EZARIAN. Erromesak artelanei so

Erromesen kopurua handitu eta, horrekin batera, arte erromanikoaren loraldia ere heldu zen, XII. eta XIII. mendeetan, Euskal Herriko hainbat txokotara.

Anakoz Amenabar.
Gasteiz
2010eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Done Jakue bideak eskaintzen dituen aukeren artean, ezin ahatz daiteke artea. Hamaika txoko eder ezagutuko dituzte erromesek. Arte erromanikoa da bideak utzitako ondare garrantzitsuena, mendeetan eraikitako altxorra, eta Euskal Herrian horren erakusle dira egun zutik dirauten zenbait eliza, monasterio, zubi eta jauregi. Batik bat, Araba eta Nafarroan ikus daitezke loraldi hark utzitako arrastoak.

Europako beste hainbat herrialdetan bezala, Done Jakue bideari jarraituta, XII. eta XIII. mendeetan susperraldia izan zuen Euskal Herriak ekonomia, erlijio eta kultura arloetan. Erromanikoa bidearen erreferente izan arren, adituen arabera, bideaz gainera, beste hainbat faktore izan ziren ezinbesteko garai hartako artea kontinentera zabaltzeko. Artearen historian doktore Javier Lopez de Okarizen esanetan, faktore garrantzitsua izan zen Done Jakue bidea erromanikoa hedatu ahal izateko, baina ez bakarra. «Done Jakue bidearen arrastorik egon ez eta erromanikoa dagoen leku asko dago Europan, Irlanda kasu, beraz, beste eragile batzuk ere bilatu behar dira, beneditarren Clunny ordenak izan zuen indarra, esaterako». Salbuespenak salbuespen, Done Jakue bideak eta erromanikoak osatzen duten bikotea «banaezina» dela uste du Gorka Lopez de Munain historialariak: «Bideari jarraituta, artisten lana etengabe errepikatzen dela ikusten dugu, gaiak errepikatzen dira, forma apaingarriak: hankak mokokatzen ari den hegaztia, adibidez». Jesus Gonzalez de Zarate historialariak ere bidearen eta erromanikoaren arteko «lotura erabatekoa» nabarmendu du. «Bidea XXI. mendeko Internet zen, kultura hedatzeko modua, eta ikus dezakegu egun nola Estibalizko baselizan (Araba) dauden kapitelak Frantzian ere badauden, bideari jarraituz».

Euskal Herritik igarotzen diren bideetatik barnealdekoan, Aragoikoan eta, batez ere, Nafarroakoan aurkituko du bisitariak erromanikoa, eta horietatik zerbait aldentzen diren txokoetan ere bai. «Askotan, erromesek zeharkako bideak ere bilatzen zituzten guztiekin batera ez joatearren, edo beste interes batzuk zituztelako, eta horietako txoko askotan ere badaude erromanikoaren aztarnak», gogoratu du Lopez de Okarizek. «Kostaldeko bidea, esaterako, ez dago zehaztuta, ibilbidea idatzita utzi ez zutelako, baina hainbat arrasto jarraituta herriak lotzen joan gaitezke». Done Jakue bidea egiten joateko aztarna ona izan daiteke, haren esanetan, San Martin, Santiago eta Santa Marinaren omenez dauden elizak bilatzea.

Gipuzkoa eta Bizkaitik barrena, erromaniko arrasto gutxi dago. XIV. eta XV. mendeetako zabalkundearekin eliza zaharrak eraitsi eta berriak egin zituzten, lekua eta hainbat atari bakarrik bere hartan utzita. «Erlikia modura, hogei bat atari geratzen dira Gipuzkoan, Hernanin eta Irunen, adibidez». Bizkaian ere adibide bakar batzuk baino ez daude, Arrigorriagako San Pedro Abrisketan eta Mungiako San Migel Zumetzagan, esaterako.

