EZARIAN. Erromes, prestatu ongi aurrez

Done Jakue bidea egingo dutenek bidaia prestatu behar dute abiatu aurretik, bidean gozatzeko eta Santiagora ahalik eta baldintzarik onenetan iristeko. Etapak antolatu, entrenamendu fisikoa egin eta baliabide egokiak hartu behar dira.

Donostia
2010eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Xacobeo urtea da aurtengoa, eta Done Jakue bidea hasia da beste urte batzuetan baino erromes gehiago hartzen. Hala ere, askok aprobetxatzen dituzte oporrak -gehienek udarakoak- Santiagorako pausoak emateko. Galiziara abiatu aurretik, ordea, aurrez prestatu beharra dago, erromesenak ez direlako nolanahiko oporrak; luxurik gabea, baina askorentzat estresetik aldentzeko bidea.

Bidea prestatzeko gauza asko hartu behar dira kontuan ezinbestean: urte sasoia, egin nahi den bideko etapak, denbora, motxila, janzkera, entrenamendua... Izan ere, bidea osorik egitea ez da oporretarako edonolako plana. «Jendeak lehenengo begiratu beharko luke zenbat denbora daukan eta zein bidetik egin nahi duen Santiagora arteko ibilaldia. Bide asko dago aukeran, baina ohikoenak kostakoa eta Frantziakoa dira, bigarren hori batik bat. Aurten, Xakobeo urtea izanik, jendez lepo egongo da bide hori, batik bat abuztuan, beraz, gomendagarria da kostako bidea aukeratzea lasaiago ibiltzeko», dio Rakel Arrietak, Orioko Done Jakue bidearen interpretazio zentrokoak. Kostako bidea, hala ere, tradizionala baino gogorragoa dela diote erromesek. Interpretazio zentroko Idoia San Sebastianen esanetan, «asko kexatzen dira kostako bidearekin, oso gorabeheratsua delako. Askok aurrez bide tradizionala egina dute, beraz, konparatuta kostakoa zailagoa iruditzen zaie».

Bidea aukeratu ondoren, zein garaitan egin erabaki beharko dute erromesek. Lasaitasun bila doazenentzat, udaberria eta udazkena dira sasoirik egokienak; hala ere, beti eguraldiari erreparatzea komeni da. «Maiatza eta ekaina aproposak dira, udako hilabeteetan jende gehiegi izaten baita. Betiere aldea izaten da kostakoa edo bide tradizionala aukeratu; izan ere, tradizionaletik orain ere jende asko ibiltzen da. Iraila edo urria ere izan daitezke egokiak, oraindik eguna luzea da eta eguraldia portatuz gero ez da garai txarra», dio San Sebastianek. Arrietak neguko aukerari, hotzaz gain, aurkitu dio beste traba bat: «Erromesen aterpetxe asko itxita egoten da. Beraz, erromesei garestiago ateratzen zaie lo egitea, beste aterpetxe edo hotel batera joan behar baitute».

Batez beste, 20-30 euro

Dirua aipatu, eta batez beste 20-30 euro artean gastatzen du erromes batek egunean. Aterpetxeetan gaua pasatzea 7 euro da, gutxi gorabehera; kontuan hartu behar dira jan-edanak; eta bestelako gastuak: garbigailu edo lehorgailuak erabiltzea, monumentu eta museoetara joatea, ustekabeak... San Sebastianek dio tarteka pasatzen direla batzuk bidean erromesak diren aitzakian ezer ordaindu nahi izaten ez dutenak.

20-30 euro, eta hori da egunean oinez egitea gomendatzen den kilometro kopurua ere; bizikletaz, aldiz, 50-70 kilometro. «Erromesek finkatuta dauden etapak bete nahi izaten dituzte, eta hilabete behar da horretarako Irundik edo Orreagatik Santiagora. Badira bidea beste tokiren baten hasten dutenak, erdialdean, Burgosen, adibidez, eta horiek denbora gutxiago behar izaten dute», dio Arrietak. Haren esanetan, «etorri izan da jendea programatua zuena Zarautzera arteko etapa, eta hala egiten duena; gero trenez Oriora etorri, hemengo aterpetxean lo egin, hurrengo goizean trenez Zarautzera joan eta handik jarraitzen dute bidea. Badakite trena badagoela, zenbat kilometro dauden... hemen galde dezakete ordutegia». Bestalde, bada jendea bidea zatika egiten duena; hilabete libre ez dutenak, esaterako, Orreagatik Logroñora astebetean joaten dira, eta gero beste aste bat edo gehiago libre dutenean beste zati bat egiten dute handik hasita.

