EZARIAN. DONEJAKUE BIDEKO ONDAREA. Santiagora bidean

Donejakue bidea igarotzen den inguruetan, 700 kultur ondare berri izendatuko ditu Eusko Jaurlaritzak; Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako bi ibilbidetan barreiaturik daude.

2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Bideak, galtzadak, zubiak, frontoiak, iturriak, gazteluak, baselizak... Donejakue bidean 700 kultur ondare izendatzeko espedientea martxan du jada Eusko Jaurlaritzak. Horrela, eliza garrantzitsuenetatik baserri txikietaraino, 700 eraikin eta monumentu babestuko ditu. Eraikin bat kultura ondare izendatzeak esan nahi du bere jabeak ezin sal dezakeela edo ezin birmolda dezakeela.

Prozesua hasi zen Eusko Jaurlaritzan uztailean botatako proposamen batekin, baina pertsona eta instituzio batzuek 50 helegite aurkeztu dituzte jada; eta behin betiko ebazpena ez da onartuko datorren urte hasiera arte.

Begoñako baseliza edo Gasteizko katedral berria dira babestuko diren monumentuetako batzuk; monumentu txikiagoak ere babestuko dituzte; iturriak, esate baterako. Atxuriko iturria da horietako bat; Jaurlaritzak babestu egingo du, eta, dekretua onartu ostean, iturburu naturala lehortuz gero, udalak ur hornikuntza egiteko ardura izango du.

Hiru probintzietan izendatuko dira kultura ondareak; besteak beste, honako hauek: Zalduondoko Monte Mayor baserria, Bastidako Santa Ana ospitale-etxea eta Aguraingo harresiko frontoia, Araban; Debako zubia, Kursaaleko zubia, Zeraindik Segurarako galtzada eta Zuloagako museo-etxea, Gipuzkoan; eta Markinako Kareaga zubia, Gernikako Jai Alai frontoia, Zamudioko dorrea eta Bilboko San Anton eliza, Bizkaian.

Donejakue bideak hiru ibilbide nagusi ditu Euskal Herrian barrena igarotzeko. Nagusia eta ezagunena Nafarroa zeharkatzen duena bada ere, gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Arabatik igarotzen diren bi ibilbideak: barnealdekoa, Gipuzkoa eta Araba zeharkatzen dituena; eta kostakoa, Gipuzkoa eta Bizkaia iparraldetik doana.

Hiru probintzietan barrena, 462 kilometro egiten dituzte guztira. 85 udalerritatik igarotzen dira, eta gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira turismo arloan: 2009an, kostaldeko bideak 17.582 gaualdi erregistratu zituen; orain dela hiru urteko kopurua hirukoiztu zuen.

Erlijioari estuki loturiko bidea bada ere, gaur egun Euskal Herritik igarotzen den erromesen erdiak besterik ez du egiten arrazoi horregatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.