Herritarrak errepide nagusiaren bazterrean dagoen jatetxera doaz, eta turistak jatetxearen ondoan dagoen Emiliano Agirre ikasgelara. Hori izan ohi da egunaren abiapuntuetako bat Atapuercako aztarnategi ezagunak bisitatu nahi dituenarentzat. Autoz bost-hamar minutura dagoen Atapuerca herria bera da beste aukera bat, han ere badago eta harrera tokia.
Harrera tokietan erakusketa eta azalpenak ikustearekin batera hartzen dira aztarnategietarako bisita gidaturako sarrerak. Bi herrietatik abiatzen dira autobusak aztarnategietara, hara ezin baita nor bere autoarekin joan. Aztarnategiak babesteko neurri bat bisita kopurua mugatzea ere bada. Egunean 500 lagun soilik onartzen dira.
Ibilaldia lubakiaren barrenetikegiten da, eta han lanean badaude, gainetik doan beste bide batetik. Indusketa kanpainek hilabete eta erdi irauten dute gutxi gorabehera, ekaina erdialdean hasi eta uztaila amaiera arte. Mendilerroa hausten duen metro gutxitako ebakiaren parean, bisitaldiaren gidaria lehen aztarnak nola topatu ziren esplikatzen hasten da...
Lubakia
Ehunka milaka urteetan gizakiei abegi egin dien mendilerroa Ebro eta Duero ibaien arroak lotzen dituen Burebako korridorearen erdi-erdian dago. Hura lubaki batekin zeharkatzea erabaki zuena The Sierra Company Limited enpresa izan zen. Helburua zen Demanda mendilerrotik ateratako mineralak Villafriara eraman ahal izateko trenbidea egitea, gero Bilborako bidea hartzeko. Kilometro batetik gorako luzera eta 20 metroko sakonera duen lubakia zulatu zuen 1896 eta 1901. urteetan. Urte gutxi iraun zuen trenbide hark, baina lubakia hantxe gelditu zen, milaka urteetan urak egindako eta sedimentuek betetako kobazuloak agerian utziz.
Urte batzuetan harrobi moduan ere erabili zuten. Atapuercako lubakiaren azterketa arkeologiko ganorazkorik ez zuten egin 1960ko urteak arte. Bitarte horretan, inguruko herrixketako mutil gazteek erronkatzat zuten kobazulo haietara jaistea, eta zorterik bazuten, andregaiarentzako hartz hortzen fosilak topatzea.
Fosil horietako baten berri izan zuen historiaurreko hartzei buruz ikerketa egiten ari zen Trinidad Torresek. Hark espeleologia talde baten laguntzaz egindako lehen azterketan laginak bildu eta haietan giza hezurrak topatu zituen Emiliano Agirrek. 1978an Atapuercan indusketak hasi eta haien zuzendari izan zen Agirre. Gerora, Juan Luis Arsuagak, Jose Maria Bermudez de Castrok eta Eudald Carbonellek hartuko zuten lekukoa aztarnategien zuzendaritzan. 1990eko urteetan egin zituzten lehen aurkikuntza garrantzitsuak.
Ia 40 kobazulo daude mendilerroan, baina lau dira nagusiki arkeologo eta paleontoloek hondeatzen dituztenak. Bisitaldietan, lubakian dauden hirurak ikusten dira, hots, Elefantearen Leizea, Galeria eta Dolina Handia. Haitzulo Nagusia eta haren parte sakonenean dagoen Hezurren Leizea lubakitik kilometro erdira daude, eta ez dira bisitatzen.
Hain zuzen, Hezurren Leizea da Atapuercako aztarnategietako toki berezienetako bat. Hamahiru metroko sakonerako putzu bertikalak Pleistozeno erdiko sedimentuak biltzen ditu.
'Homo heidelbergensis'
Homo heidelbergensis espezieko gizakien ia 5.000 fosil topatu dituzte Hezurren Leizean. Gazte, zahar, gizon, emakume... Neanderthalgo gizakiaren aurrekotzat hartzen den espezie honetako 30en bat gizabanakoren fosilak dira. Paleontologiaren ikuspegitik, bai aztarnen kopuruarengatik bai haien kontserbazioarengatik, Europako toki garrantzitsuenetako bat da Hezurren Leizea. Aurten bertan, 17. buruhezurra topatu dute. Oraindik ez dago argi zergatik dauden, hantxe, putzu hartan, hainbeste giza aztarna ez baitzuten hura bizitoki. Hildako taldeko kideak han utziko zituzten? Horrek azalduko luke Excalibur bifaza han topatu izana.
Homo heidelbergensis-en arrastoak Galerian ere topatu dituzte. Animalientzako tranpa natural bat zen bere garaian Galeria. Zulotik erortzen ziren animalien gorpuetara -hara bultzatuko ote zituzten?- sartzen ziren gizakiak, azpiko beste pasabide batetik. Lubakiari esker, primeran ikusten da Galeriaren egitura.
