Zalantzarik gabe, dinosauroen desagerpenaren arrazoiak argitzea izan da paleontologoen erronka ezagunenetako bat joan den mendean. Eta oraindik ere, jo eta su ikertzen dira gertakari haren ingurukoak. Baina egia da gaur egun -behin cricketaren teoria baztertuta- inor gutxik jartzen duela zalantzan zerk eragin zuen duela 65 milioi urte Lurreko bizidun espezieen %70 iraungitzea. Bosgarren iraungitze handiaren erruduna espaziotik etorritako asteroide bat izan zen, Mexikoko Yucatan penintsulan talka egin zuenean, 180 kilometroko kraterra zabalduz.
Hondamendi globala izan zen. Eta asteroide haren arrastoak, zatitxoak, non eta Donostiako Kontxa hondartzan aurki daitezke. Baita Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere.
Kretazeoa eta Tertziarioa bereizten dituen muga hori (K/T muga) Euskal Herrian non azaltzen zen eta zein ezaugarri zituen ikertzen sekulako lana egin dute Xabier Orue-Etxebarria eta Estibaliz Apellaniz EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko paleontologoek.
Duela 65 milioi urte
Egin dezagun atzera 65 milioi urte. Bizkaiko Golkoa askoz itxiagoa zen, eta Euskal Herriaren zati handiena itsaspean zegoen, Arabako eta Nafarroako hegoaldea kenduta. Kostaldea Trebiñun zegoen, eta hango paduretan zebiltzan dordoka, krokodilo, dinosauro eta mamiferoak.
Iparralderantz, Gasteizko portua jada itsaspean zegoen, baina sakonera txikian; zenbat eta iparralderago gero eta sakonera handiagoa; Sopela, Zumaia, Bidarte... 1.000 metrotik gorako sakoneran zeuden. Ur haietan bizi ziren tamaina handiko narrasti itsastarrak, ekinodermoak eta ammoniteak, errudistak eta inozeramidoak (moluskuak). «Sopelan, esaterako, txirlen antzekoak ziren inozeramido haien maskorren fosilak daude», azaldu du Orue-Etxebarriak, «metro bateko diametrodun maskorrekin. A zer betekada horrelako batekin!».
Hondamendia
Txikiagoak ziren bizidunak ere baziren itsaso hartan. Talde asko zeuden gaur egungo planktona bezalakoak, milimetro erdi ingurukoak: foraminifero planktonikoak, silikoflagelatuak, dinoflagelatuak, diatomeak, nanoplankton kalkareoa... Beste batzuk hondoan, lurrera itsatsita: foraminifero bentonikoak. Haien guztien maskortxoak milaka, milioika urtetan, ur hondoan pilatzen zihoazen sedimentu estratuak osatuz.
Eta bat-batean 10 kilometroko diametroko asteroide batek ziztu bizian urratu zuen Lurraren atmosfera. Atmosfera iragaterakoan izandako marruskadurak tenperatura hainbeste berotu zuen, asteroidearen azala urtu egin zela eta bolatxo txikiak (mikroesferulak) askatu zirela. Talka berehala iritsi zen, Yucatango garaiko uretan. Lur guztia ikaratu zen, eta tsunami erraldoietan erraldoienak - 100 metroko olatua aipatzen da-, Mexikoko Golko osoa azpiratu zuen. Euskal Herrira ere olatu handiak iritsi ziren.
Iridioa eta beste osagaiak
Talkaren materialak, asteroidearen eta Lurraren zatiak, barreiatu egin ziren, segundoko 12 kilometroko abiaduran, eta Ilargiraino ere iritsi. Hala, Euskal Herriko K/T mugaren agerpenetan Lurrean oso eskasa den asteroideko iridioa eta beste hainbat osagaiikus daitezke, baita inpaktuaren ondorioz beira bihurtutako tektita bolatxo txikiak eta mikroesferulak ere. Talkaren presio izugarriak formatutako talka-kuartzoak aurkitu dituzte, esaterako, Bidarten. Zumaiako azaleramenduko marraren gainean geruza beltza beste kalte baten erakusle da, inpaktuaren ondorengo sute erraldoien kedarrez osatuta baitago.
Itsasoa azidotu egin zen eta hauts hodeitzarrak, ketza zabalak, eta ziurrenez sumendien jarduerak, eguzkiaren argia lurrazalera iristea eragotzi zuen gutxienez hiru hilabetez. 25 kilotik gorako animalia guztienak egin zuen inpaktuarekin eta fotosintesia bertan behera gelditu zen. Hamarkadatan tenperatura hoztu egin zen eta gerora, 1.000-5.000 urteko epean, negutegi efektua izan zen.
