EZARIAN. ERRIBERAKO MERKATUA. Hiriko Plaza Zaharra berritu beharrean

Bilboko Erriberako merkatua oso hondatua dago. Udal agintariek zatika eraitsi eta berria jaso behar dela iragarri dute. Lanak egin bitartean salerosketak ez dira etengo.

Ibai Maruri Bilbao.
2008ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Datorren urtean 80 urte beteko dira gaur egun ezagutzen den Erriberako merkatuak aurrenekoz ateak ireki zituenetik. 1929 hartako abuztuaren 22an izan zuen, hain zuzen ere, aurreneko salmenta eguna. Hiria jaiak ospatzen zebilen, zelanbait esatearren. Egungo Aste Nagusian gertatzen den bezala, orduan ere ostirala zen egun handia.

Orain 79 urteko abuztuaren 22 hura osteguna zen; jai bezpera, beraz. Hori horrela, lehenengo egun hartan arratsaldez itxita zegoen merkatua. Dena den, goizean goiz jendetza batu zela esaten dute garaiko kronikek. Giroa bero-bero zegoela, eta ez bakarrik urte sasoiari dagozkion tenperaturengatik. Ordura arte, behin-behineko neurri gisa, merkatariek Plaza Berrian jartzen zituzten euren saltokiak, lanak bukatu arte. Egun horretan betiko plazara itzuli ziren. Edo zuzenago esanda, betiko tokian eraiki zieten merkatu berrira.

Saltzaileak ugari baziren, erosleak are gehiago. Berritasunak jende andana erakarri zuen. Pedro Ispizua arkitekto bermeotarrak diseinatu zuen aurretik zaharra egondako leku berean. Garai hartarako oso moderno eta berritzailea zela esaten zen arren, harrera ona jaso zuen. Bilbotarrei gustatu zitzaien. Funtzionala zen, baina era berean hiriaren ikur berria izan nahi zuen. Alde praktikoa eta estetikoa, biak zaintzen zituen.

Barrutik fabrika erraldoi baten itxura dauka: zutaberik gabe eta esparru zabalez osatuta dago. Argiak sekulako garrantzia du. Goitik sartzen da, eta solairu bakoitzeko zorua zeharkatzen du. Horri esker, Erriberako merkatuak argi naturala aprobetxatzen du ia eraikin osoan.

Kanpoko aldeari dagokionez, Art Deco eklektikoa izeneko estiloan eginda dago. Beirateak, saretak eta bestelako elementu apaingarriak ditu. Adierazgarriak dira, halaber, zortzi dorretxoak eta erdiko aldeko kupula.

Hain zuzen ere, dorre horiek eta Mesedeetako zubiaren aldeko absidea dira zutik geratu zaizkion bakarrak. Udalak eskatuta egindako ikerketa baten arabera, Erriberako merkatua oso hondatua dago.

Oso hondatua

Egitura bera da kaltetuta dagoena. Hori horrela, eraikina eraistea beste irtenbiderik ez dute aurkitu. Betoia egiteko hondartzako harea erabili zen, eta horrek altzairua dezente higatu du. Era berean, araudiaren arabera mota horretako eraikinek 500 kiloko pisua eusteko gai izan behar dira, metro koadroko. Erriberako merkatuaren hainbat gunek, egun, 100 kilori baino ezin diote eutsi.

Hori horrela ia dena eraitsi beharko da, eraikin berria jasotzeko. Lanak hasi aurretik, badaezpada, hainbat gune zutoinez eutsi eta kanpoko hormak tentuz zaintzeko gomendatu dute ikerketa egin duten adituek.

Nahiz eta Ispizuaren maketak erabili, oraindik zutik dagoenarekin alderatuz, zenbait desberdintasun izango ditu, egungoa eraikitzerakoan hainbat gauza aldatu baitziren. Besteak beste, San Anton eliza ondoan dagoen absidea desagertuko da, eta plaza berri batentzako gunea sortuko. Hain justu, toki horretan sarrera berri bat izango du merkatuak. Halaber, Erribera kalera ematen duten eskailera nagusiak ere kendu egingo dituzte eta barruko aldean automatikoak jarri, solairuz igo edo jaitsi nahi duenarentzat.

