uhatearen parean izango gara.

Urtegia inguratzeko tenorea da orain. Haltzak eta haritzak lagun, paseo galanta egiten hasiko gara urtegiko eskuineko ertzetik aldendu gabe. Makina bat jende ikusiko dugu bidean; batzuk arineketan eta beste batzuk pedalei eragiten. Mespelerreka auzoko eliza ondora uste baino lehenago iritsiko gara. Orduan errekastoa gurutzatu gabe, korrontearen paraleloan segituko dugu, Tellitu auzora bideari eginez. Eraiki berri duten lehen txaletera iritsita, ezkerrera egin eta porlanezko pista aldapatsuari ekingo diogu.

Urbanizazioa inguratzen dugun heinean, gora goazela, pinudian sartuko gara. Herrigunetik igotzen den asfaltozko bide batekin topo egingo dugu aurrerago. Malda pikoa igarota, Tellitu auzora helduko gara. Aurrez aurreko bi kaleetatik eskuinekoa hobetsiko dugu, auzoa alderik alde zeharkatu behar baitugu. Harrizko galtzadari ekingo diogu segidan, eta errekasto baten ondora iritsiko gara berehala. Hura gurutzatu eta eskuinaldetik darraion bide zabaletik egingo dugu. Hala ere, errekastotik 30 metrora edo, ezkerretik egiten duen xendatik joko dugu gorostiak, urkiak, hurritzak, elorri zuriak eta haritzak gogaide. Pista batera irtetean, eskuinera jo eta jaisten hasiko gara. Minutu bat oraindik pasatu ez denean, ezkerraldean ikusiko dugun zidorrari men egingo diogu. Jaitsiera polita egingo dugu magalean gaindi Etxebarria urtegia urez elikatzen duen errekastoraino.

Urtegiaren ondoko errekastoaren gaineko zubitik pasatu ondoren, ezkerrera joko dugu igoera xumea egiten hasteko xedez. Aldatsa amaituta, bidexkak eskuinera okertutakoan, zehar-zehar eramango gaitu bideak, pista zabal batekin topo egin arte. Basabidea eskuinetik segituko dugu. Behera goazen neurrian, basabidea harriz betetzen dela konprobatuko dugu. Etxebarria urtegiko uhatea ibarraren hondoan ikusiko dugu une batez. Pista zabalean arreta mantenduz gero, hormaraino zuzenduko gaituen bidexka bat ikusiko dugu. Bidexka interesgarria da uhatearen ondoan hemezortzi metroko ur-jauzi bitxi bat ikusiko badugu. Joan-etorria egingo dugu hormaraino eta lehendik eramaten genuen noranzkoari men eginez, Mespelerreka auzora iritsiko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.