Oinak eta bizkarra babestuta

Bidaia bera ez ezik, gorputza ere prestatu behar da bidean ezustekorik ez izateko. Gomendioen arabera, bideari ekin baino bi edo hiru hilabete lehenago hasi behar dira prestaketak. Egokia da astean behin mendian edo bidezidorretan ibiltzea eta astean bitan oinezko edo korrika saioak egitea. «Biderako erabiliko diren botekin edo zapatilekin egin behar dira entrenamenduak, oina oinetakora ohitzeko, eta motxila ere pisuz bete behar da, bizkarra ohitu dadin», dio San Sebastianek.

Izan ere, oinetakoek beste garrantzi du motxilak ere. Jostura sendoak dituztenak, uhaletan biguingarriak dituztenak eta motxila norberaren altuerara egokitzeko sistema dutenak dira egokienak. 40 eta 50 litro arteko edukiera behar du, eta beteta dagoela ez du izan behar erromesaren pisuaren %10 baino gehiago; bestela, laster sumatzen dira ondorioak: urratuak, gainzamak, giharretako minak... Interpretazio zentroan entzun izan diete erromesei jendeak motxilan badaezpadako gauza asko sartzen dituela: «Lehen egunetan ohartzen dira gehiegi direla eta ezin dutela karga horrekin aurrera egin, beraz, lehenengotariko aterpetxeetan uzten dituzte gauza asko edo batzuk baita korreoz etxera bidali ere. Ohituta gaude etxean dena eskura izatera, eta horregatik iruditzen zaigu denetarik beharko dugula».

Aterpetxeak bideko atseden

Oinetakoak lurrean eta motxila soinean bideko etapa bakoitza amaitu ondoren, aterpetxeetan atseden hartzeko garaia izaten da. Erromesen aterpetxeetan ohea nahi dutenek erromes egiaztagiria beharko dute. Tokia dauden oheen eta ailegaera ordenaren araberakoa izaten da. «Lehentasuna oinezkoek dute, eta bizikletaz joaten direnek itxoin egin behar dute tokirik libre badago han gelditzeko», dio Arrietak. Azaldu du badela jendea laguntza autoak eramaten dituena: «Motxilak autoan eraman, erromesak motxilarik gabe ibili eta, autoa aterpetxera lehenago iristen denez, ohea okupatzen dute, motxila aldean eramaten dutenentzat tokirik utzi gabe». Bide tradizionalean, badira enpresak hori egiten dutenak, eta eguneko 20 euro kobratzen dute. Beste batzuek antolatzen dituzte Done Jakue bidea hamabost egunetan gisako bidaiak; egun baten nekatuta dagoena autobusean geldi daiteke, hurrengo etapa oinez egin...

Aterpetxera iritsi eta tokirik izan ezean, erromesak arduratu behar dira ordezko lekua topatzeaz. San Sebastianek dio badela aterpetxeren bat edo beste taldeentzako erreserbak egiten dituena, baina gutxi batzuk direla. Azaldu duenez, «Santiago Bidearen Lagunak elkartekoek koordinatzen dituzten aterpetxeek borondatea eskatzen dute. Beraz, batek bost euro utz ditzake, eta hurrengoak batere ez. Orain, toki batzuetan, gutxieneko prezioa jarri dute, hiru eurokoa. Beste aterpetxe batzuk pribatuak dira; Oriokoa, esaterako, Done Jakue bidea egin duen emakume baten ardurapean dago, eta hamar euroren truke ematen die ohea erromesei». Aterpetxe batean gehienez bi gau pasa daitezke, baina gehienek gau bakarra pasatzen dute eta goizean hurrengo etapa egitera abiatu. Aterpetxeak dira Done Jakue bidearen bereizgarrietako bat, eta «askok esaten dute aterpetxeetan gelditu ezean ez dela bidearen zer hori, esentzia hori benetan bizitzen, aterpetxeetan harremana sortzen da beste erromesekin eta aterpetxeko arduradunekin», dio San Sebastianek.

Trenez edo hegazkinez buelta

Bidaia hasi aurretik eta bideankontuan hartu beharrekoak dira horiek, baina, Santiagora iritsita, nola itzuli etxera? Autobusez, trenez, autoz edo hegazkinez. Gehienek trena eta hegazkina erabili ohi dute. Renfe konpainiak eskaintza berezia jarri du Xacobeo urtearen aitzakian. Santiagoko Erromesen Bulegoan Renfek duen mahaian erromesen txartela jasoko dute gutxienez bideko etapa bat egin dutenek, eta distantzia luzeko edo ertaineko bidaietan %20ko beherapena izango dute. Bidean bizikletaz ibili direnek Hal Courier enpresaren bidez bidali ahal izango dute bizikleta, 45 euro ordainduta. Hegazkinez bueltatzen direnek %50eko beherapena izango dute Iberiako hegazkinetan turista klasean; horretarako bidea egin izanaren agiria aurkeztu beharko da.