Erdiko aldeko plazaren bi hormak eta San Anton aldekoa kristalezkoak izango dira, baita piramide itxurako kupula ere. Modu horretan, argi naturalari are garrantzi handiagoa emango zaio.

Gauzak horrela, 2009ko ekainean hasi nahi dute lanekin. Lehenengo urratsa erdiko aldetik San Anton elizarantz doan aldea botatzea izango da. Denbora tarte horretan beste aldean pilatuko dira merkatariak. Bukatutakoan beste aldea eraitsiko dute, eta merkatariek berrian egin ahal izango dituzte salerosketak. Behin dena bukatuta, merkatari bakoitzak bere behin betiko tokia hartuko du.

Gutxi gorabehera hiru urte beharko dira horretarako. Oraindik erabakitzeke dago merkatari bakoitzak zenbat ordaindu beharko duen, baita zenbateko aurrekontua beharko den ere.

Historia luzea

Honakoa, baina, ez da izango merkatuaren aurreneko aldaketa. Ibilbide luzea egin du Bilboren historian. Bost mendetik gorakoa, hain zuzen ere.

Hastapenetan plaza irekia zen. Askotariko erabilerak izaten zituen. Edozein herri edo hiritako enparantzekin gertatzen den antzera, herritarrek antolatutako ekitaldi publikoen eta ospakizunen topagunea zen Bilboko Plaza Nagusia ere. XIV. mende hartan, besteak beste, merkatua toki horretan antolatzen zen. Huraxe izen zen, hain justu, hiriaren aurreneko salerosketarako gune nagusia. Huraxe, Bilboko merkatua.

Bilbotarren beharrizanak asetzeko ezinbestekoak ziren elikagai guztiak han saltzen ziren. Inguruko herrietatik iristen ziren baserritarrak etxean jasotako produktuekin. Halaber, handik sartzen zuten arraina. Azkenik, gaur ez bezala, zereal eta pentsuak ere saltzen ziren.

Garai hartako hiriaren bihotza zen hura. Herriko armarrian agertzen diren San Anton eliza eta zubiaren aldamenean dago plaza, eta urte haietan Bilbok izan duen aurreneko udaletxea ere bertatik bertara zegoen.

Aterperik bako plaza hura ez zen salmentarako tokirik aproposena. Horrela bada, 1840 inguruan estalpe batzuk eraiki ziren, gerora merkatuaren eraikina izango zenaren hazia. Gutxieneko azpiegitura hura urrats garrantzitsua izan zen etorkizunera begira. Eta euritik ere babesgarri zitzaien.

Oraindik ere zerbait egonkorragoa egin behar zela eta, 1880an burdin eta kristalezko eraikuntza jaso zuten. Goitik ez ezik, alboetatik ere itxita zegoen. Garaiko joerak jarraituz diseinatu zuten. Beste berrikuntza bat ere ekarri zuen aldaketak: haragia saltzen zuten postuak jarri zituzten.

Dena den, arazoren bat edo beste eman zuen. Materiala gehiegi berotzen zen, eta merkatua ez zen erabilgarria izan, harik eta teilatua busti eta tenperatura jaisteko sistema bat asmatu zuten arte.

Haren oinordekoa da gaur egungo Erriberako merkatua. Datorren urtetik aurrera, bada, beste aldaketa bat izango du Bilboko Plaza Zaharrak. Mendeak mende, bizi-bizi dago.



Xabi Ortueta Erriberako saltzailea

«Oraindik ez dakigu zenbat diru jarri beharko dugun lanak egin ahal izateko»

I. Maruri Bilbo

Erriberako merkatuan aspaldiko saltokia da Ortuetarranen urdaitegia. Hirugarren belaunaldia ordezkatzen du Xabi Ortuetak, bere familiarena den urdaitegian. 15 urte daramatza aurretik aitona-amonena eta gerora gurasoena izan zen dendan lanean. Hori horrela, gutxik bezala ezagutzen ditu hango kontuak.

Udalak eskatutako ikerketaren emaitzek merkatuaren eraikina oso hondatua dagoela esaten dute. Horrelako berririk espero zenuten?

