Zergatik hautatu da eremu hori? Harantz begira, Eguzkia bizkarrean utziko du ontziaren sistema optikoak, eta horrek haren argiaren eragina galaraziko du. Gygnus konstelazioak, gainera, badu beste egokitasunik ere: ez Kuiper eraztuneko, ezta asteroideen eraztuneko objektuek ez dute eremua iluntzen.
Gure Eguzkiaren eraginaz gain, Lurraren eragina ere saihestu nahi izan dute espaziontziarentzat, ahalik eta ikusmira egonkorrena izan dezan. Horregatik, oso ohikoa ez den orbita izango du Kepler-ek, Lurraren arrastoan Eguzkia orbitatuko baitu, 371 eguneko periodoan. Gero, urrunduz joango da pixkanaka. Lau urteren buruan Lurretik 75 milioi kilometrora egongo da ontzia.
Kepler-en helburua planetak topatzea bada ere, planetei ez, izarrei begira egongo da. Planeten argia hain da txikia, non ia ezinezkoa den bilaketa zuzena egitea. Horregatik, zeharkako metodoak erabiltzen dira. Kleper-en kasuan,95 megapixeleko kamerak ehun bat mila izarren distiraren gorabeherak jasoko ditu.
Iragaitearen metodoa
Izar batek denbora tarte batez argitasun pixka bat galdu eta gero berreskuratzen badu, gerta daiteke itzalaldi ñimiño hori planeta baten iragaiteak, transitoak, eragindakoa izatea. Hots, Kepler-en ikuspuntutik begiratuta, planeta bat bere izarraren paretik igaro izana, eta mikroeklipse bat eragin izana. Planeta baten iragaitea izan dela ziurtatzeko modurik onena distiraren murrizketa hori periodikoa den ikustea izango da, eta hori neurtu ahal izango da hiru urte eta erdiko epe horretan.
Iragaitearen metodoa deitzen zaio planetak ehizatzeko modu horri. Badira exoplanetak atzemateko beste modu asko ere. Doppler efektua erabiltzen duena izan da orain arte metodo arrakastatsuena. Planetak bere orbitatzean indar grabitazionala eragiten du bere izarrean, eta hura mugiarazi (sistemaren erdiguneko masareriko jiran). Lurretik oszilazio horiek neur daitezke lerro espektralek urdinera egiten dutelako guregandik urruntzen badira eta gorrira hurbilduz gero (Doppler efektua). Metodo horrek batez ere exoplaneten masari buruzko informazioa ematen du.
Kepler espaziontziak erabiliko duen iragaitearen metodoak, berriz, argiaren murrizketarekin planetaren tamainari buruzko informazioa ere eskain dezake. Dena den, aurkikuntzak beste metodoekin, Doppler efektuarenarekin esaterako, osatu eta ziurtatu beharko dira.
Lurraren tamainaren antzeko planeta batek bere izarraren paretik igarotzean izarraren distiran izan dezakeen eragina izugarri txikia da. Aldaketa milioi baten 84renekoa izan daiteke. Hots, kilometro batzuetara euli batek auto baten argiaren paretik igarota egingo lukeen distira aldaketaren parekoaz hitz egiten ari gara. «Kepler-ek Lurreko herri batera begiratuko balu, norbaitek kaleargi baten paretik igarota distiran eragindako aldaketa atzemango luke», diote NASAtik.
Iragaitearekin planetaren tamaina eta orbita eremua atzeman ahalko da. Horri izarraren tenperatura gehituz, lokalizatzen den exoplanetak lurrazalean ura likido eran izateko zer aukera dituen jakin ahalko da. Hiru urte eta erdian gure Lurrarena bezalako urtebeteko periodoko planeten lau iragaite ikusiko lirateke, eta orbita periodo handiagoko planeten hiru bat transito. Gure Lurraren antzeko exoplanetak bilatu eta 100.000 izarretan halako zenbat aurki daitezkeen erroldatzea da misioaren xedea. Hortaz, izarraren tenperaturaren arabera, orbita eremu epelean dauden planetak lehenetsiko dira.
