Bete-beteko ospakizuna izateko bidean zen Behobia-Donostiaren 46. ekitaldia. Euria eta haizea eginagatik, kolore guztietako kamiseta, zira eta plastiko jantzita abiatu ziren 17.437 lasterkari Behobiatik -izena 20.481 atletak eman zuten-. Suge erraldoi eta koloretsua osatu zuten 20 kilometroko ibilbidean, eta urtetik urtera lasterkariek prestaketari ematen dioten garrantziaren adierazgarri izan zen ia guztiak helmugaratu izana: 17.373.
Rafael Iglesias espainiarra izan zen irabazlea (1.01.11), eta, bide batez, Chema Martinezen bosgarren Behobia-Donostia eragotzi zuen. Iaz ere berak irabazi zuen.Bigarren helmugaratu zen Martinez, 50 segundora, eta haren atzetik, Gontzal Sanz gasteiztarra, lasterketa dotorea osatuta: 1.03.14. Emakumezkoetan, Maria Lopez de Tejada donostiarrak irabazi zuen (1.15.10). Pilar Fernandezek eta Meritxell Bonetek osatu zuten podiuma.
Erabateko festa izateko bidean zena horretan geratu zen, ordea. Heriotzaren beltzak ilundu zuen proba. Zurriola pasealekuan, Kursaaleko zubira iritsi aurretik, ondoezik sentitu zen Cesar Elordui 40 urteko sondikarra. Garibai kalean jarritako sorospen gunean egindako ahaleginak alferrik izan ziren. Han bertan hil zen.«Kolpe gogorra jaso dugu. Egiten dira prebentzioak, saiatzen garadena kontrolatzen, baina halakoak ezin dira aurreikusi», zioen atsekabetuta lasterketako zuzendari Iñigo Etxeberriak. Lasterketan azken 30 urteetanKintxo Urreizti boluntarioa eta Asier Torrente korrikalaria hil dira aurretik; azken hori 2002an.
Etiopiarren hutsa
Zapatiletan jarri beharreko txipa autoan ahaztu eta lasterketa 44 minutu beranduago hasi zuten Angel Olaran misiolariaren eskutik Euskal Herrian diren etiopiarrek. Lasterketako bitxikerietako bat izan zen, bitxia bezain etsigarria atletentzat. Azkenak irten arren, probako marka ondu zuten emakumeetan Kiros Gebreselassiek eta Gebre Enunek. Garaipenik ezin eman, lehenengo postuetan ez zirelako helmugaratu, bainaegindakoaren aitortza, bai.Akebom Tesfayk eta Gebre Gideyk eguneko laugarren eta bosgarren denborak egin zituzten, gizonezkoetan.
EZARIAN. Koloreetako suge handia
Euripean osatu dute 17.373 lasterkarik Behobia-Donostia. Ospakizun eta festa koloretsua behar zuena lasterkari bizkaitar baten heriotzak belztu du. Rafael Iglesias eta Maria Lopez de Tejadak irabazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu