EZARIAN. Itsuosinen malkoak

Iratiko natur eremuan, hamaika altxor ditu basoak ibiltariarentzat. Itsuosin ur-jauzia da horietako bat, ikusgarria eta ederra.

Josean Gil-Garcia.
2010eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Itsuosin ur-jauzia Iratiko ibai buruan amiltzen da, Urbeltza errekastoa ataka ederretik igarotzean. Esklusak eta uhateak izan zituen garai batean basoko egurra Ebroranzko bidean garraiatzen laguntzeko xedez. Egun, uhaterik gabe, lauzpabost metroko turrusta ikusten da han, isuri arina putzu batera biltzen duelarik.

Iratiko Etxeetan emango diogu hasiera Itsuosin ur-jauzira eta Irabiako uharkara eramango gaituen ibilbideari. Bertaratzeko, Otsagabian bertan Abodi mendilerroa zeharkatuz, Iratiko natur eremura doan NA-2012 errepidea segituko dugu. Autoz bidaia luzea bezain interesgarria egingo dugu ibilian hasi aurretik. Ia-ia 24 kilometro. Taplako mendatean geldialditxo bat egingo dugu. Gainalde horretatik Euskal Pirinioetako gailurrik esanguratsuenen gaineko ikuspegi bikainak daude eta -Hiru Erregeen Mahaia, Añelarra, Txamantxoia eta Ezkaurre, besteak beste-. Abodi mendilerroko ipar isurialdetik jarraituko dugu gero, goratasuna galtzen duen errepide bihurgunetsuari men eginez. Urtxuria eta Urbeltza errekastoen gainean eraikitako zubietatik igarota, Iratiko Etxeak deritzan paradisura iritsiko gara. Informazio gunearen aurrean, izei ederrek babestutako aparkaleku bat izango dugu.

Bertan egokitua den atsedenlekuaren parez pare, Itsuosin ur-jauzira bideratuko gaituen zidorra seinalatzen duen gezi bat ikusiko dugu. Pedroren txaleta eta Iratiko txaletak helburu dituen GR 10 zidorraren arrasto zuri-gorriak baliatuko ditugu lauzpabost metroko saltoa duen turrusta bitxira joateko. Abian jarriko gara aparkalekuaren ertzetik doan basabidetik. Urbeltza erreka eskuinean izango dugu, eta, haren paraleloan, goratasuna hartzen astiro-astiro joango gara. Pago eta izei lerdenak tartekatzen dira paisaian. Ez da harritzekoa. Izan ere, Irati oihaneko 17.000 hektareetan bi espezie horiek jaun eta jabe dira. Mira eginda geratzeko moduko baso ikaragarriak hazten dira hor, nahiz eta mendeetan basootako egurraren ustiaketa intentsiboa izan den.

Ur-jauzian

Pistan barrena gabiltzala, paisaiaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu, eguna esnatzeaz batera zohardi berezia baitario basoari. Ibili-ibilian minutu batzuk eman ostean, Itsuosineko ur-putzura doan zidorra ikusiko dugu. Iratikoan erakarpen turistiko bilakatu da Itsuosin, batez ere Euskal Herriko ibiltariengan ur-jauziak bisitatzeko grina suspertu den garaitik. Turrusta xume hori ez da inolaz ere tamainagatik ezaguna, lauzpabost metroko botea ematen baitu. Errekaren estugune batean sorrarazten da, tupustean, eta bere emaria sakonera gutxiko putzu batera biltzen du. Zaraitzuko basozainek gogoratzen dutenez, haatik, bost metroko sakonera erakutsi zuen aspaldi Kubo izenarekin ezaguna den jauzi dotore horrek. Zabaleta mendia esplotatzen zen garaian, gainera, almadietako teknika erabiltzen omen zuten egurgileek egurra Irabiako urtegira jaisteko; Agoitz herri aldera, gero. Esklusen eta uhateen bidezko sistemari esker garraiatzen zen lehengaia, harik eta errepide gaineko garraiobideak lan tradizionala behin betiko ordezkatu zuen arte. Historiako pasarte horiek gogora ekar ditzakeen ezer gutxi geratzen da Itsuosin. Gaur egun, naturaz blai egiteko irrikan dauden ibiltariak biltzen dira haren ingurura, akaso urari darizkion freskotasunez eta indarrez arima asebetetzeko asmoarekin.

