Lehenagotik ere baziren elkarren aurkako bi joera, baina Espainiako koroaren oinordekotza izan zen gerra karlisten gatazkaren katalizatzailea. Fernando VII.a Espainiako erregea hiltzean, haren alabaren inguruan bildu ziren liberalak, eta haren anaiaren inguruan, aldiz, absolutismoaren, erregimen zaharraren eta foruak mantentzearen aldekoak, Karlos V.aren inguruan, hain zuzen ere. Erregetzara bata edo bestea heldu, hori izan zen gatazkaren hazia, eta Nafarroa izan zen borroka gune nabarmenetako bat. Bai 1833 eta 1840 arteko I.Karlistaldian, eta baita 1872 eta 1876 arteko II. Karlistaldian ere.
Gunerik garrantzitsuenetan panelak jarri ditu, horregatik, Nafarroako Gobernuak, aditu talde baten laguntzarekin. Hiru gunetan banatu dute ibilbidea. Iparraldea da lehena; Bera, Etxalar, Zugarramurdi eta Elizondo. Tropen mugimenduak hartu zituzten guneak dira bigarrenak; Altsasu, Orokieta-Erbiti, Etxauri, Gares eta Mendigorrian. Eta Lizarra aldea da hirugarrena, Abartzuza, Arroitz, Aiegi, Lizarra eta Lakar.
Hegoaldetik Iparraldera bisita liteke historia, Lizarrarekin hasiz. Karlisten gune garrantzitsuenetako bat izan zen Lizarra, haien hiriburua bi gudetan, eta han egin zituzten karlista gehienek entrenamenduak. Inguru haietan indartsu izan ziren karlistak, eta, horregatik, karlismoaren bihotza izan zela esan liteke. Lakar, Aiegi, Arroitz eta Abartzuzan izandako guden berri ere ematen da hormairudi bitartez.
Garesen, karlistek 1835an, hiriari setio gogorra ezarri ziotela azaltzen da bertako panelean, eta, halere, azkenean, liberalengandik ihesi egin behar izan zutela. Mendigorriara jo zuten orduan, eta hari ere setioa ezarri zioten. Berriz galtzaile atera ziren, ordea. Zumalakarregiren tropen eta Quesada liberalaren armadaren artean izandako aurrez aurrekoaren lekuko izan zen Altsasu, 1834ko apirilaren 22an. 1872an Orokieta-Erbitin jaso zuten karlistek II. Karlistaldiko lehen kolpea. 1873an izan zuten, aldiz, garaipenik ezagunenetariko bat Aiegi ondoan, Montejurra mendian. Hiru eguneko aurrez aurrekoen ondoren, garaile atera ziren Karlosen aldekoak. Urte berean, Etxaurin kontseilu militar garrantzitsua antolatu zuen Karlos VII.ak.
Karlisten ibilbidean gune garrantzitsua izan zen Elizondo ere. Han elkartu ziren Karlos V.a eta Tomas Zumalakarregi jenerala 1834ko uztailaren 10an. Aldiz, II. Karlistaldiaren hasieran, Bera eta Zugarramurdi izan ziren guda haren lehen lekukoetariko bi, haietan ekin baitzion Karlos VII.ak bere altxamendu asmoari. Etxalaren izan zen, ordea, II. Karlistaldiko azken bataila garrantzitsua, 1876an.
Ibilbidea osatzen duten afixetan eta paneletan ageriko diren azalpenetako batzuk baino ez dira horiek. Jarrita daude jadanik gehienak, baina jartzeko oraindik beste batzuk. Herri bakoitzean, betiere, azalpen motz eta argien bidez emango zaio bisitariari han gertaturikoen berri.
XX. mendeko karlismoa
Ibilaldiak batez ere karlismoaren XIX. mendeko historia aztertzen badu ere, karlismoaren historia ez da XIX. mendean bukatzen, eta bizirik dago oraindik ere alderdi karlisten bidez. 1936ko gerran, esaterako, Francoren alde aritu ziren karlistak borrokan. Manuel Martorell kazetari eta karlismoan adituak dioenez, ordea, konplexua da karlismoaren XX. mendeko historia. «Karlismoaren historia hurbila frankismoak egin du. Eta horrek karlismoak izan zuen papera erabat desitxuratu du. Garaipenaren eremuan galtzaileak izan ziren karlistak. Baina gero frankismoari aurre egin ziotenez, ezin izan zuten haien historia idatzi». Irabazle arteko galtzaileak dira XX. mendean karlistak, Martorellen ustez. «Irabazleen alde egon zen mugimenduaz ari gara, baina politikoki gerra galdu zuen».
Karlistak falangistekin batera borrokatu baziren ere, gerra ondoan harreman liskartsua izan zen bi mugimenduen artekoa. Tentsioa nabarmena zen. «Nola uler daiteke, bestela, 1942an komando falangista batek eskuko hainbat bonba botatzea elkarretaratze karlista baten aurka?».
