EZARIAN. KANIBALISMOA. Azken tabua irensten

Gizakiak maiz praktikatu du kanibalismoa historian. Froga ugari dauden arren, askok arbuiatu egiten dute ebidentzia hori, kanibalismoak izu-laborria sortzen baitu.

xabier martin
Donostia
2010eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
«Eta egin beharko banu?». Jende askok bere buruari inoiz egindako galdera da hori. «Beste gizaki baten haragia jango nuke?». Intimitate handienaren erresuman dago erantzuna. Baina gure arbasoek egin zuten beste garai batean. Atapuercan, Euskal Herritik gertu baino gertuago dagoen aztarnategian, froga argiak daude. Kanibalismoa sarritan praktikatu zen historiaurrean. Ez bakarrik duela ehunka milaka urte, baita geroago ere. Azken berriak Alemaniatik etorri dira. Herxheimeko aztarnategian 500 banakoren arrastoak aurkitu dituzte. Beste gizaki batzuek jan zituzten, duela 7.000 urte inguru.

Hots, kanibalismoa ez da soilik Afrikako, Ozeano Bareko uharteetako edota Australiako kontua. Adibideak amaigabeak dira. K. a. hirugarren milurtekoan Egipton lehorte izugarria egon zen. Kanibalismoa non-nahi hedatu zen txakalen urteetan. Samariako setioan, siriarrek puntako egoera batera bultzatu zuten hiria. Seme txikia jan zuen amaren eta haren lagun baten istorioa jasotzen du dokumentazioak. Jerusalemgo setioan, berriz, K.o. 70. urtean, Josefo historiagileak Maria izeneko emakume batek semea jan zuela jaso zuen, erromatarren setioak eragindako gosetearen ondorioz.

Amerikan 1.150. eta 1.200. urteen artean anasazi indiarren herrian kanibalismoa praktikatu zela berretsi dute. Hernan Cortesen aldeko eta aurkako tribuek ere etsaiak jaten zituztela esan zuten konkistatzaileek 1.500etik aurrera. Bestalde, ezaguna da guaraniek helburu erlijiosoekin praktikatzen zutela kanibalismoa.

James Cook kapitain ingelesaren amaiera ere ezaguna da oso: 1779an hil eta jan zuten haren gizonekin batera, Kealakekua Bayn, Hawaiin. 1809an ere antzekoa gertatu zen Zeelanda Berrian. Maoriek The Boyd ontziko eskifaia osoa jan zuten mendeku batean. XX. mendean sartuta, Leningradeko setioan (1941) herritar asko hil eta jan zituztela ere dokumentatu dute, baita japoniar tropek Ozeano Barean egindakoa ere (1944). Andeetako tragedia ere hor dago (1972), baita Rohtenburgeko kanibalaren istorio surrealista ere (2001).



Manuel Moros Peña.'Historia natural del canibalismo' saiakeraren egilea

«Gaurko gizarte modernoak sortu du kanibalik txarrena: 'psycho-killer'-a»

X. M. Donostia

Manuel Moros Peña (Zaragoza, Espainia, 1969) medikua da ofizioz, baina giza jarreraren ikerlaria afizioz. Historia natural del canibalismo (Nowtilus, 2008) saiakeran sakonki jaso du gizakiak historian zehar kanibalismoarekin izan duen harremana.

Kanibalismoa azken tabua dela diote. Zergatik ez du ia inork horri buruz hitz egin nahi? Zergatik eragiten du hainbesteko izua eta arbuioa?

Noizbait kanibalismora bultzatuak izango ote garen beldurra ezkutaturik dugulako gure garunaren txokoren batean. Puntako egoera batean, elikagairik eta urik gabe aukera bakarra beste gizaki baten haragia jatea, haren odola edatea denean, egoera horretan bizitzearen ala hiltzearen artean aukeratu behar da. Beste hainbat tabutatik baino, kanibalismotik gertuago gaudela badakigu gehienok; intzestua, pedofilia, haurrak hiltzea, nekrofilia eta beste hainbat tabu baino errealago sumatzen dugu.

Andeetako tragedia, Leningradeko gertaerak eta beste hainbat lagungarri izan dira beldur hori handitzeko, ezta?

