EZARIAN. BIOSEGURTASUNA. Segurtasuna beldurraren kontra

Patogeno arriskutsuekin lan egiteko behar bezalako neurriak dituzten laborategiak gutxi dira Euskal Herrian, Donostiako Ospitalekoa, Neikerren Zamudiokoa eta Nafarroako Unibertsitateko Klinikakoa dira seguruenak.

Irune Lasa.
Iruñea
2009ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Birus, antigeno, patogeno, bakterio, andui, pandemia... Ohiko bihurtu dira izenok azken egunetako albistegi eta egunkarietan, A/H1N1 gripea dela eta. Hitz horiek kezka eta beldur iturri dira jende arruntarentzat, baina ohiko baino ohikoago dira Nafarroako Unibertsitateko Klinikako Mikrobiologia Zerbitzuan, patogeno arriskutsuak izaten baitira haien langaietako asko, are gehiago 3. mailako biosegurtasun laborategia dutenetik.

P3 deitzen dio laborategiari Jose Leiva doktoreak, Mikrobiologia Saileko zuzendariak: «2. mailako laborategietan ikertzen diren mikroorganismoen kutsakortasuna minimoa izaten da, eta ez da aire bidez gertatzen. Gurea bezalako laborategietan, 3. mailako biosegurtasunekoetan, gaitzak kutsakortasun handikoak dira, aire bidez kutsatzen direnak, baina haien kontra badaude txertoak edo tratamenduak».

4. mailako laborategietan kutsakortasun handikoak eta hilgarriak diren patogenoak ikertzen dituzte, ez txertorik ez tratamendurik ez dutenak. «Gurea zehazki 3 plus bat litzateke, tartekoa alegia. P3 arrunt batek ez ditu-eta guk ditugun dutxak, ezta gurearen isolamendu mailarik ere», zehazten du Leiva doktoreak. «4. mailakoa izateko, eskafandrak eta dutxa desinfektatzaileak faltazaizkigu. Bai, bai, filmetan agertzen direnak bezalakoak. Baina, adibidez, eskafandrak erabiltzeak aire sistema oso konplikatua eskatzen du. Eta dagoeneko inbertsio eta ahalegin handiak egin ditugu oraingo maila iristeko».

Ahalegin horiei esker, hainbat patogenorekin oso segurtasun maila handiarekin lan egiteko gaitasuna dute gaur egun Iruñeako laborategi horretan. Antraxa, tuberkulosia, hegazti gripea, behi eroen gaitza, bruzelosia, tularemia eta dengea dira, besteak beste, P3 horretan manipula daitezkeen patogenoak.

Halaxe egin zuten hegazti gripearen alarman. Orduan aztertuko laginetan ez zen halako patogenorik identifikatu jasotako laginetan, oraingoz A/H1N1 gripearekin bezala. «Negatibo eman zuten».

Tipajea eta hazkuntzak

Izan ere, jasotako laginetan patogenoa identifikatzea eta tipajea egitea, mota zehaztea, da laborategiaren zereginetako bat, lagin batean susmatzen den patogenoa badagoen edo ez ziurtatzea, eta baldin badago, mota zehaztea.

«Teknika molekularrak erabiliz, laginetik azido nukleikoak ateratzen ditugu, eta biologia molekularreko ikerketa baten bidez identifikatzen. Behin DNA aterata, hura laborategitik kanpo landu daiteke, DNA ez delako kutsakorra eta patogenoa suntsitu dugulako», azaldu du Leiva doktoreak.

Baina patogenoen hazkuntzak bai, hori P3 laborategi barruan egiten dituzte, kutsakor direlako. «Zelula lerroak hazten ditugu, demagun birus batenak. Orduan, birusak zelulak nola aldatzen eta hiltzen dituen ikusten dugu, birusen kontrako sendagaiek zer efektu duten ikusten dugu, edo antigenoak atera, gero bidali eta txertoa presta dezaten». Leivak, adibidez, tuberkulosi multierresistentearekin lan egiten du, eta haren eragile diren mikobakterioak hazten ditu, antibiograma bat egin eta antibiotikoekiko haien sentikortasuna neurtzeko.

Halako laborategi bat hurbil izateak jende arruntarengan kezkarik edo beldurrik ez ote duen sortzen galdetuzgero, Leiva doktoreak berehala erantzuten du: «Beldurra ez, segurtasuna eman behar dio jendeari, hemen laginak behar bezala manipulatzen ditugulako. Kontrakoak, bai; protokoloak ez betetzeak edo laginen ospitale barruko garraioa ez kontrolatzeak kezka eragin beharko luke. Baina, horrexegatik, hemengoak bezalako instalazioak edukitzea ez da kezkarako arrazoia, gauzak ongi egiten ari garen erakusgarri baizik».

Gaztelaniaz Malagako azentu nabarmenarekin eta alaitasun kutsakorrarekin hitz egiten du Leiva doktoreak edozeini izuikara pizten dioten gaitzei buruz. Eta zuei, ez dizue beldurrik ematen? «P3an aritzen garen guztiok prestakuntza berezia dugu horretarako, eta segurtasun neurri guztien berri dugu. Jakina, beti gerta daiteke ezbeharren bat, eta nahi gabe ziztatu, adibidez. Baina arriskuak ahalik eta gehien murriztuak daude hemen, toki gutxitan bezala. Azkenean, momentu bat iristen da non ohitu egiten zaren. Eta pentsatzen duzu zomorro handiak arriskutsuagoak direla txikiak baino!».



Gripe berriaren eta zaharren inguruan,beti zaintzan

A/H1N1 gripearen alarma piztu bezain pronto, adi jarri ziren Nafarroako Unibertsitateko Klinikako Mikrobiologia Zerbitzuan eta P3 laborategian. Izan ere, zerbitzua gripearentzako erreferentziazko laborategia da Nafarroan. Gripe arruntaren kanpaina hasten denean, gaixoen laginak jasotzen dituzte, anduiak isolatu, identifikatu eta tipajea egiteko. Hala, indarrean dagoen txertoa baliagarria den ikusten dute eta hurrengo kanpainako txertoa prestatzeko informazioa lortzen. P3 laborategiaren segurtasun maila ez da beharrezkoa halako laginak manipulatzeko, baina beste griperen bat agertuz gero, hegazti gripea adibidez, baliagarria da oso.

Hori gertatzen da A/H1N1 gripearekin. Alarma piztu denetik lau lagun horretara jarrita daude, egun osoko zaintzan, jasotzen diren laginetan mota horretako gripea dagoen ala ez ikusteko. Izan ere, zortzi ordu behar dira halako diagnosi bat egiteko, eta, halakoetan, erlojuaren kontra ibiltzen dira lanean. Orain arte bi lagin susmagarri jaso dituzte, eta bietan emaitza negatiboa izan da.



Arrisku guztiak aintzat hartuta

Xehetasun xumeenak kontuan hartzen dira, ikerlari eta langileak babestu eta patogenoak kontrolatzeko
I. Lasa. Iruñea

Gaixotasun arriskutsu baten laginak ezin dira nolanahi manipulatu edo garraiatu, ezta nolanahi garbitu ere. Nafarroako Unibertsitateko Klinikako 3. mailako biosegurtasun laborategiaren helburu nagusia, hain zuzen, gauza horiek guztiak behar bezala egitea da, arriskua ahalik eta txikiena izan dadin, bai langileentzat, bai kanpoko jendearentzat.

Neurriak laginen garraiotik bertatik hasten dira. Lagina ospitaleko gaixoren batena bada, edukiontzi hermetikoetan sartuta iristen da laborategira. Kanpotik badator, jarraitu beharreko araudia zorrotza eta zehatza da.