Barnealdeko bideari jarraiki, San Adrian pasabidea igarota, Arabara helduko da bisitaria, eta bertan hamaika txoko erromaniko topatuko ditu. Micaela Portilla (1922-2005) historialariak ez zuen bat bera ere alde batera utzi; guztiak bisitatu eta aztertu zituen. Erromanikoa aipatzean, ezin ahatz daitezke Zalduondo, Agurain, Gazeo, Dulantzi, Estibaliz, Burgu eta Armentia. XIII. mendeko artea da bertakoa, arkitektura baino eskultura aberatsagoa duena. Eraikin guztien artean, bi aipatu behar dira: Armentiako San Prudentzio basilika eta Estibalizko Santa Maria monasterioa. «Sinboloetan aditu Gerard de Champeauxek ere Armentiako irudiak nabarmendu ditu, Kristo infernura jaitsi zeneko irudiagatik», dio Gonzalez de Zaratek.

Ipar Euskal Herrian gutxi dira erromanikoak utzitako aztarnak. Gehiago izan zen arren, erlijio gudek hura deuseztea ekarri zuten. Baina bada bitxikeria bat edo beste. Guztien artean, Pirinioetako bidetik joanez, Kakuetako arroilatik gertu, Santa Grazi eliza txikia aurkituko du erromesak. Kanoi-ganga bikain mantentzen du, arku eta kapitelekin batera. «Kapitel bitxiak ditu, mingaina erakusten ari den lehoia edo besarkatzen ari den bikotea kasu. Leku ederra da», gogoratu du Lopez de Okarizek. Ospitalepeko elizak (Zuberoa) ere ondo kontserbatutako erliebe finak ditu. «Deigarria da, baita ere, barrualdean, dorre txikiak islamiar tradizioa jarraitzen duela. Erromanikoarekin nahasten da, beraz». Izura ere (Nafarroa Beherea) garrantzitsua da, hiru bide bertan elkartzen zirelako, Orreagara bidean.

Erromanikoaren erakusleiho

Done Jakue bidearen artearen erakusleiho nagusia Nafarroa da, ezbairik gabe. Hamaika txokotan aurki daitezke egun erromanikoaren arrastoak. Iruñean bertan, katedralean eginiko indusketetan, elementu artistikoaren aztarnak aurkitu zituzten, irudi eta kapitelen bat, egun Nafarroako museoan daudenak. «Arrasto gutxi izan arren goi mailakoak dira, gure inguruan ikus ditzakegunen artean bikainenak».

Lizarra ere adibide ona da, erromaniko multzo handiena baitu. Eraikin erlijiosoak dira horien artean adierazgarrienak, San PedroRuakoa eta San Migel tartean, baina hortxe dago salbuespenetako bat ere: Erregeen Jauregia, egun Gustavo de Maezturen museoa dena. «Ikaragarria da jauregi batean XII.mendeko fatxada mantendu izana», dio Lopez de Okarizek. «Zangoza ere aipatuko nuke, ikusgarria izateaz gainera, ahozko literaturaren elementuak ere hartzen dituelako irudietan».

Nafarroako erromanikoan beste bi eraikuntza bitxi ere aipatu behar dira: Torres del Rio eta Eunateko elizak. Bereziak dira, oinplanta zentralizatua dutelako, oktogonala, eta tenplarioen istorioekin ere lotu izan dituzte.

Deigarria da Orreaga, erromes askorentzat bidegurutze izanik erromanikoaren arrastorik ez duelako. «Kolegio eliza aberatsa zuten, eta eliza berria egitea erabaki zuten. Nafarroako gotikoko garrantzitsuenetakoa da».

Datorren astean: Done Jakue bidea (VI): Bidea, literaturan.



Javier Lopez de Okariz.Artearen historian doktorea
Ikerlan ugari egin ditu Euskal Herriko eta kanpoko erromanikoaren inguruan, eta Done Jakue bidearen lagunen elkarteko kide ere bada; biak uztartuta, gertutik ezagutzen du bien arteko harremana.