Zalantzarik gabe. 1972an Andeetan eroritako hegazkin uruguaitarreko bidaiariek euren kideen haragia jan zutela onartu zuten. 1941etik 1944ra, Leningradeko setioan, ongi antolatutako taldeek gizajoak hiltzen zituzten, haien haragia jateko edo merkatuetan saltzeko, ez baitzen besterik jateko. Gertaera horiek benetakoak dira, orain gutxikoak, eta horrek asko izutzen du jendea.

Afrika, Ozeano Bareko uharteak eta, oro har, Europatik urrun dauden tokiak aipatzen dira kanibalismoaz hitz egitean. Baina gero eta froga gehiago dago Europan ere kanibalismoa izan zela esateko. Zergatik da hain zaila hori onartzea?

Egia da gizarte-estatuak garatu zirenean gizakien hilketak izugarri ugaritu zirela, baina, era berean, kanibalismoa debekatu egin zen, etsaiek sortutako elikagaiak jateak etekin hobeak ematen baitzituen. Etsaia menderatu eta hura elikagaiak sortzeko baliatzea hobea da etsaia bera jatea baino.

Erlijioak ere zerikusia izan zuela diote. Egia al da?

Kristautasunak gorpuen osotasuna babestu zuen, bihotz oneko jainkoa aurkeztu baitzuen. Dena den, ehiztari-biltzaileen beste gizarte askotan kanibalismoak bere horretan iraun zuen, haien jainkoek etsaien odolarekin elikatzea eskatzen baitzuen.

Beste herriak menderatzeko aitzakia gisa erabili du inoiz kristautasunak kanibalismoa. Salaketa gogorra, inondik ere.

Basakeriarekin eta ankerkeriarekin lotzen zituzten ohitura horiengatik, eta kolonizazioaren zuribidea izan zen. Milioika natibo kanibaltzat jo zituzten, egia izan edo ez. Ustezko sorginak, sinesgabeak eta ateoak erretzen zituzten zibilizatu horiek natiboak suntsitu zituzten kanibalismoaren aitzakian.

Dena den, egungo gizartearen ikuspuntutik azterturik nekez uler daiteke kanibalismoa.

Ezin dugu aztertu egungo ikuspuntutik, ez baitugu ulertuko. Gauzatu zuten gizarteen testuinguru historiko eta kulturalean ipini behar dugu geure burua kanibalismoa aztertzeko. Baina herri zahar haiek kanibalismoa praktikatzen zutela-eta ezin dugu pentsatu gu orain humanoagoak edo zibilizatuagoak garenik.

Historian zehar zergatik gertatu da kanibalismoa? Bakarrik goseteengatik? Ohiturengatik? Zer arrazoi daude gizakiek gizakien haragia jateko?

Askotarikoak; ezin dugu kanibalismo bakarraz hitz egin. Bizirik irautekoa dago; erlijiosoa, jainkoei eskaintzak egitekoa; hildakoa omentzekoa, haren gorpua jatea baitzen maitasunaren azken froga; baita gerlariena ere, etsaia jatea umiltzearen paradigma izan baitzen. Gure arbasoek egiten zutena ere bada: homo sapiens-ak ez zuen espeziearen kontzeptua barneraturik, ezta Neolitoan ere, eta taldetik kanpokoak haragi gisa ikusten zituzten, gizakiak ziren ala ez pentsatzen hasi gabe.

Gaur egun ere badira kanibalismo kasuak gizarte modernoan...

Bai, psycho-killers deitzen dieten horiena; beharbada, hori da kanibalik okerrena, hiltzaileak biktima gauza bihurtzeko asmoa baino ez baitu. Bitxia da: kanibal txarrena gure gizarte modernoak sortu du. Hiltzaile kanibal modernoa, mugarik gabe eta soilik egitearen plazeragatik lagun hurkoa irensten duen hori, gizateriak historikoki horrenbeste esetsi duen kanibala da; izu-laborria sortzen zuen kanibal hori ez da sekula existitu orain arte.

Historiaurrean kanibalismoa ia etengabea izan zela diote aditu askok. Atapuercan aurkitutako haur hezurren arrastoak argigarriak dira, baina arrasto berantiarragoak ere aurkitu dira...

Suaren eta ebakien arrastoak eta oro har kanibalismoaren markak dituzten hezurrak ez dira soilik Homo antecessor-en arokoak. Kasurako, Neanderthal gizakiaren aztarnategietan azaldu dira (25.000 urte), baita Cro-Magnongo gizakiarenean ere. Herxheim-en (Alemania), kanibalismoaren arrasto argiak dituzten 500 gizakiren arrastoak aurkitu dituzte, eta bakarrik 7.000 urteko antzinatasuna dute. Horrek argi asko erakusten du kanibalismoa gure arbaso zuzenen ohitura izan zela.