Euskal Herrian, itsasoan, gertatuko guztiaren hondakinak hondoan pausatu ziren pixkanaka-pixkana, geruza bat eta gero bestea... milioika urtetan. Halako batean (beti ere denbora geologikoan gabiltza), orogenia alpinoa delakoa etorri zen, Afrika eta Indiako plaka tektonikoek norabidea aldatzean. Afrikako plaka ipar ekialdera mugitzen hasi zen Europaruntz eta besteak beste Pirinioen sorrera ekarri zuen. Gaur egun Bizkaiko Golkoa dena zabaldu egin zen ozeanora, Iberiako plaka hegoaldera jiratzen hasi zenean, aldi berean Europako plakarekin bat egiten zuela.
Bada, Pirinioen sorrarazi zituen indar horrek duela 65 milioi urteko geruza haiek tolestu eta azalerazi zituen. Eta haietan, Euskal Herrian ere, irakur daiteke Lurraren historian hainbat milioi urtetan gertatutakoa. Adibidez, zergatik desagertu ziren dinosauroak.
Dinosauroak akabatu zituen meteoritoaren zatitxoak, Kontxan
Donostiako Kontxa eta Ondarreta hondartzak banatzen dituen Loretopeko lurmuturra igarotzeko pasabide eta hesiak jarrita daude, baita Miramar jauregitik jaisteko eskailerak ere. Horiek egiteko, eta lur-jausiak saihesteko egindako lanek K/T mugaren agerpen bat estali zuten, hori bai, Orue-Etxebarriak eta Apellanizek aurkitu eta aztertu ostean. Bitxia da pentsatzea Kontxaren gisako toki ezagunean, hortxe, dinosauroak desagerrarazi zituen asteroide haren arrasto txiki-txikiak daudela.Zumaiako flysch-a, azaleramendua, izango da halakoetan jende arruntak izan ohi duen erreferentzia. Baina beste hainbat tokitan ere agertzen da iridioak markatutako marra. Bi paleontologoen urteetako lanak guztiontzako azaleratu ditu haren kokapenak.
Ia 30 urte daramatza paleontologo bikoteak Euskal Herriko K/T muga agerpenen azpiko eta gaineko zatietan zentimetro bateko laminak bereiziz eta haietan mikrofosilak bilduz, gero azterketak egiteko.
Pikotxa eta mikroskopioa
I. Lasa. DonostiaForaminifero plantonikoak. Ados, ez da dinosauro entzutea bezain iradokitzailea. Baina milimetro erdi inguruko oskoldun horien mikrofosilak ikertuz bosgarren iraungitze handiaren inguruko informazio asko lor daiteke. «Dinosauroak edo bestelako fosil handiak bilatzeko, lehenik eta behin, zorte handia behar duzu, gero indusketetarako laguntza, eta, beharbada, hezur zati bat soilik topatuko duzunez, anatomia alderatua landu behar duzu...», azaldu du Estibaliz Apellanizek, mikroskopioaren pantaila erakutsiz.
«Hauek (foraminiferoak), berriz, mordoa agertzen dira oso toki txikian. Analisi kuantitatiboak egin ditzakezu; proportzioan zenbat espezie agertzen eta desagertzen diren ikustea errazten dizu, eta ez hori bakarrik, baita zein proportziotan bizi ziren populazioak, ingurumena nola aldatzen zen jakiteko...».
Lañun (Trebiñu) dinosauro fosilak topatu dituen Xabier Orue-Etxeberriak mikrofosilen azterketak eskaintzen duen beste abantaila bat aipatu du: «Espezie baten aldakortasun guztia ikus dezakezu mikrofosiletan, espezieko ale txikiak nolakoak ziren, edo gaixoak edo beste. Arrokatik hartutako 200-300 gramotan espezie bateko hamarka, ehunka mila ale izan ditzakezu».
«Beste unibertsitate batzuetan», jarraitu du Apellanizek, «maskorraren osaketa isotopikoa ikertzen dute, eta, adibidez, karbono 13 eta 14 arteko proportzioaren arabera, garai hartako itsasoko uraren tenperatura aldaketak deduzitzen dituzte.
Foraminifero planktonikoen 60tik gora espezie zeuden Kretazeo amaieran Euskal Herria estaltzen zuen itsasoan. Asteroidearen talkak eta haren kalteek gehienak desagerrarazi zituen.Zuzenean inpaktuarengatik erdia galdu zen, eta geroko baldintzen ondorioz milaka urteetan beste hainbat espezie desagertuko ziren. Gero, Tertziarioak aurrera egin ahala ugalduko ziren berriz, baina ez aurreko aniztasun eta kopuruan. Estibaliz Apellanizek bere tesia K/T garaiko foraminifero planktonikoei buruz egin zuen 1998an.