Ez, ez. Inondik ere ez. Guk hitz egiten genuen ikerketa egin zutenekin, eta esaten ziguten nahiko ondo zegoela. Beraien ustez, ez zegoen hain hondatua. Noski, guk langileekin hitz egin genuen. Alegia, hemen datuak eta laginak hartzen ibili zirenekin. Badirudi laborategian beste zerbait ikusi dutela, lehen begiratuan aurkitu ez dutena. Guk erreforma errazagoa izango zela espero genuen, laburragoa. Merkatua eraitsi eta berria egin beharko dela entzun genuenean harrituta geratu ginen. Jokoz kanpo harrapatu gintuen.

Orain urte batzuk Udalak merkatarien esku utzi zuen zaharberritzearen ardura, orain bere gain hartu du.

Gure esku utzi zuen, baina gure kudeaketa oso txarra izan zen. Ez genuen asmatu. Hemendik aurrera Udala arduratzen bada, hobeto joango zaigula uste dut. Gu merkatariak gara, eta hau munstro bat da guk menderatzeko. Oso zaila da.

Hainbat tirabira izan dituzue haiekin. Egun zein da zuen arteko harremana?

Oso kaskarra. Nahiko harreman eskasa dugu. Oso informazio gutxi ematen digute. Orain ere lanak nola egingo diren ere ia-ia ez dakigu. Alde bat eraisten duten bitartean beste aldean egongo garela, eta alderantziz. Gutxi gehiago dakigu guk lan hauetaz.

Proiektua prentsaurrean aurkeztu aurretik, merkatariekin bilera bat izan zuten. Zein izan zen zuen erantzuna?

Alde gaudela esan genien. Arazoaren tamainaz ohartu gara, eta, beraz, lanak onartu egin behar ditugu. Dena den, guretzat nahiko ilun dago dena. Oso informazio gutxi daukagu. Espero dugu azalpen gehiago emango dizkigutela. Beti gehiago jakin dugu hedabideetatik, Udalak esan digunetik baino. Pasa den astean egin genuen merkatariok bilera bat, baina oso informazio gutxi daukagu.

Finantzaketaren inguruan zer esan dizuete? Alkateak esan du ez zaituztela ito nahi.

Oraindik ez dakigu zenbat diruordaindu beharko dugun lanak egin ahal izateko, ez dakigu zenbat diru beharko den, ezta zenbat jarriko duen Udalak berak. Ez dakigu ezer.

Nor da merkatua tamaina honetan hondatu izanaren erantzulea?

Argi eta garbi, Udala. Bera da eraikinaren jabea. 1983ko uholdeetatik hona ez dute ezer egin. Uholdeen ondoren egindako konponketetatik hona ez dute ezer inbertitu merkatuan. Ez dute ezelango diru kopururik baliatu merkatuaren mantentze lanetarako.

Beste aukerarik egon daitekeela uste duzu?

Udalak esan du eraitsi behar dela, eta hori egin beharko dugu. Dagoeneko ez dago beste aukerarik. Erabakia hartuta dago. Krisiarekin baliteke lan horiek egiteko dirurik ez egotea, eta beste irtenbideren baten bila hasi behar izatea. Baina ez, ezin dugu beste aukerarik bilatu erabakia hartuta dagoenean.

Egokia iruditzen zaizu?

Tira. Bai. Udalak ordaintzen badu, izan daiteke. Ez dena, noski, baina gehiena bai. Beraiek izango dira eraikinaren jabeak, beraz, lan handiena berak ordaindu beharko luke. Merkatariok bakoitzak bere saltokia ordaindu beharko dugu. Aldaketak mesedegarriak izan daitezke.

Zein da egun merkatuaren egoera, salerosketarako gune moduan?

Lehengo aldean geroz eta jende gutxiago dator. Garai batean Bizkai osoan ia merkatu bakarra zegoen. Orain ia herri eta auzo guztiek dute bere merkatua. Kontsumo ohiturak ere aldatu dira. Merkataritza gune handiak ugaritu dira. Gaur egun beste era batean egiten dugu lan. Hurbilagoko jendeari eskaintzen dizkiogu gure zerbitzuak. Zazpikaleetako biztanleak, Santutxukoak edota Abusukoak dira gehienbat gure bezeroak. Lehen herrialde osotik etortzen ziren.

Hori horrela, etorkizunera begira zer?

Ni baikorra naiz. Uste dut etorkizuna ziurtatuta duela. Oraindik jendeari merkatura etortzea gustatzen zaio. Merkatu tradizionalak erakargarritasuna gordetzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.