XIX. mendean iritsi zen trena Euskal Herrira. Madril-Irun-Paris nazioarteko ardatzaren barruan, Miranda de Ebro (Espainia), Gasteiz eta Altsasu (Nafarroa) lotzen dituen tartea izan zen eraiki zen lehen burdinbide zatia, 1862an. Bi urte behar izan zituzten osorik amaitzeko. Dena den, 1863an, Madril eta Paris arteko trenbidea inauguratu aurretik, Bilbo eta Tutera (Nafarroa) arteko trena jarri zen martxan.
Europako trenbide zabalera baino 239 milimetro zabalagoak ziren. Bateraezina zen kontinenteko sarearekin. Hala, trenbide estuko lehendabiziko linea Bilbo eta Durango (Bizkaia) artean jarri zen martxan 1882an. Arrakasta ekonomikoa izan, eta azkar zabaldu zen. Ordutik aurrera, ia ez zen trenbide zabaleko linea gehiago eraiki. Poliki-poliki trena Euskal Herri osoan hedatu zuten enpresa pribatuek.
Herrialde guztietan gertatu zen hala, XX. mendean enpresa horiek porrot egin zuten arte. «Gerra ostean, Europako trenak publiko egin ziren», gogoratu du Jose Luis Lizundia euskaltzainak. UEU Udako Euskal Unibertsitatea sortu zenean Euskal Herriko garraiobideen historiari buruzko hitzaldia egin zuen, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Banan-banan ikertu zituen.
«Urolako trena Gipuzkoako diputazioarena zen. Gainontzeko guztiak konpainia pribatuenak ziren. Hondoa jo zutenean Espainiak FEVE izeneko erakundea sortu zuen, eta bere gain hartu zituen trenbide estuko trenak. Euskadiko Kontseilu Orokorrak horien gaineko eskumena eskatu zuen, eta autonomia erkidegotik irteten ez ziren trenbide estuak erakunde horren esku geratu ziren». Eusko Legebiltzarraren lehen legegintzaldian legebiltzarkide izan zen, Euskadiko Ezkerratik. Hala, gertutik ezagutu zuen eskumena jasotzeko prozesua.
Euskal erakunde publikoen jabegoko bihurtu ziren Bilbotik Plentziarako trena, Bilbotik Lezamara zihoana, Bilbotik Donostiarakoa, horren Zornotza-Bermeo adarkadura eta Donostiatik Hendaiara doana. Bilbo, Donostia eta Hendaia lotzen dituen trenarekin arazoak izan zirela gogoratu du. «Donostia-Hendaia trenaren eskumena ez zuten eman nahi izan, autonomia erkidegotik irteten delako. Baina Hendaia zer erkidego da? Le Pays Basque n'existe pas! Frantziarentzako Euskal Herririk ez dago».
Trenbide publikoak
1979an, Eusko Trenbideak izeneko erakunde autonomoa sortu zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako trenbide horiekin guztiekin. Gerora, Bilboko Metroaren esku geratu zen Plentziako trena, eta horren lehen linea bihurtu zen. Hala ere, tren publikoa izaten jarraitzen du. Dena den, trenbide gehienek zorte okerragoa izan zuten. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan asko bertan behera utzi ziren. Lizundiaren ustean, garaiko agintari frankisten utzikeriak badu zer esana auzi horretan.
Lurraldearen mendebaldetik hasita, Durango eta Elorrio arteko trena (Bizkaia) izan zen eguneroko joan-etorriak bertan behera utzi zituztenetako bat. Lizundiak dio trenbide hori luzatzeko asmoa zegoela Espainiako II. Errepublika garaian. Bi aukera aztertu zituzten, biak ere Gipuzkoara. Batetik, Bergaratik pasatuta Zumarragaraino jarraitzea. Bestetik, Arrasatetik eta Oñatitik Legazpiraino joatea. Alegia, Irundik Madrilerako trena igarotzen den geltokietako bateraino luzatuko zen. Ibilbide luzeko tren horri esker, Bilbo eta Iruñea lotzeko aukera egongo zen. Ez zen gauzatu.
Lizundiaren ustez, luzapenagatik galdutako tren garrantzitsuena Vasco-navarro deitutakoa da. Debagoienetik abiatu, Gasteiztik igaro eta Lizarran bukatzen zen ibilbidea. Trenbide hori Martzillara (Nafarroa) luzatzeko proiektua zegoen. Hau da, Iruñetik Tuterara doan trenbidearekin lotzeko asmoa zegoen. Lizundiak tren horren garrantzia adierazteko bitxikeria bat aipatu du: «1931ko Lizarrako Estatutu Proiektua idaztera joan ziren udal ordezkari gehienak tren horretan joan ziren». Andoain, Leitza, Irurtzun eta Iruñea batzen zituen Plazaolako trena ere 1950eko hamarkadan desagertu zen. Nafarroan, eskualdeen arteko tren asko samar galdu ziren: Iratikoa eta Bidasoakoa, adibidez.
Zuberoan, Mauletik Puyoorako (Biarno, Frantzia) trenak 1949an utzi zion Donapaleutik igarotzeari (Nafarroa Beherea), eta 1969ko martxoaren 2an iritsi zen azkenekoz Maulera. Egun, autobus linea batek osatzen du ibilbide hori. Baiona-Donibane Garazi trenak martxan jarraitzen duen arren, berritu gabe dago. Baigorrirako (Nafarroa Beherea) adarkadura ere autobusak ordezkatzen du. «Hobetzeko eskatzen ari dira. 'Astiro dabil trena' esaten dute. Normala, berritu gabe dago», dio Lizundiak. Frantziako SNCF enpresa publikoaren esku daude Hendaiatik irten eta Lapurdi kostalde osoa igarota Bordelera (Frantzia) doan trena eta Baiona eta Paue (Biarno, Frantzia) lotzen dituena.
