Erromesak bueltan, eta azpiegiturak falta. Hala, Ziortza-Bolibarreko herrigunetik bi kilometrora dagoen kolegio eliza honetatik pasatzerakoan, erromesek ostatua eskatzen zieten fraideei. «Sakristian zegoen gela batean igarotzen zuten gaua. Ez geneukan beste lekurik haientzat prestatuta. Aterpea ematen genien, eta jan-edana».
Fede kristauak iragartzen duen karitatea izan da, Rinconen esanetan, aterpetxe honen bultzatzailea. «Gure beharra duen edonor gurean hartzeko obligazio morala daukagu». Horregatik, beraien borondatez ari dira lanean. Anaidia osatzen duten 11 fraide zistertarrak arduratzen dira aterpetxearen mantenuaz.
Borondate truke
Erromes kopurua haziz joan da, eta fraideek hobeto antolatzeko beharra izan dute. Hala, zaharberritze lanak egin zituztenean erromesen erietxe izandakoa berreskuratu zuten. Bertan atondu zuten aterpetxea. Lau ohatzek osatzen dute, alegia, zortzi ohek, eta hiru dutxa ere baditu.
Urte santua denetan erromes kopuruak gora egiten du. Aurten, adibidez, egunean bospasei erromes etortzen zaizkie. «Azken egunetan beherakada izan dugu, Markina-Xemeingo aterpetxeak ateak ireki dituelako. Neguan itxita egoten da. Orain bizpahiru etortzen zaizkigu, egunean».
Aterpe bila datozela esatearekin nahikoa dute bertan geratzeko. Afaldu gabe iristen badira, fraideek emango diete jaten. «Guretzat prestatzen dugunetik ematen zaie», dio. Eta biharamunean gosaria ere zerbitzatzen diete. Horren truke ez da ezer ordaindu behar. «Irteerako ate ondoan kutxatxo bat dago, eta ahal duten nahi duena uzten du, gastuetarako». Euren diru iturriak beste edozein monasteriok dituenak direla dio.
Edonola ere, Rinconen esanetan, janariak ez die gastu handirik eragiten. «Garestiago dira ur beroa eta berokuntza sistema», dio. Erromesek alde egiten dutenean, fraideak arduratzen dira aterpetxea garbitu eta atontzeaz.
Hiri bat, erromesentzat
Jon Ordoñez. Lizarra«Memoria historikoarengatik», erantzuten du Javier Caamañok Lizarrak (Nafarroa) Done Jakue bidearekin duen harreman estuaz galdetuta. Izan ere, bidea azpiegiturez hornitzeko sortu zen hiria. Antso Ramirez erregeak forua eman zuen 1077. urtean, eta frankoek Estella hiria sortu zuten Lizarra baskoien herriaren ondoan. Ez da horregatik harritzekoa Done Jakue bidearen lagunen elkarteen artean munduko zaharrenetakoa Lizarrakoa izatea, Pariskoaren ondoren. «Formalki horrela da, baina elkartea sortu aurretik, baita Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik ere, Lizarran erromesak hartzen zirela dioten testigantzak badaude», dio Lizarrako Done Jakue bidearen lagunen elkarteko lehendakariak.
Lizarran Erromesen Ospitale bat baino gehiago egon dira historian Antso Ramirezek bidea, Lizarratik pasa zedin, Villatuerta eta Jurramendi artean desbideratu zuenetik. Ospitaleak esaten zitzaien hitzaren lehen adierak gaur egun duen esanahia baino zabalagoa zuelako. Gaur egungoa 1996. urtean sortu zen, eta Lizarrako Done Jakue bidearen lagunen elkarteak kudeatzen du, Luis Navarro valentziarraren eta Marcela Perez argentinarraren eskutik.
Navarroren eta Perezen bizitzak estuki daude lotuta Erromesen Ospitaleari. Banketxe bateko langile zela bidea egin eta Santiagotik Lizarrara itzuli zen Navarro aterpetxean lanean hasteko. Lau urte ondoren, Perez iritsi zen, bidean, eta bien artean maitasuna piztu zen aterpetxean, ostalariak erromesari zauriak sendatu eta ondoren arrosa bat oparitu ondoren. «Biharamunean ezkontzeaz ari ginen hizketan», gogoratzen du Perezek irribarretsu. Beste hiru lagunekin batera kudeatzen dute orain 98 erromesentzako tokia duen aterpetxea.