'Homo antecessor'
Atapuercako aztarnategietako altxor distiratsuenaren lehen arrastoak Dolina Handian topatu zituzten, 1994an. Azpiko mailetako batean, lagin bat egitea erabaki zuten ezer topatzen zuten ikusteko, eta giza arrastoak topatu zituzten 800.000 bat urteko aintzinatasuna duen TD6 mailan.
Ordura arte, Europako hominido fosil zaharrenak 500.000-600.000 urtekoa zen, H. heidelbergensis batena zen. Baina zaharragoak izateaz gain, Dolina Handiko giza arrasto haiek ez zetozen bat ordura arte onartutako giza espezieekin. Homo ergaster eta gure artean kokatzen ziren, eta espezie berri batekoak zirela ebatsi zuten: Homo antecessor.
Bi urtetan 80 fosil eta zenbait lanabes topatu zituzten. Zergatik zeuden sei antecessor-en arrastoak han denak batera Dolina Handian? Haragia kentzerakoan lanabesek egindako markak zituzten, kanibalismoaren ezaugarri.
Halakoxe markak ikusi dituzte aurten bertan Elefantearen Leizean topatutako besahezur batean. Baina hezur hori eta orain bi urte topatutako beste batek Dolinako antecessor-ek baino 400.000 urte gehiago dituzte. 1,3 milioi urteko aintzinatasuna. Orain, leize horretako azpi-azpiko maila ikertu nahi dute arkeologoek.
Urtero argi berriak eskaintzen ditu Atapuercak, paleontologoentzat eta bisitarientzat. Eta gero eta gehiago eskainiko du, oraindik ez baita kobazuloen zati ñimiño bat baizik aztertu.
Atapuerca
EUSKAL IZENA?Atapuerca mendilerroa Nafarroako eta Gaztelako erreinuen arteko muga zen XI. mendean. Atea zen, beraz. Eta Vall d' Aran moduan, ate-puerta konposiziotik letorke bere izena. Hizkuntza aurreindoeuropearra izatea da beste aukera bat.
Bisitaldietarako informazioa
Emiliano Agirre ikasgela eta Harrera zentroa (Ibeas de Juarrosen eta Atapuerca herrian)Urtarrilean eta otsailean itxita; Uztailean eta abuztuan egunero zabalik; gainerako hilabeteetan, asteburuetan eta jaiegunetan zabalik.Sarrera doan ikasgelan. Aztarnategien azalpen xumea eskaintzen du hango erakusketak. Atapuercako harrera zentroan, berriz, aztarnategiko indusketen 30 urteak azaltzen dituen argazki erakusketa dago egun. Banakoentzako tarifak: 3 euro helduentzat, 1,5 euro gaztetxoentzat eta doan haurrentzat (0-5 urte bitartekoentzat). Taldeentzat: ezinbestekoa da aurretik ordua hartzea eta tarifak zehaztea.
Parke Arkeologikoa (Atapuerca herrian).
Gizakiaren eboluzioaren inguruko jakingaiei buruzko erakusketak asmo didaktikoak ditu, eta bereziki haurrek gozatu egiten dute harriekin lanabesak eginez, hormetan pintatuz, lantzak eta azkonak jaurtiz... Ordubete inguruko bisita gidatuak dira.
Banakoentzat urtarrilean eta otsailean itxita; uztailean, abuztuan eta irailean egunero zabalik; gainerako hilabeteetan asteburuetan eta jaiegunetan zabalik. Taldeentzat urte osoan bisitak aurretik ordua zehaztuta. Tarifak (banakoak): 5 euro helduentzat, 3 euro gaztetxoentzat eta doan haurrentzat (0-5 urte bitartekoentzat).
Aztarnategiak
Lubakia bisitatzen da. Elefantearen Leizea, Galeria eta Dolina ikusten dira, lubaki barrutik edo gainetik doan ibilbide batetik. Autobusa da sarrera joateko garraio bakarra, eta banakoek Ibeas de Juarrosen edo Atapuerca herrian hartzen dute.
Banakoentzat urtarrilean eta otsailean itxita; uztailean, abuztuan eta irailean egunero zabalik; gainerako hilabeteetan asteburuetan eta jaiegunetan zabalik. Abuztuko eta iraileko ordutegia: autobusak 11:00etan, 13:00etan eta 17:30etan Atapuercatik, eta 10:00etan, 12:00etan eta 16:00etan Ibeas de Juarrostik. Taldeentzat urte osoan bisitak aurretik ordua zehaztuta. Tarifak (banakoak): 5 euro helduentzat, 3 euro gaztetxoentzat eta doan haurrentzat.
Badago gune guztietara (aztarnategi, parke eta harrera zentroetara) bisita ahalbidetzen duen bonu berezia. Tarifak (banakoentzat): 11,5 euro helduentzat, 6 euro gaztetxoentzat eta doan haurrentzat (0-5 urte bitartekoentzat).
Informazio gehiago: www.visitasatapuerca.com edo 902-02 42 46 (ordaineko telefonoa).