Mundu osoko ingurumen erreferente izateko helburuarekin, Gasteizek hamaika hiri utzi ditu atzean, eta sei finalisten artean sartzea lortu du. Sailkapenetik kanpo geratu dira, besteak beste, Erroma, Budapest, Glasgow, Turin eta Sevilla, 200.000 biztanle baino gehiagokoak guztiak.
Gune berdeak, bioaniztasuna, garraio sistema, airearen kalitatea, zarata, uraren kontsumoa eta zaborren kudeaketa irizpide hartuta baloratu dituzte hiriak epaimahaiko kideek. Finalerako sailkatu ondoren, hautagaitza babestuko duten datu gehiago aurkeztu behar ditu Gasteizko Udalak, tartean etorkizunera begira proposatutako egitasmoak. Urrian hartuko dute erabakia, Stockholmen. «Gure hiriburua ahalik eta iraunkorrena eta osasuntsuena izatea nahi dugu. Helburu horrengatik borrokan ari gara, eta herritar guztiei dagokien bizi-kalitatea ematearen alde», adierazi du Gasteizko alkate Patxi Lazkozek. Alkateak, Alba Cañadas ingurumen zinegotziarekin batera Arabako hiriburuak dituen puntu nagusiak defendatu zituen, joan den astean, Bruselan.
Hiri berdea
Klima aldaketaren kontra Gasteizek hartutako neurriek oso balorazio ona izan dute, beste hiriekin lehian. 230.000 herritarren bizi-kalitatea hobetzeko Udalak hartutako erabakiak txalotu ditu epaimahaiak.
Atal horretan Mugikortasun Plana nabarmentzen dute, hiriko autobus sarean egindako berrikuntzekin. Joan den urrian autobus zerbitzu berria ezarri zuten, hamazazpi autobus ibilbiderekin eta hamar minutuko itxaronaldiekin. Halaber, bizikleta bideen beste hamalau kilometro jarri zituzten iaz, eta bizikleta alokatzeko zerbitzuak %40 egin zuen gora.
Hiriak isurtzen dituen gas kutsagarrien kopurua ere hobetzen ari da, neurketen arabera. 2006an biztanle bakoitzak 3,65 tona isurtzen zituen, eta 2008an 1,8 tonara jaitsi zen. 2020ra bitartean abian jarritako egitasmoaren arabera, %20 jaitsi behar da hiriaren gas kutsagarrien kantitatea. Gasteiztarrek arnasten duten airearen kalitatea bikaina da, balorazioak erakutsi moduan, puntuazio handiena jaso du honek. Uraren kontsumoa ere nabarmentzekoa da, gasteiztarrek 2008an 2000n baino %20 gutxiago kontsumitu baitzuten, 118 litro bakoitzeko egunero.
Europako Batasuneko epaimahaikideek inguru berdeak ere nabarmendu dituzte. Hiri barruan sei milioi metro koadro hartzen dute parkeek, eta horietan 125.000 zuhaitz daude, eta horrekin batera hiria inguratzen duen Eraztun Berdea, hiria eta herrien arteko lotura eginez.
Soinu kutsadurari dagokionez, berriz, hainbat neurri hartu dira eta hiriaren zarata guneen inguruko mapa ezarrita dauka Udalak. 2005ean egin zuten azkena, eta bi urte barru egingo dute hurrengoa. Etorkizunerako egitasmoen barruan, etxadi erraldoiak osatzea da helburua. Etxadi horietan oinezkoek izango dute lehentasuna, eta haietako bizilagunek bakarrik izango dute autoz joateko aukera. Azken urteetan hiriak izan duen eraldaketa nabarmendu nahi izan du epaimahaiak.
Andres Illana.Ekologistak Martxan-eko kidea
«Urrun dago aurkezten duten hiri idiliko horretatik»
Gasteiz bizi-kalitate handiko hiria dela uste badu ere, hainbat gabezia ere badaudela nabarmendu du Illanak; Zadorra ibaia eta zirkulazioa aipatu ditu, esaterako.Zer nota jarriko zenioke Gasteizko ingurumen atalari?