«Erromesak eta turierromesak ez dira gauza bera», dio Navarrok. Eguneroko joan-etorria oso aberasgarria dela dio, baina aldi berean gauza itsusiak ere ikusten dituztela azpimarratzen du: «Esker txarrekoak gizartearen parte badira, inoiz edo agertu behar dute hemen ere». Eurek garbi dute urriko bigarren hamabostaldia dela bidea egiteko garairik egokiena, baina maiatz erdian jada Lizarrakoa ia bete egiten da, nahiz eta Ega ertzeko hirian beste bi aterpetxe ere badauden.
Gareskoarekin batera, Lizarrako aterpetxea bidean mugarri bat dela diote biek. «Bideko lehen etapen ondoren, Lizarran agertzen dira lehen zauriak eta belaunetako minak, Lizarran jabetzen zara sobera, 'badaezpada', dituzun gauzak zeintzuk diren, eta bidea egiteko duzun bidelagunarekin aurrera jarraitu nahi duzun edo ez, ere Lizarran ikusten duzu».
«Zein hizkuntza mintzo duzu?»
Nora Arbelbide. Donibane GaraziDonibane Garaziko Zitadela karrikako 39. zenbakiko beilarien harreraguneko joan-jinak etengabeak dira. Beilariak beti. Egunean 270 bat bertaratzea egun normal bat da. «Zein hizkuntza mintzo duzu?», da laguntzaileen lehen galdera. Hizkuntzen arabera banatuak baitira laguntzaileak. Ingelesa, espainola, alemana, hauek dira gehienik praktikatuak. Bigarren galdera, nortasunarena. Euskarari dagokionez, ez dago paperezko informaziorik: «Euskara bakarrik dakien nehor ez zaigu agertu orain arte», laguntzaile bat den Patrick Foliok.
Gosariarentzat ateak 06:30ean ireki, eta 23:00ak arte animatua dago harreragunea. Donibane Garazitik pasatu direla frogatzen duen zigilua hor ematen dute. Beilarien pasaporte bereziak, baita maskorra ere. Anitzek bidea bertan hasten baitute. Estatistikak betetzeko zenbait datu ere hartzen dituzte laguntzaileek. Laguntzaileek berak anitzetan beilari ohiak dira. Ez dute sosik irabazten, baina lana da. «Akigarria da, baina plazerez egiten dut», Foliok zehazturik.
Ekartzen duten informazio inportanteena aterpetxeena da. Eta justuki, harrera gunetik zenbait metrotara, Zitadelako karrikako 55. zenbakian, herriko aterpetxea dago. Beilarientzat bakarrik irekia, gau bakar batentzat lo egiteko aukera merkeena da. 8 eurotan, gosaria barne. 32 leku ditu,eta laster betetzen dira. Bista paregabea, ez da intimitate handirik, beste aterpetxe gehienetan bezala, baina pozik dira beilariak. Eta gainera, hemen, badute pertsonaia bat ez dutena beste inon aurkituko: Jeanine. Jeanine Belly sortzez, ezkontzaz Kurutxete. Beilarien ama deitzen dute denek. Aterpetxetik pasatu diren anitzek aipatzen duten emaztea beren blog edo liburuetan. Beti molde izugarri baikorrean.
Badira 25 bat urte aterpetxearen gainaldean bizi dela 76 urteko emaztea, eta 15 bat urtez aritu da garbiketak egiten. Gaur egun erretretan da, baina segitzen du beti gain horretan bizitzen, eta usu jaisten ditu eskailerak behere horretan denak ongi doazen zaintzeko. Zikina ez du soportatzen: «Maniakoa naiz», dio irriz karkailaka. Bidea egin eta berriz gibelera heldu direnek berriz etortzeko usaia dute, eskertzeko. Behin, beilari zenbaitzuk Santiagora joateko bidaia ordaindu zioten, autobusez. Hark berak ez du behin ere bidea egina oinez, baina dena badaki. Delako berriz heldu diren horiek kontatuengatik. Zernahi gomendio baditu emateko. Zernahi anekdota baita. Paulo Coelho idazlearenak tartean. Gurutzatzeko aukera izan du, baina ez du batere gustukoa ukan: «Ez du behin ere egin itzulia! Autoan eta hoteletan! Ez da seriosa...». Baina egin ditu ere ezagutza hunkigarriak. Jendea ikustea, hori du bere droga: «Anitz on egiten dit. Aterpetxea berritzen ari zirelarik eta obretan zirelarik ez zen nehor eta horrek eritzen ninduen!».