Eremu epel hori, ura lurruntzeko bezain gertu edo ura izozteko bezain urrun ez dagoen eremua da, eta izarretik gertuagokoa edo urrunagokoa da, haren tenperaturaren arabera. Planetaren masak eta tamainak badu garrantzia, gure Lurraren erdia baino txikiagoa bada ez duelako bizia hartzeko moduko atmosfera izateko aukerarik. Aldiz, masa handiegia duten planetetan grabitateak ez die helioa, hidrogenoa eta ugari diren beste gasei ihes egiten uzten, eta horrela sortzen dira gasezko erraldoiak. Kepler-ek Lurraren tamainaren 0,8 eta 2,2 artean duten harrizko planetak bilatuko ditu batez ere (tamainari antzeko dentsitatea emanda).
Planetak identifikatzeaz gain, 100.000 izarreko eremuko exoplaneten eta horien artean bizia hartzeko gai diren planeten erroldatik, gure galaxian Lurraren antzekoak izan daitezkeen planeten maiztasunari buruz gehiago jakiko da. Horrek, besteak beste, etorkizuneko azterketa eta misioen plangintzan eragingo du. Kepler misioaren kostua guztira 470 milioi eurokoa da.
Exoplaneten bilaketarenurrezko aroan
XIX. mendean hasi ziren astronomoak exoplanetek existitu behar zutela pentsatzen. Baina garai hartan ez zuten modurik maila horretako behaketak egiteko. Doppler metodoa erabiliz, 1995. urtera arte itxaron behar izan zen lehen exoplaneta baten existentzia baieztatzeko. 51 Pegasi izarraren inguruan lau eguneko orbita egiten duen gasezko erraldoi bat izan zen. Orduz geroztik, 342 exoplaneta identifikatu dira (otsaila bitartean). Horietatik gehien-gehienak beren izarretatik hurbil orbitatzen duten gasezko erraldoiak dira. Badirudi Gliese 581 d exoplaneta, zein 20 eguzki urtera dagoen,Lurraren antzera harrizkoa dela, eta orbita eremu epeletik hurbil omen dago, baina ur likidoa izateko tenperatura beroegiekin.Johannes Keplerren izenarekin, 'Astronomia Nova'-ren 400. urtean
NASAk planeten mugimenduaren legeak deskubritu zituen zientzialari aitzindaria omendu nahi izan duI. Lasa.
Bi dira NASA bere misio honi Kepler izena jartzeko arrazoiak. Carl Sagan astronomo entzutetsuarentzat, Johannes Kepler (1571-1630) historiako lehen astrofisikaria izan zen, bera izan baitzen lehena fisikaren kontzeptuak astronomian aplikatzen. Astrologo, astronomo eta matematikari alemaniarraren ekarpena berebizikoa izan zen iraultza zientifikorako.
Kopernikoren sistema heliozentrikoaren defendatzailea, Tycho Brah danimarkarrarekin lan egin zuen Keplerrek, eta Brahek teleskopiorik gabe (ez zen existitzen) planeten kokapenari buruz jasotako datuak oinarri hartuz, alemaniarrak planeten mugimendua deskribatzen duten hiru espresio matematiko deskubritu zituen: planeten mugimenduaren legeak. Gerora, hiru lege horietan oinarrituko zen Newton grabitazioaren teoria lantzeko. Hain justu duela 400 urte, 1609an argitaratu zuen Keplerrek bere Astronomia Nova (Astronomia Berria) liburu aitzindaria, non bere lehen bi legeak azaltzen zituen.
Hain zuzen, Kepler misioak Johannes Keplerren hirugarren legea baliatuko du misio honetan bertan, planeta baten iragaite periodotik hark izarrarekiko zer orbita duen jakiteko.
Espazioratuko den ontziari Keplerren izena emateko beste arrazoi bat astronomo alemaniarrak optikaren alorrean egindako ekarpenak dira. Hans Lippersheyk asmatu zuen teleskopioa, eta Galileo izan zen hura zerura zuzendu zuen lehena, baina Kepler izan zen haren funtzionamendua esplikatzen lehena. Besteak beste, begian errefrakzio bidez gauzatzen den ikusmenaren prozesua ere esplikatu zuen, eta betaurrekogintzarako bidea zabaldu. Keplerrek sortu zuen dioptria hitza.