«Erromanikoa zabaltzearen eragile nabarmena izan zen bidea, ez garrantzitsuena»

A. Amenabar. Gasteiz

Antzinako eta Erdi Aroko artean aditua da Okariz (Gasteiz, 1948). Hamaika lan ditu eginak erromanikoaren inguruan. Irakasle eta ikertzailea ere bada, eta, beste kide batzurekin batera, iberiar penintsulako erromanikoari buruzko lana du orain esku artean. Hainbat zertzelada eman ditu Euskal Herrian Done Jakue bideak utzitako arrastoen inguruan.

Historialari batzuek Done Jakue bidea eta erromanikoa bereizten dituzte. Ez al ziren batera heldu?

Ezin daiteke erromanikoa eta bidea parekatuta doazela esan, ez da sinesgarria. Zalantzarik gabe, eragin nabaria izan zuen bideak, baina ez zen faktore bakarra izan. Beneditarren Clunny ordenaren eragina izan zen garrantzitsuena. Kontuan izan behar da erromanikoa Zipretik Irlandara zabaltzen dela; Irlandan, esaterako, erromaniko ondare garrantzitsua dago, eta ez dago Done Jakue bidearen arrastorik. Bidea zabalkunderako elementua izan zen, jende ugari mugiarazi zuelako, baina beste faktore batzuk ere izan dira. Bizkaiko hainbat lekutan badira Araban dauden kapitel antzerakoak, baina ez erromesen bidean, bide komertzialetan baizik.

Bidea egiten duenak nola antzemango du erromanikoa?

Eliza txikiak izan ohi dira. Orientazioa ere garrantzitsua da, burualdea ekialderantz dutelako, eguzkiaren irteerari begira. Erlijio esanahiaz gainera, funtzio praktikoa ere badu horrek, goizetan, meza garaian, handik sartzen zelako argia, argi elektrikorik ez zegoenean. Zirkuluerdi formako absideak erromanikoak dira, baina badira ez dutenak ere. Kanpoaldean, teilatu hegalera begiratu eta harburuak ikusiko ditu bisitariak, harrizko elementuak, askotan buru edota animalia irudiekin. Harri segidekin eginiko xake itxurako apaingarriak ere aipagarri dira: Estibalizen (Araba), esaterako, aurki daitezke. Gotikoan modu estilizatuago batean egiten dira.

Bideari jarraiki, Euskal Herrian non aurkituko ditugu hauek?

Erromaniko purua delakoa XI. mende amaiera eta XII. mende hasierakoa dela esan ohi da, eta horren arrasto gutxi dugu. XIII. mendekoak ditugu, batik bat, erromaniko berantiarrekoak. Araban, adibidez, Estibaliz eta Armentia 1200 urte ingurukoak dira, aberastasun ekonomikoa heldu zen garaikoak; merkatari eta erromes gehiago zen, eta eliza zaharrak berritu zituzten.

Nafarroan aurki dezakegu erromaniko ondare zabalena. Non egin behar dugu ezinbesteko geldialdia?

Ezin zenba daitezke Nafarroan daudenak. Baina bat aipatzearren Zangoza esango nuke. Done Jakue bide guztien gurutzebidea da, eta herria bera ere bide moduan eratuta dago. Garesekin batera, adibide interesgarrienetakoa da. Zangozako Santa Maria eliza ikusgarria da, zutoihal baten antzera, dena irudiz beteta dago, kapitelez eta tinpanoz. Eskandinaviako kondaira batzuei erreferentzia egiten dieten irudi magikoak ditu tartean. Zangozarekin batera, ezin ahatz daitezke Eunate, Lizarra eta beste hainbat. Leireko kolegio-eliza ere garrantzitsua da, bide ofizialetik zertxobait aldenduta dagoen arren. Erromanikoaren historiaurrea dago han, penintsula osoko zaharrenetakoa, XI. mendekoa.

Gurtzarako lekuak dira gehienak?

Zubi eta jauregiren batean aurki daitekeen arren, elizetan dugu erromanikoaren arrasto nabarmenena. Dena den, elizak gurtzarako baino gehiagorako ziren, egungo gizarte etxeak ziren, hilerriarekin batera herrian zegoen elkartzeko leku publiko bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.