Haurrek herrian ikas dezaten, eraikin horren garrantzia azpimarratu zuen Lezoko alkate Haritz Salaberriak irekitze ekitaldian. Pasaiako alkate Maider Zigandak ere parte hartu zuen. Eusko Jaurlaritzaren izenean, berriz, Hezkuntza Saileko zuzendari Javier Nogales izan zen, eta Gipuzkoako Aldundiaren izenean, Markel Olano ahaldun nagusia. Hainbat alderdietako politikariak ere gerturatu ziren jaira.
Omenaldietarako tartea ere izan zen igandean, Oiartzualdeko ikastolen mugimenduko bultzatzaileak omendu zituzten antolatzaileek. Haien izenean hitz egin zuen Inazio Esnalek: «Orain arte asko lortu dugu, baina asko dugu egiteko oraindik».
Ekitaldiaren ostean, herritarrak izan ziren protagonista zirkuituan. Jaizkibelen begiradapean, paraje ederraz inguratutako sei kilometroko ibilbidea egiteko modua izan zuten Lezora bildutakoek.
Goizean goizetik hasi zen jendea iristen, baina jende bolada handiena eguerditik aurrera ailegatu zen herrira. Autoentzako aparkalekuek gainezka egin zuten, eta antolatzaileen gomendioei jarraituta, euskaltzale ugarik hautatu zituzten garraio publikoak; Euskotren eta Renfek jarritako tren bereziek jende ugari eraman zuten Lezoraino. Errenteriako geltokitik irten eta jarraian sartzen ziren bisitariak lehendabiziko gunera.
Bost gunetan banatu zuten Pasaia-Lezo lizeokoek ibilbidea. Goizean pailazoek bete zituzten agertoki ugari, eta haur eta guraso askok dantzatu eta kantatu zuten haien erritmora. Eguerdian, zelaiak bete zituzten euskaltzaleek ogitartekoekin, eta bazkarirako prestatutako bi jangelak ere gainezka izan ziren, txartel guztiak saldu zituzten. Eusko Labeleko postuan erre zuten txahala ere bukatu egin zen eguerdi alderako, eta hainbat gunetan janaria bukatu egin zen.
Mila bostehun boluntario
Arratsalde partean, berriz, musika nagusitu zen. Gaztetxoak bosgarren gunean elkartu ziren, lehenik Betagarriren kontzertua eta ondoren Esne Beltzaren doinuak entzutera. Anje Duhaldek ere ikusle ugari bildu zituen lehen guneko eszenatoki aurrean, haren abesti ezagunenak abestu zituzten denek batera. Gozategikoek hartu zioten lekukoa Anje Duhalderi, eta haiek ere ikusle guztiak dantzan jarri zituzten. Gose, Ze Esatek, Kupela... kontzertu ugari izan ziren aukeran.
Bisitari guztiek ondo pasatzeko,mila eta bostehun boluntario inguru aritu ziren egun guztian lanean, salmahaietan, ibilbidea eta komunak txukun edukitzeko lanetan...
Pasaia-Lezokoen lana amaitu da, eta orain Azpeitiko Ikasberri ikastolakoak hasiko dira lanean hurrengo urteko festa antolatzeko.
Agustin Migeltorena.Pasaia-Lezo lizeoko zuzendaria
«Auzolanerako jendeak erakutsi duen prestasuna handia izan da»
Ekaitz Agirre. DonostiaPozik dira Pasaia-Lezo Lizeoko ikasle, irakasle eta gurasoak. Eta pozik, noski, Kilometroak festaren inguruan lanean aritutako guztiak: jasotako laguntzagatik, batetik, eta igandean atzoko eguraldi traketsaren arrastorik izan ez zelako, bestetik. Boluntarioei eta festara bildutakoei eskerrak eman dizkie guztien izenean Agustin Migeltorenak, Pasaia-Lezo lizeoko zuzendariak.
Zer gogoeta egin duzue?
