EZARIAN. KILOMETROAK DONOSTIAN. Euskararen olatu erraldoia

Eguraldia lagun, milaka euskaltzale bildu ziren igandean Donostian, Zurriola ikastolak antolatutako Kilometroak jaira

Nagore Rodriguez.
Donostia
2009ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Txiki geratu zen 6,5 kilometroko ibilbidea igandeko Kilometroak festan Donostiara bildutako jende guztia hartzeko. Zurriola ikastolak antolatutako jaia aspaldiko jendetsuena izan zen; (H)ireki(n) mundura lelopean ospatu zen. Goizean goizetik eguzki izpiek argitu zuten Donostia, eta eguraldiak lagunduta, milaka lagun bildu ziren Donostiara. Hainbat unetan gainezka egin zuten, eta ibilbidea zabaldu behar izan zuten antolatzaileek. Sarrera guztiak jendez beteta zeuden arren, batez ere, Kursaal inguruan izan zen jende multzo handiena, handik sartu baitziren ibilbidera hirian bizi diren asko.

Hala ere, antolatzaileek egindako gomendioei kasu egin, eta gehienek garraio publikoa erabili zuten Donostiara iristeko. Milaka lagun joan ziren Renfek eta Euskotrenek eskainitako zerbitzu berezietan. Autoentzat Garbera merkataritza gunean jarritako aparkalekua ez zen bete, eta, beraz, ez zuten erabili behar izan badaezpada prest zuten Martuteneko 27. industrialdeko aparkalekua. Oinez ere jende ugari iritsi zen ibilbidera.

Une hunkigarria

Aitor Jaunarena eta Adur Jimenez -osaba-ilobak- ikasleek eman zioten hasiera jaiari. Ikastoletako, kulturako eta politikakohainbat ordezkari bildu ziren hasiera ekitaldian. Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan zuenez, «ez da garaia baliabide gehiago eskatzeko, baizik eta dauzkagunei ahalik eta etekin gehiago ateratzeko». Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, bestalde, 60ko hamarkadako andereñoak izan zituen gogoan ekitaldian, hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina haiei ematea erabaki du.

Goizez eta arratsaldez, jende ugari batu zen ibilbidean bertan, baita guneetan ere. Eguerdian, Mikel Laboari omenaldia egin zioten; guztiek batera, Txoria txori kantatu zuten. Une hunkigarria izan zen. Han egon ziren gainera Marisol Bastida Laboaren alarguna eta alaba ere.

Arratsaldean, musika nagusitu zen, hainbat kontzertu izan ziren han-hemenka, besteak beste, Asgarth taldekoek kontzertua eskaini zuten 2. gunean. Saguesen, berriz, Esne Beltzak eta Akelarrek jende ugari batu zuten. Eta baziren eguraldi ona aprobetxatuta hondartzara jaitsi zirenak ere.

Egun guztian hainbat ekitaldi egon ziren, haur, gazte eta helduentzat. Zirika Zirkus, pailazoak, grafiti tailerrak, Donostiako orfeoiaren orfeoi txikia eta orfeoi gaztea eta beste hamaika ekitaldi prestatu zituzten.

Batzuk ekitaldietan zebiltzan bitartean, 2.000 lagun inguru aritu ziren lanean dena ondo irten zedin. Antolatzaileak gustura daude lortutako emaitzarekin, eta orain bildutako diruarekin euren proiektuarekin aurrera jarraitu nahi dute, eta, horretarako, hurrengo pausoa eraikin berri bat egitea da.

Bien bitartean, Zurriola ikastolakoek Pasaia-Lezo lizeokoei pasatu zieten igandean lekukoa. Haien ardura izango da 2010eko Kilometroak jaia antolatzea.



Aurkene Mora.Zurriola ikastolako zuzendaria

«Aurreikuspenak gainditu egin dira; hunkigarriaizan da»

N. Rodriguez. Donostia

Garbiketa lanetan buru-belarri ari ziren atzo Zurriola ikastolakoak. Hala ere, tarte bat hartu zuen Aurkene Mora zuzendariak galderak erantzuteko. Oraindik hunkituta, jasotako laguntza guztia eskertu du. Eta lanean aritutakoei eta festara bildutakoei eskerrak eman nahi dizkie.