Aurreikuspen gabezia
Diktadura osteko lehen udalak eratu zirenean, oraindik leku askotan trenbideak jaso gabe zeuden, nahiz eta trenak dagoeneko ibili ez. Hori gertatu zen Vasco-navarroarekin. «Udalek 'hemen ez dira trabesak eta errailak jasoko eta lursailak ez dira jabego pribatura itzuliko', esan behar zuten. Jabego publikoa izaten jarraitu izan balute, Eusko Jaurlaritza sortzerakoan trena berreskuratzeko aukera egongo zen. Aukera historikoa galdu genuen, udaletan zeuden alderdien utzikeriagatik».
Trenbide horiek galtzeak eragin nabarmena izan zuen, desagertu zenean oraindik jende askok ez baitzuen autorik. Juanjo Olaizola Trenaren Euskal Museoko zuzendariak ere ondo ezagutzen du Euskal Herriko trenbideen historia. Garai bateko komunikabide sarean garrantzi handia zutela dio. «Baziren nekez ibiltzen zirenak, baina, oro har, jende askok erabiltzen zituen». Vasco-navarroaren garrantzia azpimarratzen du. «Gasteiz eta Lizarra arteko eremu horretan jende gutxiago bizi da, eta hori nabaritzen zen. Baina Debagoienean sekulako eragina izan zuen trenaren galerak. Errepideak makalak ziren oraindik, eta trenik gabe gelditzea kalte handia izan zuten».
Paper eta planoetako asmo hutsetan geratu ziren trenbideak
Lemoa (Bizkaia) eta Urbina (Araba) lotzeko proiektua aurkeztu zuten Espainiako II. Errepublika garaian. Bi ibilbide aurkeztu ziren. Frankoren erregimenak ez zuen onartu. Euskal hiriburuen arteko loturak ez zitzaizkion komeni zentralismo espainiarrari. Bilbo eta Gasteiz trenez lotzeko aukera galdu zen.XIX. mendean, Pirinioak zeharkatzeko bi egitasmo aurkeztu ziren. Aldudetik barrena Iruñea eta Baigorri lotu nahi zituen aurrenekoak, eta, bidenabar, Baionaraino jarraitu. Erronkari ibarretik Pirinioak zeharkatzeko asmoa zuen bigarren proiektuak, Zuberoara jo eta handik Parisera jarraitzeko. Biak asmo hutsean geratu ziren. Ez ziren ados jarri.
'Butroi Bizirik' elkarteak Bilbo-Mungia trena berriz martxan jar dezaten eskatzeko kanpaina abiarazi du. Maiatzaren 10ean Tren Eguna ospatuko dute.
Galdutakoa berreskuratzea helburu
I. Maruri. MungiaGarai hartan ere hainbat herritarrek protesta egin zuten. Frontoian bilerak egin zituztela gogoratzen dute. Beti izan dute gogoan trena berreskuratzeko aldarrikapena. Baina azkenaldian are ozenago ari dira. Eusko Legebiltzarrak 2006an Bilbo eta aireportua lotzeko trenbide berria egitea onartu zuenetik, posible ikusten dute Mungian berriz ere trena ikustea.
Horren aldeko kanpaina hasi du Butroi Bizirik Mungialdeko elkarteak. Mungiako trena etor dadila lelopean sinadurak biltzen hasi ziren urtarrilean. Sinatzen aurrena herriko geltokiko azken burua izan zen: Pedro Perez. 4.000 sinaduratik gora jaso dituzte, eta kopurua handituko den esperantza dute. Maiatzaren 10eko Tren Egunarekin bukatuko dute kanpaina. Jasotako atxikimendu guztiak udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari helaraziko dizkiote.
Askotariko oroitzapenak
Herritarrekin bilera ere egin dute, ekimena azaltzeko eta mungiarren oroitzapenak jasotzeko. Garai hartan trenak zuen garrantzia gogoratzen dute, baina baita azken urteetan zuen egoera negargarria ere. Inbertsiorik ez zen egiten, eta jendea autoak erosten hasi zen. Hala, trena zaharkituta eta ia erabiltzailerik gabe egin zituen azken joan-etorriak.
XIX. mende bukaeran ekin zion bere bideari. Eta 1894ko uztailaren 10ean iritsi zen estreinakoz Mungiara. Azkenekoz, berriz, 1975eko maiatzaren 11n egin zuen ibilbidea. «Etorkizunean aireportua zabaltzeko egingo ziren lanetan trenbideak enbarazu egiten zuela arrazoitu zuen diktadurak», gogoratu du Gorka Lopezek. «Hainbat aireportuk du trenbidea pistapean. Bilbokoan, berriz, arriskutsua omen da». Atentaturen bat egin zezaketela esan zuten garaiko agintariek. Bilboko Merkataritza Ganbarak 1972an egindako ikerketa sozio-ekonomikoak eskualdearentzako ezinbesteko azpiegitura zela esaten zuen. Erabakia hartzerakoan ez zuten aintzat hartu.
Udalak trenaren aldeko komisioa eratu zuen 1987an. Lopez zen arduraduna. Garraio Sailari trena berreskuratzeko eskatu zioten, eta eskualdeko alkateek ere bat egin zuten. Are gehiago, Bakiora arte luzatzeko eskatu zen. Legebiltzarrari bideragarritasun azterketa bat eskatu zitzaion, eta hark enpresa pribatu baten esku utzi zuen lana. «Inoiz ez genuen hura irakurtzeko aukerarik izan. Dena den, berreskuratzeak zekarren gastua ez zegoela justifikatuta esan ziguten», dio Lopezek.