Oso pozik gaude; balorazio oso positiboa egin dugu zuzendaritzan. Jendetza bildu zen, jendetza handia. Eguerdian eta arratsalde hasieran trena hartzeko komeriak izan ziren, jende kopuru handiagatik, eta Portuan prestatu genuen aparkalekuak gainezka egin zuen. Haizea hasi zenean, 16:30ak aldera, hainbat gunetako egitaraua itxi genuen, baina gainerakoan giroa primerakoa izan zen.
Haizea aipatu duzu, baina eguraldiarekin, behintzat, kexatzeko arrazoirik ez duzue.
Iragarpenak ez ziren onegiak, baina azkenean euririk ez zuen egin -bi tanta baino ez, eguerdian-, eta arratsaldera arte haizerik ere ez zen izan. Gaurkoa [atzokoa] ikusi eta zorionekoak izan garela ez dut zalantzarik.
Aurreikuspenak bete al dituzue?
Oraindik behin-behineko balantzearekin ari gara, baina eraikin berria egin ahal izateko aurreikusi genuena bildu dugula uste dut.
Bildutako dirua zertan erabiliko duzue?
Matrikulazio hazkundea izan dugu, eta horri aurre egiteko azpiegitura indartu beharra dugu. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako eskaintzarik ez dago Lezon, eta 0 eta 6 urte bitarteko ikasleak Pasaiara joan behar izaten dira. Adin tarte horretakoek Lezon geratzeko aukera izan dezaten eraikina behar dugu. Igandeko laguntza ongietorria izango da.
Noizko egongo da prest eraikina?
Gure nahia 2011ko irailerako bukatuta egotea da, ikasturtea bertan hasteko. Baina akaso ez da posible izango, eta urrirako behintzat prest egotea nahi dugu.
Festaren leloan nabarmendu zenuten bostekoa jaso duzue herritarrengandik, ezta?
Oso pozik gaude auzolanerako jendeak erakutsi duen prestasunarekin. Esker oneko hitzak ditugu lagundu diguten guztiekiko. Jakin badakigu lezotar askori eragozpenak ekarri dizkiela, baina gurekiko azaldu duten jarrera oso ona izan da, baserritarren kasuan, batez ere.
Egitarau sorta zabala izan zen egun osoan. Aitzindariei egindako omenaldia izan al zen hunkigarriena?
Duela 50 urte lanean aritutako belaunaldia omendu nahi genuen, eta ekitaldi xume eta hunkigarria izan zen. Inazio Esnal ekarri genuen belaunaldi horren ordezkari. Gainerakoan, zaila egiten zait ekitaldi bat nabarmentzea, Lezora etorritako pertsona bakoitzak izango duelako beretzat berezia izan zen ekitaldiren bat. Esne Beltzakoen emanaldia ez nuen ikusi -haiek egin dute Kilometroak 2010eko kanta-, baina jakin dut oso giro ona izan zela.
Festaren biharamunean zein izaten da egitekoa?
Gure asmoa ikasleekin ibilbideko guneetatik pasa eta garbiketa lanak bukatzea zen, baina bertan behera utzi behar izan dugu eguraldiagatik. Haizea, euria... ezin izan dugu aurreikusitakoa egin. Dena dela, igandean bertan garbiketa zerbitzuek lan ona egin zuten, eta txukun dago guztia.
Zerikusirik ez zuen izan igandeko ibilbideak 1997koarekin.
Jende asko etorri zaigu hori esanaz. Orduko ibilbidea gogorragoa izan zen, Jaizkibelera eta Pasaia-Lezo ikastolara igotzen zelako.
Azpeitiko Ikasberrikoei eman diezue lekukoa. Zer esango zenieke?
Gu, behintzat, laguntzeko prest gaudela. Donostiako Zurriola ikastolakoek guri laguntzeko erakutsitako prestasuna dugu guk orain Ikasberrikoekin.