Bidaia ongi prestatu eta bideari gogoz ekin. Gomendioak gomendio, bidea bera da bide erakuslerik onena.

Datorren asteazkenean: Done Jakue bidea (II): Bidea egiteko moduak.



Erromesen egiaztagiria, biderako ezinbestekoa

Erromes guztiek eraman beharreko agiria da; 50 zentimoeta euro bateko kostua du, baina leku batzuetan borondatea ere eskatzen dute. Bidea hasten duten tokian, eguna eta bidean ibiltzeko modua (oinez, bizikletaz, zaldiz...) egiaztatuko diete. Ondoren, igarotzen dituzten tokietan zigilatu beharko dute, erromesen aterpetxeetan gehienetan, eta han lo egiteko baimena izango dute. Bestalde, Santiagoko Erromesen Bulegora iritsitakoan, ezinbestekoa izango da egiaztagiria aurkeztea erromesak zenbat kilometro egin dituen jakin dezaten: gutxienez 100 kilometro zaldiz edo oinez, eta bizikletaz 200 kilometro gutxienez; horrela emango diote bidea egin izanaren agiria. Egiaztagiri horiek toki hauetan eskura daitezke: artzapezpikutzan, parrokietan, bideko lehen aterpetxean eta Santiago Bidearen Lagunen elkarteetan.





Erromesaren ohiko osasun arazoak

I. Agirreazaldegi. Donostia

Egoki prestatu arren, beti izan daitezke ustekabeak, osasun arazoak gehienetan. Sendagilearengana joan behar izanez gero, hegoaldeko gizarte segurantzako txartelarekin edozein osasun etxetara joan daitezke erromesak; iparraldekoek gizarte segurantzako administrazioan eskura dezaketen Europako agiria (E 111) beharko dute.

1. Giharretako mina

Mindutako giharrei atsedena eman eta likidoak edan. Min handia izanez gero, parazetamola hartu eta oinez hasi aurretik giharrak berotu.

2. Babak eta urratuak

Oinetako erosoak, izerdia saihesten dutenak eta aurrez erabiliak jantziz gero, arazo horiek saihestu daitezke. Izanez gero, garbitu ur hotzarekin eta babak handiak badira esterilizatutako orratz batekin zulatu, azala kendu gabe.

3. Deshidratazioa

Ohikoa baino neke gehiago edo nahieza sumatu eta, horretaz gain, sukarra eta beherakoa izanez gero, larria izan daiteke. Berehala hartu behar da atseden, eta kordea galduz gero osasun etxe batera joan. Horrelakorik gerta ez dadin, ordea, ordurik beroenetan ez ibili eta ur asko edan.

4. Bihurrituak

Atsedena hartzeak eta mindutako lekuan izotza jartzeak hantura jaisten lagunduko du. Mina arintzeko analgesikoak eta hanturaren aurkako botikak har daitezke, eta sendatu ezean medikuarengana joan.

5. Erredurak

Eguzkiak erretzea saihesteko, txapelak, eguzkitako betaurrekoak eta eguzkitik babesteko krema erabili behar dira, baina, behin errez gero, ur hotzarekin garbitu eta krema hidratatzailea eman. Min handia izanez gero, analgesikoak har daitezke. Laguntza medikoa eskatu behar da babak tamaina handikoak badira edo gorputz alde zabala kaltetu bada.

6. Intsektuen ziztadak

Intsektuak uxatzeko produktuak erabili eta haiek erakar ditzaketen perfumerik ez eman. Ziztadarik jasoz gero, azkuraren kontrako pomada eman. Aterpetxe batzuetan arkakusoak edo zimitzak hasi dira ugaltzen, batik bat Nafarroako bidean. Hori saihesteko onena da motxilan intsektuen aurkako esprai bat botatzea. Izan ere, arkakusoak motxilan sartuz gero, aterpetxe batetik bestera eramaten dira, eta erromesei zizta egiteko arriskua dago.

7. Gastroenteritisa

Gaitz horren seinale dira goragalea, tripako mina, beherakoa, sukarra eta, oro har, ondoeza. Komeni da ezer ez jatea 24-30 orduan, eta prestatutako likido bat edatea 2-3 litro egunean; baina okadak kontrolaezinak badira sendagilearengana joan. Gastroenteritisa saihesteko edateko ona den ura eta ongi garbitutako frutak eta barazkiak edan eta jan behar dira, eta eskuak ere garbi izan jateko orduan.

8. Onddoak

Ez kutsatzeko norbere garbiketa zaindu eta onddoak izan nahi ez dituenak dutxarako gomazko sandaliak erabili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.