Gaindituko nuke, baina uste dut oraindik gauza asko daudela hobetzeko. Uste dugu nahiko urrun gaudela gure ordezkariek saltzen duten hiri idiliko horretatik. Gauza asko daukagu ikasteko, eta kritiko izan behar dugu.
Zeintzuk dira puntu beltz horiek?
Guztien artean, Zadorra ibaia nabarmenduko nuke. Gamarrara heltzen denean oso ondo jasotzen dugu, baina hiria zeharkatu ondoren ibaia nazkagarri geratzen da. Horrekin batera, uraren erabilera aipatu behar da, lorategietan erabiltzen den uraren %80 edateko egokia da. Ez ditugu gure klimaren araberako lorategiak, eta mantentze lan gutxienekoa behar dutenak.
Zabalgana, Salburua eta antzeko auzo berriak zer iruditzen zaizkizu? Egoki ari al dira hazten?
Uste dut okerretatik ikasten ari garela eta Lakuako inguru berrian egin zirenak ez direla berriro egingo horietan. Etorbide zabalak eraiki ziren han, erdi hilda dagoen auzoan. Guk hiri trinkoa, konpaktua, nahi dugu, sakabanatutakoaren aldean. Ezin dugu ahaztu lurra amaituko dela noizbait eta atzera bueltarik ez duela horrek. Auzo berriek barrurantz hazi behar dute, eta ez kanporantz. Hasieran uste genuen sakabanatuta eraikitzea zela onena, etxeen artean tarte zabala utzita, baina egia da ez dela batere jasangarria hori.
Zer iruditzen zaizu mugikortasun plan berria?
Uste dut onerako izango dela, eta iraultza ekarriko duela. Hiria beste modu batera ulertzeko egitasmoa da, herritarren aldeko ikuspegia. Gasteize arazo larrienetako bat zen zirkulazioa, eta uste dut planak onurak ekarriko dituela. Hiriari saria ematen badiote, primeran, ea mugikortasun planari bultzada emateko baliagarri den, behintzat.
Etorkizunerako zer neurri hartuko zenuke?
Uste dut herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela, nahiz eta jendeak uste duen ez dagoela ingurumenari estu lotuta. Eztabaida falta da. Eta adibide bat jartzearren, hor daude kalean utzitako txakurrak. Ez da normala daukagun populazioarekin urtero 2000 txakur kalean uztea. Izugarria da, eta esannahi du animalien babeserako politikek ez dutela behar bezalako eraginik.
Hiriburu Berdearen lehian ari diren sei finalistek klima aldaketaren kontrako egitasmo sendoak abiarazi dituzte.
Hirien arteko lehia
A. Amenabar. GasteizUrriaren amaieran jakinaraziko dute irabazlearen izena, Stockholmen egingo duten jaialdian. Ez du lan erraza izango Gasteizek, lehiakide gogorrak baititu parean.
Bartzelona, esaterako, bizi-kalitate handieneko hirien artean kokatu dute adituek. 1.600.000 biztanlerekin, hiri barruan dituen inguru berdeengatik nabarmendu dute, herritar gehienek 300 metrora baino gutxiagora dute espazio berdea. Zaborra eta garraioa kudeatzeko garaian ere puntuazio handia jaso du Bartzelonak (Herrialde Katalanak). Bizikletentzako 135 kilometroko ibilbidea eta 104 autobus ibilbide ditu, besteak beste. Klima aldaketaren kontrako lanetan Naoned (Bretainia) da garaile. Milioi erdi biztanlerekin, era berean, tranbia, autobusak eta ibai gaineko ibilbideak ondo lotzen jakiteagatik balorazio bikaina jaso ditu Loira inguruko hiriak. Gune berde ugari ere baditu. Nurenbergek (Alemania), antzeko biztanle kopuruarekin, espazio berde zabalak ditu Erdi Aroko kaleen artean. Malmo (Suedia), 120.000 biztanlarekin, Parkeen hiria esaten diote, eta kirol eskaintza zabala zein autobus zerbitzu eraginkorra ditu bereizgarri nabarmen. Haren inguruko hondartzak ere erakargarri dira. Reykjavikek (Islandia) 120.000 biztanle ditu, eta lur azpian dituen iturri geotermikoengatik da ezaguna, hark berotzen baititu hiriko etxebizitza guztiak.