«Uste dut utzi dugula atzean eguzki minimoa», adierazi zuen joan den astean eguzkiko orbanetan aditua den NASAko David Hathawayk. Urrian bost orban talde zenbatu zituzten, eta horietatik lau izan ziren ziklo berrikoak. Pentsa liteke ez direla beste munduko zenbakiak, baina denbora askoan egon dira haien zain. Hala ere, behatzaileek zuhurtasunez hitz egin dute. «Seinale ona da, ziklo berria agertzen ari dela». Berez, adituek urtarrilaren 4an ikusi zuten ziklo berriko lehen orbana.
Beharbada, bere horretan, ziklo berriko eguzki orbanen agerpena ez litzateke horren albiste garrantzitsua. Baina azken urtean eta batez ere uda inguruan ugaldu egin ziren zurrumurruak Eguzkiarekin zerbait gertatzen zela esanez. Uztailaren 11n NASAk prentsa oharra argitaratu behar izan zuen Eguzkiari ezer ez zitzaiola pasatzen argitzeko, eta eguzki minimoa behar baino luzeagoa zela gezurtatzeko. «2008ko barealdia ez da Maunderren minimoaren bigarren bisita bat», adierazi zuen orduan Hathawayk berak.
Aurten, beraz, 24. zikloa hasten ari da, eta 23.a amaitzen. Ziklo zaharrean 2000. urtean izan zuen jarduera handiena, maximoa, eguzkiak. Ordutik, orban kopurua murrizten joan da. Aurten, urtarriletik irailera bitartean, 22 orban talde antzeman dituzte adituek, eta horietatik %82 ziren ziklo zaharrekoak. Urrian antzemandako taldeekin taulak irauli egin dira, eta une honetan %80 dira ziklo berrikoak.
Latitudea eta polaritatea
Lehen begiratu batean ziklo bateko edo besteko eguzki orbanek berdinak dirudite; baina ez dira berdinak. Eguzki fisikariek bi ezaugarri aztertzen dituzte orbanak batean edo bestean ipintzeko: orbanen latitudea eta haien polaritate magnetikoa. Ziklo berriko orbanak beti goiko latitudeetan agertzen dira, eta denboran aurrera egin ahala, ziklo zaharrekoak eguzkiaren ekuadorraren ingurura biltzen dira. Eta ziklo zaharrekoenen alderantzizko polaritatea izaten dute berrikoek.
Irudian antzeman daitekeen eguzki orbana -1007 izena eman diote-, ziklo berrikoetan handiena izan da, eta azaroarekin batera agertu zen. Bi nukleo zituen, bakoitza Lurra bera baino handiagoak, milaka kilometroko luzerako filamentu magnetiko aktiboekin lotuta.
Azaroaren 3an eta 4an 1007 orban taldeak B klaseko eguzki erupzioak eragin zituen. Klase horretako erupzioak txikitzat hartzen dira, baina Lurrean senti daitezke. Egun horietan, X izpiek Lurra planetaren eguneko aldea estali zuten, eta ionizazio uhinak barreiatu Europako atmosferan. Oso frekuentzia apalean (VLF) ari ziren irratizaleek seinalean gorabehera arraroak sumatu zituzten, ionosferako aldaketen ondorioz.
Aurreikuspenen arabera, Eguzkiaren 24. zikloak 2011-2012 urteetan iritsiko du bere maximoa. Eguzki maximoan, egunero gertatzen dira eguzki orban izugarriak, eztanda edo erupzio eta masa koronalaren ejekzio (CME) ikusgarriak Eguzkiaren azaleran.
Erupzioetan X-izpi eztanda ikusgarriak gertatzen dira Eguzkiaren azaleran. Masa ejekzioetan, energia eta partikulak jaurtitzen ditu Eguzkiak Espaziora. Horiek izan dezakete Lurrean eragina. Irrati seinaleak eten egin daitezke. Sateliteak honda ditzakete, telefono seinaleak galarazi eta hegazkinen nabigazio sistemetan eragin.
Eguzki ekaitzak
1989 martxoaren 13an, Quebecek eguzki ekaitza jasan zuen, ejekzio baten partikulak Lurrera iritsi zirelako. 90 segundoz erabateko itzalaldia izan zen. Montrealgo argindar sarea bederatzi orduz egon zen geldirik. Halako beste bat iritsi omen zen Lurrera 1859. urteko irailaren 1ean eta 2an eta planetaren bazter gehienak ukitu zituen. Besteak beste AEBetako eta Erresuma Batuko sare telegrafikoak hondatu zituen. Dena den, izan zen alderdi politagorik: hainbat tokitan aurora ikusgarri bat ikusi ahal izan zuten, adibidez, Erroman edo Hawaiin.
Eguzkiaren jarduera mailak eragin handia izan dezake Lurrean, baita Lurretik kanpo ere. Hain zuzen, eguzki gutxieneko aldiak dira onenak espaziontziak zeruratzeko, arriskuak nabarmen gutxiago direlako.
Zer dira orbanak?Eta, bide batez,zer da Eguzkia?
Eguzkiaren azaleran agertzen diren puntu ilunei deitzen zaie orbanak. Ilunagoak ikusten dira tenperatura txikiagoa dutelako, 4.000-5.000 gradu zentigradu, 6.000 gradutan dagoen inguruak baino. Nolabait Eguzkiaren azalera ziztatzen duten eremu magnetikodun lerroak dira. Hor konbekzioa galarazita dagoenez, hotzagoak diraEguzkia neurri ertaineko izar bat da, eta Lurretik 150.000 milioi kilometrora dago. Barneko fusio erreakzioekin hidrogeno atomoak helio atomo bihurtzen ditu, eta sekulako energia sortu. 4.500 milioi urteko adina du Eguzkiak eta beste bost milioi urtetan segiko du hidrogenoa helio bihurtzen, erdigunean hidrogenorik gabe gelditu arte. Orduan erraldoi gorri fasean sartuko da, ezingo baitie gaineko geruzei eutsi. Eguzki sistema osoko masaren %99,8 hartzen du. Eta, 1,3 milioi Lur sartuko lirateke bere barnean.