Lehenik eta behin, garraio enpresak arrisku biologikoa duten materialak garraiatzeko baimena eduki behar du. Lagina edukiontzi hermetiko batean sartuta iritsiko da, eta edukiontzi hori likido xurgatzailez betetako beste ontzi baten barruan sartuta egongo da, eta ontzi hori ere halako beste batean sartuta. Zuzenean sartzen da P3an.

Laborategian sartzeko, teknikari eta ikertzaileek ere prozesu zehatza betetzen dute; lau konpartimendu igaro behar dituzte derrigorrez laborategira iristeko. Hasteko, sarrera txartela behar da sartzeko, eta baimendutako pertsonek soilik dute. Gero, sarrera gunean presio aldaketa amaitu eta argia piztu arte itxaron behar da, konporta aurreko gelara igarotzeko.

Zergatik bi eskularru pare?

Behin konporta aurreko gelan, mantala, pijama eta eskalapoiak kendu eta beste pijama bat janzten dute, besteak han utzita, eta konportara igarotzen dira. Hantxe janzten dituzte galtzamantala, burukoa, maska, galtzerdiak eta bi eskularru pareak. Laborategi aurreko gela ere igarotzen dute, eta hortik, laborategira.

Laborategian egin beharrekoak egin ostean, alderantzizko bidea egiten dute beharginek. Laborategi aurreko gelan uzten dituzte erabilitako arropak. Eta hementxe iristen da bi eskularru pareen zergatia. Batek pentsatuko luke ziztadak saihesteko direla, baina ez. Lehen eskularru parea laborategi aurreko gelara iritsi bezain pronto kentzen dute beharginek, eta gero, oraindik beste parea jantzita dutela kentzen dituzte arropak. Behin guztia erantzita, orduan kentzen dituzte eskularruak.

Ondoren, konporta gelan ur dutxa bat dago, antraxa edota hegazti gripearekin lan egiten dutenean erabiltzeko; bestela, nahikoa izaten dute eskuak garbitzea. Konporta aurreko gelan janzten dira atzera eta handik ateratzen.

Jakina, neurri horiek betetzeko eta laborategian lan egiteko, teknikari eta ikertzaileek prestakuntza berezia jaso dute, mugimenduak entrenatzeraino. Eta ez dira soilik haiek prestatu, garbiketa zerbitzuko langileak ere prestatu dira.

Gera dadila barruan

Langileen sartu-irteera ahalbidetu behar du maila horretako laborategi batek, baina han sartu den patogeno batek ezin du atera inondik ere. Horregatik, handik irteten den ura, airea eta material guztia esterilizatu egiten da. Sarrera gunetik laborategira bitarteko geletan presioa txikituz doa, eta, horrela, airearen zirkulazioa beti barruranzkoa da. Laborategiko barruko aireari dagokionez, aurrena argi ultramorez argitzen da, ahalik eta partikula gehienjalki dadin lurrean. Eta gelditzen den airea %99,99ko eraginkortasuna duten eta sarri aldatzen diren iragazki batzuetatik pasatzen da.

Esterilizatu eta desinfektatu

Laborategian, dutxetan eta autoklabean erabilitako ura ere kontu handiz jasotzen eta garbitzen da. Lehenik, upel batean ura homogeneizatu egiten da, azidotasuna doitzen eta lixiba botatzen zaio. Eta, gero, beste upel batean lixiba neutralizatzen da, sodio bisulfitoa erabilita.

Gainerako material guztia, lagin, jantzi eta beste, autoklabean esterilizatzen da aurrena, 30 minutuz 121 gradutan eta presio handipean esterilizatzeko. Eta, ondoren, deskutsatze ganbera batera pasatzen dira. Han, esterilizatuak izan ondoren, desinfektatu egiten da materiala, paraformaldehidozko tratamendu kimiko baten bidez.

Kamera bidez ere zaintzen da laborategia, barruan lanean ari denari zerbait gertatuz gero kanpotik ikusi ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.