Zer moduz joan zen dena igandean? Eguraldia behintzat alde izan zenuten.

Ikaragarria izan zen. Gure aurreikuspenak gainditu egin ziren. Dudarik gabe, eguraldiak lagundu zuen. Hunkigarria izan zen. Jendea gainezka, eta antolaketa zoragarri, nahiz eta akats txiki batzuk egon. Oro har zoriondu egin gaituzte, antolaketa zoragarria izan zelako. Denak ilusioz beterik, jendea lanean... nekatuta baina irribarrea galdu gabe. Eta gaur ere [atzo] ikusten duzu denek transmititzen duten ilusioa... Oso ondo joan da.

Ibilbidea ere txiki geratu zen.

Bai, egia esan, momentu batzuetan bai, batez ere Kursaaleko sarreran. Batzuek ibilbidetik kanpo joan behar izan zuten. Eta zenbait puntutan zabaldu behar izan genuen.

Momentu hunkigarriak ere izan ziren Txoria txori kantatzean.

Bai, eguerdian oso momentu hunkigarria izan zen, batez ere batzuentzat. Mikelen [Laboa] emaztea, Marisol, gurekin zegoen, eta emozioz beteta zegoen. Oso momentu polita izan zen. Mundu guztia kantatzen... zoragarria izan zen. Mikelek merezi du hori eta gehiago. Ibilbide guztian entzun zen, jendeak bazekien kantatu egin behar zuela, eta ondo erantzun zuen.

Aurreikuspenak gaindituta orduan.

Izugarrizko lana da, eta eskertu nahi diet lanean aritu direnei, bai urte osoan lanean aritu direnei, bai azken egunetan, baita egunean berean aritu direnei ere. Igandean ia 2.000 pertsona aritu ziren. Dena oso ondo lotuta zegoen, eta ondo joan zen. Holako festa bat egiteko, jendeak lagundu behar du, eta benetan txalogarria izan zen. Eta festara etorri ziren guztiei ere eskertu nahi diet.

Eta gaur [atzo] zer lan dituzue?

Gune guztiak eta bideak garbitzen ari gara, gelditu diren paperak-eta jasotzen. Guneetan barruko guztia kendu behar dugu. Jende asko ari da lanean. Dena berehala egin behar dugu materiala Nafarroa Oinezera helarazteko.

Ikasleek zer esaten dute?

Oso gustura daude. Bazekiten gaur garbiketa egin behar zutela. Inportantea da, eta erabat hezitzailea: kontua ez da bakarrik garbitzea, baizik eta ez zikintzea. Eta garbitzen duzunean ikusten duzu nolakoak garen zenbait momentutan. Igandean ere parte hartu zuten, lanean. Mailaka banatuta genuen lana, batzuek txartelak saldu behar zituzten, besteek musika jo... Ikasle ohiek ere parte hartu zuten, txandak eginez. Ilusio handiarekin egin zuten. Hunkituta. Ikasle batzuek galdetzen zuten noiz izango den hurrengoa.

Bildutako diruarekin zer egingo duzue?

Gure proiektua aurrera eraman. Horretarako beste eraikin bat behar dugu; horrekin bakarrik ez ditugu tapatuko sortuko diren zuloak, baina lagunduko digula zalantzarik ez.

Aurretik ere antolatu zenituzten Kilometroak, nola joan da aurtengo antolakuntza?

Aurretik antolatuta genuen arren, ahaztu egiten da. Eta lehen guraso zeudenak orain ez daude, nahiz eta horiek ere parte hartu duten. Baina buru-belarri aritu dira orain guraso direnak. Orain ere federaziotik laguntza daukagu; laguntza handia ematen dute.

Pasaia-Lezokoei zer gomendio eman dizkiezue?

Ilusio handiarekin daude; igandean esan genien orain erronka haiena dela. Baina ikusten zuten gure ilusioa eta gure momentuko poza, eta horrek berak indarra ematen du. Oso adoretsu ikusi nituen. Beldurra eta kezka daukate, baina lehenengo urratsak dira zailenak, gero martxan hastean bidea irekita ikusten duzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.