1976an Alderdi Karlistak Montejurrako muinora egindako erromerian gertaturiko erasoak ere hor daude. Karlismoaren hegal eskuindarrak, falangistek eta estatuko indarrek antolaturiko eraso hartan bi persona hil zituzten. Harriak bota, muinora igotzea galarazi, eta suzko armaz egin zieten tiro erromerian zirenei.
XIX. mendetik gaur arte, historia luzea du karlismoak. Urratsez urrats, eta lorratzez lorratz, Martorellek dioenez, egun Europan bizirik dagoen mugimendu politikorik zaharrena da karlismoa.
Zenbait urrats
LIZARRAGune garrantzitsua izan zen Lizarra Euskal Herrian izandako bi gerra karlistetan. Karlismoaren hiriburua izan zen, Hego Euskal Herriko beste probintzietako hiriburuak ezin izan zituztelako menpean hartu. I. Karlistaldian, Los Llanoseko parkean izan zen karlisten entremandu gune nagusia, eta 1833an, gune horretan bertan jaso zuen Tomas Zumalakarregik Nafarroako komandante jeneralaren kargua. II. Karlistaldian ere behin eta berriz aritu ziren bi bandoak haren kontrola eskuratzeko borrokan. Gotorleku gisa erabili zituzten karlistek, hiriko Santa Klara eta San Frantzisko komentuak. Lizarran izango da, gainera, egun, Nafarroako karlismoaren museoa. Aste Santuan irekiko ditu ateak.
LAKAR
II. Karlistaldiko bataila garrantzitsuenetako bat izan zen Lakarren, 1875eko otsailaren 3an. Karlistek lorturiko azken garaipena izan zen. Alfontso XII.a, Espainiako errege izendatu berriak, karlisten altxamenduarekin bukatu nahirik, armada liberalaren buru jarri zuen bere burua, eta Lizarrara bideratu zituen bere gizonak, hura menpean hartzeko asmoz. Karlistek, ordea, bidea itxi egin zieten Lakar parean, eta hogeita hamar minutuko borrokaren ostean, ihesi bidali zituzten liberalak. Alfontso XII.a ere karlisten esku erortzeko zorian izan zen.
AIEGI
Aiegin ezarri zuten karlistek haien ospitale nagusia, Iratxeko monasterioan. Moriones jeneralak gidaturiko tropen eta Ollo Brigadier karlistaren arteko gudaren lekuko ere izan zen Aiegiko Montejurra mendia, ordea. Hiru egunez aritu ziren euripean borrokan bi alderdiak, eta karlistek irabazi zuten, azkenean. Hamarkada batzuez geroztik, urtero erromeria bat egiten dute hara alderdi karlistako kideek bataila hura gogoratzeko. 1976an, halako erromeria batean, bi pertsona hil zituzten, karlismoaren eskuin hegaleko kideek, falangistek eta estatuko indarrek prestaturiko erasoan. Suzko armak erabili zituzten jendearen aurka.
ALTSASU
Gerra karlistetan bataila asko izan ziren, Altsasu inguruan. Izan ere, pasabide garrantzitsuak dira Burunda eta Barrankako eskualdeak, Iruñera eta Lizarrara heldu ahal izateko igaro beharrekoak. Lehenagoko hainbat ekintza jakinetan eginiko arma lapurreten bidez, armada indartuz joan zen. Hurrengo, 1834ko apirilaren 22an ,Zumalakarregi jeneralaren tropa karlistek Quesada liberalen tropen aurka aritu ziren Altsasun; Karlosen aldekoak atera ziren garaile, azkenean. Gerra karlistetako lehen gudu garrantzitsuetako bat izan zen.
BERA ETA ETXALAR
Beratik abiatu zen 1872an II. Karlistaldia Nafarroan. Handik ekin zion Karlos VII.ak guda hartako altxamendu orokorrerako lehen saioari. Han hasi, eta inguru hartan izan zen azken batailetako bat ere. Etxalarko usategiak izan ziren haren lekuko, 1876ko otsailaren 19an. Zazpi orduko batailaren ondoren, galtzaile gertatu, eta alde egin behar izan zuten karlistek. Hala, bidea libre gelditu zitzaien liberalei, Bera menpean hartzeko.
Aste Santuan irekiko ditu ateak Lizarran eraiki duten karlismoaren museoak
Urteak daramatza Nafarroako Gobernuak Karlismoaren museoa izango dena prestatzen. Lizarran (Nafarroa) dagoen Gobernadorearen Jauregian izango du egoitza, eta, azkenean, Aste Santua baino lehen irekiko ditu ateak. Alderdi Karlistaren ondarea izango da ikusgai erakusketa iraunkorrean. Karlisten ikurrak, banderak, uniformeak, eta baita dokumentu historikoak ere.Bulegoak eta artxiboa hartuko dituen beste eraikin bat izango du museoak alboan. Hori da, izan ere, gobernuko kideek azaldu dutenez, museoaren helburu nagusietako bat: dokumentazio eta ikerketa lanak bideratu eta sustatzea.
Ormaiztegin (Gipuzkoa) dagoen Zumalakarregi museoarekin batera, gerra karlistetan espezializaturiko Euskal Herriko bigarren museoa izango da Lizarrakoa.