Nola hartu beharko genuke berri hori?

Lotsatu ez, poztu egin beharko genuke, kanibalismoari esker, hautespen naturalaren bidez, mutazio genetiko bat garatu baitzuen gizakiak, eta egun mutazio horrek behi eroen gaitzetik babesten gaitu, esaterako. Izan ere, mutazio horri esker, gaitz hori ez da pandemia bihurtu.

'Alive!', 'Cannibal Holocaust', Annibal Lecterren saila, 'Rohtenburg (Grimm Love Story)'... zinemak etengabe islatu du kanibalismoa; jende askoren artean arbuioa sortzen badu ere, gai gordin horrek beste asko biziki erakartzen dituela ere ukaezina da.

Lecter, Meiwes eta beste amesgaizto batzuk

X. Martin.

«Aztertu nahi izan ninduen azkenari gibela jan nion eta Chianti on batekin lagundu nuen», azaltzen dio Hannibal Lecterrek bere ziegan Clarice Starling agenteari, oilo ipurdia jartzen duen eszena batean. Kanibalismoak beldurra eragiten du, eta beldurrak erakarri egiten du. Oso ondo dakite hori zinema ekoizleek. Azken hamarkadetan kanibalismoak zineman lortu duen presentzia aztertzea besterik ez dago. The Silence of the Lambs (Jonathan Demme, 1991) hain zuzen, Thomas Harrisek sortutako Lecter kanibal hipnotikoak hauspotzen du; hari esker izan zuen itzelezko arrakasta.

Gizakiak bere baitan darama morboso izatea. O. Henryk azaldu zuen kontua aspaldian: jende gehiago elkartuko da hildako zaldi bat kalean ikusteko, gurdi ederrena pasatzen ikusteko baino. Internet sarean ia milioi bat orri aurki daitezke kanibalismoaren inguruan. Rohtenburgeko kanibalak, Gimm Love Story filmeko (Martin Weisz, 2006) protagonistak, bere aurkako epaiketan emandako datu bat argigarria da oso: Armin Meiwesek Interneteko 430 solasgunetan parte hartu zuen, kanibalismoaren inguruan betiere.

2001ean Meiwesek 18 eta 30 urte arteko gizonezko gazte bat bilatu zuen Interneten, iragarki baten bidez. Gazte osasuntsua nahi zuen jateko; prest egon behar zuen hiltzeko, Meiwesek jan zezan. Zaila da sinesten, baina 200 boluntario azaldu ziren. Meiwesek berak hainbat eta hainbat baztertu zituen elkarrizketa pertsonalak egin eta gero, ez zituelako euren buruarekin seguru ikusi. Azkenean bat aukeratu, eta hil ondoren, gorpuaren zati batzuk irentsi zituen. Azken hamarkadetako eskandalu handienetakoa izan zen Europan, gertatutakoarekin sinetsi ezinik geratu zelako gizartea.

Andeetako tragedia deitutako hegazkin istripua ere zinemara eraman zuten (Frank Marshall, 1993), Alive! izenburuarekin. Bizirik irauteko abentura gisa saldu zuen publizitateak bere garaian, baina bizirik atera zirenek hildako bidaiarien haragia jan zutela bazekien jendeak, gertaera hark sona handia izan baitzuen 70eko hamarkadan, eta horrek bultzatu zuen jende asko zinemara.

Bada beste kasu bat kanibalismoak eta basakeriak erakartzeko duten gaitasuna erakusten duena. Ruggero Deodatok Cannibal Holocaust filmatu zuen 1980an, eta benetako istorioa balitz bezala aurkeztu. Herrialde askotan zentsuratu egin zuten, eta horrek are sona handiagoa eman zion filmari, lana kaskarra baino kaskarragoa bada ere.

Gizakiaren amesgaizto okerrena izango da akaso jana izatea. «Xapik ikusten bazaitu, kris-kras jango zaitu», dio haurren kantuak. Txikitatik mehatxu handiena betiere. Hura irudietan ikusteak erakargarritasun handia dauka askorentzat, eta hala ulertu behar da kanibalismoa jorratu duten filmen arrakasta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.