Irabiako uharka

Itsuosinera egindako paseotxoa biribiltzeko xedez, zer hobe Irabiako uharka bisitatzea baino? Pagadi eta izeidi ederrak zeharkatuko ditugu joan-etorrian. Aukera paregabea, gainera, Lizardoia mendiko hegoaldeko basoetan barrena sartu-irtena egiteko.

Horrela gauzak, Urbeltza eta Urtxuria errekastoek bat egiten duten tokira bueltatuko gara berriz ere. Iturria eta atsedenlekua ezkerrean utzita, Zabaletako oihanera seinalatzen duen zidorrari jarraituko diogu, SL-NA 63A kodepean ezaguna den zirkuituari. Atsedenlekutik bizpahiru minutura, adi egon behar dugu pistatik irten eta eskuinetik basoan barrena abiarazten den zidorrari erreparatzeko. Pagadian egokitutako eskailera-mailei esker, goratasuna laster batean hartuko dugu; oharkabean. Izeiak eta pagoak tartekatzen joaten dira, nahas-mahas, baina naturari dagokion ordena ederrean. Lehen aldatsak igarota, bidea harriztatzen da. Anartean, soa aurrez aurre zabaltzen zaizkigun magalen aldera luzatuko dugu. Hain dira ikaragarriak Goñiburu mendia janzten duten basoak!

Zeharka ibilita, errekasto batera jaitsiko gara. Pagaditik irtendakoan goratasuna galtzen hasiko gara ostera ere. Oraingo honetan, ordea, Irabiako uharkaraino zuzenduko gaituen basabide egokitura irteteko. Behin bide zabalean, eskuinera jo eta urtegiaren ertzean altxaturik dagoen basetxera helduko gara. Inguru liluragarrian dago 1922. urte inguruan eraikitako urtegia. Iratiko ur-emaria erregulatzeko, argindarra sortzeko eta basotik ateratako egurra garraiatzen laguntzeko asmoarekin eraiki zen. Irati ibaiaren isuria jasotzeaz gain, Egurgio eta Kontrasario erreketako urek ere elikatzen dute hamalau hektometro kubiko bil ditzakeen kubeta zabala.

Irati ibaia gogaide

Aparkalekura bueltatzeko, Irati ibaiak sortu duen arroila ederrean gaindi egitea proposatzen dugu. Urtegiko ur bazterretik basetxera igo, eta eraikinaren eskuinaldetik darraion xendari segituko diogu. Gora jo gabe, ordea, zehar-zehar jarraituko dugu errekasto bateraino. Gero, pago eta izei bikainak partekatzen dituen basotik zehar goratasuna hartu eta sigi-sagaka egingo dugu Irabiara doan pistara berriz atera arte. Basabidea zapaldu gabe, baina, eskuinera joko dugu. Zidor liluragarriari jarraituz, basoak gordetzen dituen beste altxor batzuk deskubritzeko aukera izango dugu. Ibaiaren ondoan jarriko gaitu zidorrak, eta haren konpainian segituko dugu paseo gozoan. Uraren harrabotsa lagun, Irabiako pistara aterako gara azkenik. Orduan, bai, xenda estuak bide zabalari tartea utziko dio orduan, eta, hartxintxarrezko pistatik atera gabe, ibilaldi majoa egingo dugu sakanean gora; harik eta aparkalekura iritsi arte.

Iratiko basoan barreneko ibilbidea osatze aldera, Elurretako Ama Birjinaren baseliza ikusteko aukera interesgarria dugu. Horma zuriak eta pinturak erakusten dituen tenplu xumera igotzeko, balizatuta dagoen zidor bati segitu ahal diogu. Urbeltza errekaren gaineko zubi inguruan abiarazten da aipu zidorra. Igoeran, baselizara ehun metro falta direlarik, Iratiko Etxeak deritzan eraikinaren hondarrak ikusiko ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.